Edurne Pasaban
Duela hiru urte, Everest mendi gailurrera iritsi zen lehen emakume euskalduna izan zen. 2003ko maiatzean Lhotse mendira igo zen munduko zazpigarren emakume bihurtu zen. Gasherbrum mendiko gailurrera ere iritsi zen eta horrek zortzimilako gehien igo dituzten emakumeen artean jarri zuen: laugarren tokian, hain zuzen.
Joane Somarriba
Bizkaiko Sopelan jaioa, bost itzuli handi irabazi ditu bizikleta gainean: 1999 eta 2000ko Italiako Giroa, eta 2000, 2001 eta 2003ko Frantziako Tourra. 2003. urtean, Erlojuaren Aurkako Munduko Txapelketa irabazi zuen.
Josune Bereziartu
2002ko urriaren 29a zen Josune Bereziartu gipuzkoarrak munduko eskaladan marka garrantzitsua ezarri zuenean. Munduko emakumezkoen errekorra hautsi zuen Suitzan, 9. zailtasuna duen Bain du Sang bidea egin zuenean.
Ainhoa Arteta
Opera kantaria Tolosan jaio zen 1966an. Tolosako Eresoinka abesbatzako solista izan zen. Italiara joan zen musika ikasketak osatzera. Geroztik, opera askotan parte hartu du. Sopranoa da Arteta eta nazioar- teko ospea lortu du. Placido Domingo tenorearekin ere kantatu izan du bikotea osatuz.
Zenbait lehiaketa irabazi izan ditu, besteak beste, Parisko Opera-ahotsak deituriko nazioarteko lehiaketa eta New York-eko Nacional Council Audition izenekoa.
Itxaro Borda
Baionan jaio zen 1959ko martxoaren 29an. Haurtzaroa Nafarroa Behereko Oragarren
|
igaro zuen.
Nekazaritzan eta Historian lizentziatua. Lanbidez postaria: garai batean Parisen, gero Maulen, eta gaur egun Baionan.
Maiatz literatur aldizkariaren sortzailea izan zen Luzien Etxezaharretarekin batera, 1982an. Lehen liburua 1984an eman zuen argitara: “Bizitza nola badoan” (poesia).
2002an Euskadi Saria jaso zuen, “%100 basque” eleberriarekin.
Arantxa Urretabizkaia
“Maiz errepikatzen dut niretzat, idaztea, amets egitea bezalakoa dela. Gero amets horiek interpretatzeko aditu bat behar da eta ni ez naiz psikiatra. Ezta ornitologo ere. Sarritan erabiltzen dudan bigarren metafora honetan ni txoria naiz, txori burutsua, baina ez ornitologo. Jakin badakit gure artean badirela bietan trebe direnak, baina ni ez. Nik txori ameslaria izan nahi dut, ez beste”. Hauek dira 1947. urtean Donostian jaiotako idazle honen hitzak.
Maialen Lujanbio
Maialen Lujanbio bertsolaria hernaniarra da eta 1997an eta 2001ean Txapelketa Nagusiko finalista izan zen. 2003ko abenduaren 14an bertsozaleek berdindu ezinezko uneak bizi izan zituzten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean; Maialenek txapela jantzi zuen. Jakina denez, Andoni Egañak hiru aldiz jantzi du txapela. Duela lau urte, bertso txapelketen historian mugarria ipini zuen Hernanikoak, final baterako inoiz sailkatutako lehen emakumezkoa izan baitzen. Lau urteren ondoren, belodromoan bildutako guztien arnasa eta animoa jaso zuen Lujanbiok.
|