Agurtzane Aizpuru Aitor ikastolako ikasle ohia da. Musikologian aditua da eta gaur egun trikitilari elkarteko idazkaria da. Jaiotzez, Egia auzokoa da eta gaur egun Usurbilen bizi da. Gu berarekin aritu gara. Ikasle garaiei buruz eta musikari buruz hitz egin dugu.
Zenbat urte zenituen Juani andereñoarekin egon zinenean. Gogoan al duzu orduko gertakizunen bat?
Nik uste dut bigarren edo hirugarren mailan egon nintzela berarekin. Beraz, zazpi-
zortziren bat urte nituen. Urte pare bat gutxienez egin nuen Juanirekin.
Gertakizunen bat?
Bada, ez dut ezer berezirik gogoratzen.
Ikastolara etortzea gogoko al zenuen?
Ondo pasatzen genuela uste dut… Bai, bai, bai, benetan.
Ibilaldiren bat gogoratzen al duzu bereziki?
Ikastolako ibilaldiren bat… Zarautzera joan ginela uste dut, baina ez dakit norekin. Agian, Juanirekin izango zen. Zarauzko aterpean egon ginen. Getariako Sagura ere joan ginen eta primeran ibili ginen han.
Italiara joan zineten musika jotzera. Zein oroitzapen duzu? Pasta asko jan al zenuten?
Oroitzapen oso onak ditut. Bidaia oso polita izan zen eta esperientzia zoragarria, gainera. Ez dut uste askotan errepikatu denik horrelako zerbait ikastola batean: banda bat sortzea, hainbat jende biltzea… Trintxerpeko jendea etorri zen. Gaur egun ere umore bandako kide dira. Beraz, oso oroitzapen politak.
Zein musika tresna jotzen duzu?
Klarinetea
Zein ikasketa egin dituzu?
Irakasle ikasketak egin ditut Bilbon hiru urtez Musika Hezkuntza Sailean eta gero, handik, Bartzelonara joan nintzen. Bi urte eta erdiz bertan bizi izan nintzen, musikologia egiten.
Norbaitek esan digu Bartzelonan ari zarela lanean. Faltan sumatzen al dituzu zure herria eta zure familia?
Ez, ez, ez. Bartzelonan egin nituen urte haietan oso ondo moldatu nintzen eta ez nuen ezeren falta sumatu. Orain Zarautzen ari naiz lanean eta pozik segitzen dut.
Zer da musikologia?
|
Musikologian guk jaso genituen ikasketak, batez ere, musikaren historiari buruzkoak izan ziren, nahiz eta gure ustez hori baino esparru zabalagoa hartzen duen. Guri musikaren historia irakatsi ziguten. Baina, tira, beste hainbat gai ere baziren: informatika, kudeaketa eta abar. Musikologian atal asko sartzen dira.
Zein lan egiten duzu gaur egun?
Trikitilari elkartean ari naiz liberatu gisa lanean, eta hor pixka bat denetarik egin behar izaten dugu: jaialdiak antolatu, liburu batzuk atera… Webgune bat ere badugu eta hainbat zerbitzu eskaintzen ditugu. Gure lana trikitixaren inguruan mugitzen da.
Zure lana dela eta, bidaiatzen al duzu?
Ez asko, ez zait tokatzen, baina, noizbehinka, apuntatzen naiz trikitilari batzuen bidaietara.
Gogoratzen al duzu zure lehen laneguna?
Bai, bai, bai. Ezin da ahaztu. Lehen egunean, orduantxe, lortu genuen lokala, Zarauzko Udalak emanda. Mikel Markez da elkarteko beste liberatua, eta Azkoitiara joatea eta hango materiala Zarautzera eramatea izan zen biok egin genuen lehenengo lana.
Beste lan bat aukeratu beharko bazenu, zer aukeratuko zenuke?
Momentu honetan ez nuke beste lanik aukeratuko. Gustura nago egiten ari naizenarekin.
Zein da gehien gustatzen zaizun musika eta nor abeslari gustukoena?
Ezin izango nuke bat aukeratu, ezin, musikari asko gustatzen zaizkit-eta.
Kristalezko bola batek zerbait konta ahal baleza, zer jakin nahi zenuke?
Zer jakin nahi nukeen?
Ezer ez, ez dut uste kristalezko bola baten beharra dudanik
Bihar goizean esnatzean, gaitasun edo trebetasun bat eduki zenezake. Nolakoa eduki nahi zenuke?
Ez dut nahi. Ondo moldatzen naiz dauzkadanekin eta ez dut sentitzen trebetasun gehiagoren beharrik.
Zure ustez, zein sexutako pertsonek daukate bizimodu errazagoa?
Ez dut uste bizimodu errazagoarena sexu kontua denik. Sexu bateko zein besteko jendea egon daiteke bizimodu onean edo txarrean, baina ez sexuak baldintzatuta.
|