euskaraz.net
Liburuak

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 66 2004/02 »  Liburuak

Irakurritakoak
***





Eulien bazka

Egilea: Hasier Etxeberria Argitaletxea: Susa

“Eulien bazka” Hasier Etxeberriak idatzitako detektibe nobela estiloko liburua da. Bertan, Damian izeneko gizon bat da pertsonaia nagusia eta bere ikuspuntutik kontatzen digu istorioa. Entomologoa da eta hilketa bat aztertzen ari da. Euliak gustukoak ditu eta etxean bilduma bat dauka. Damian oso ikerlari bitxia da eta, liburuan zehar, irakurleak bere pertsonaia ondo ezagutzeko aukera du. Oro har, pertsonaia guztiak oso sinesgarriak dira; beharbada Lupe eta Veronique ez daude nahikoa deskribatuta.

Detektibe nobeletan bezala, zer gertatzen den jakiteko irrikaz egongo zara, baina amaierara iritsi ahala gertaerak guztiz aldatzen dira, eta istorioa ez da hasieran pentsatzen zenuen bezalakoa. Ustekabean sinesgaitza zaizun ekintza bat aurkituko duzu, eta amaierak guztiz harrituta utziko zaitu.

Raquel

Egilea: Isabel-Clara Simó Argitaletxea: Elkarlanean

Oro har, liburua gustatu zait, ondo pasatu dut irakurtzen. Beste liburu batzuekin gertatzen zaidan bezala, izugarri kostatu zait hastea eta liburuaren ildoan sartzea. Arreta jartzen hasi nintzen Raquel pertsonaia gaztea, dudaz beteta, laguna balitz bezala tratatzen hasi nintzenean. Gero eta gehiago sartu nintzen bere larruan; bere lagunak, gurasoak, arazoak... ezagutuz eta batzuetan, berarekin batera, errealitatea bestelakoa dela amets egin dut.

Raquel oso bakarrik dagoela uste dut, eta liburua bukatu ondoren zapore mingotsa gelditu zait. Gurasoekin dituen harremanak, mutil-lagunarekiko ezberdintasunak, heriotzaren bisita... Baina aurrera egiten du. Bizitzan beti ere aurrera egin behar, etorkizuna gurea da eta.

Ez da inondik ere ekintza liburua. Irribarrea ere gutxitan azalarazi dit. Istorio hau patxadaz irakurtzeko eta barne kezka eta erantzunen bila bazabiltza da gomendagarria.

Ortzadarra sutan

Egilea: Fernando Morillo Argitaletxea: Elkar

Liburu honek kazetari batek gerran dituen sentimenduak eta gertatzen zaizkion gauzak kontatzen dizkigu.

Istorio honetako protagonistak, Nestorrek, bizitza arrunta du, baina azken boladan espero ez zituen egoera txar asko gertatzen zaizkio. Gainera, lanera iristean, guda dagoen lurralde batera joan behar duela esaten dio nagusiak, Tudzbestango gerrara.

Lurralde horretan lagun batzuk egiten ditu; aireportuan ezagutzen duen beste kazetari bat, Malher izenekoa, eta gazte tubzbestandar bat, Milo. Hau itzultzaile lanetan ariko da berarekin.

Nestorri, lurralde hartan egon zen bitartean, gauza txar asko gertatu zitzaizkion, baina baita onak ere. Esaterako, nagusia Nestor kazetari ona dela konturatuko da. Etxera heltzean, arazoak konpontzen dira, baina ez du inoiz ahaztuko izan zuen gidari eta laguna.






Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****