Erreportaje honen bidez, ikasleak, irakasleak, gurasoak, eta abar animatu nahi genituzke Irungo “Munduko tximeletak” erakusketa bisitatzera. Manuel Agirresarobe Huegunek hainbat eta hainbat urtetan izan duen zaletasunari eta eginiko lanari esker, Espainiako tximeleta mota guztiak eta munduko beste mordo bat ikusgai ditugu.
Irakaskuntzan, Lehen zein Bigarren Hezkuntzan jorratzen da metamorfosiaren gaia. Arlo honetan, adibiderik erabiliena tximeletarena izan ohi da.
Gai hau aztertzen ari ginela jakin genuen Donostiatik gertu dugula aipaturiko erakusketa. Bitan pentsatu gabe, harremanetan ipini, Eusko Tren hartu eta Irunera hurbildu ginen. Udaletxe ondoan, Larretxipi kaleko 5. zenbakiko behe solairuan, dago ikusgai Manuel Agirresaroberen lan ikusgarria.
Eskuzabal eta jator hartu gintuen Manuelek. Berak eginiko bideo dokumental polit eta deigarriaren bidez azaltzen du tximeletek dituzten lau bizi zikloak (arrautza, beldarra, krisalida eta tximeleta) eta bertan prozesua erabat laburturik eta argiturik gelditzen da ordu laurdentxo batetan.
Bi gela, ez oso handi, daude ikusgai. Lehenean, Euskal Herriko eta Espainiako tximeleta mota guztiak daude, ondo baino hobeto sailkatuta.
|
Txukun eta jakin beharreko guztia eta gehiago begi bistan dago eta Manuel bertan izaten da zalantzak argitzeko beti prest. Tximeleta hauek guztiak, berak pertsonalki jasotakoak dira.
Bigarren gelan munduko beste hainbat txokotako tximeleten edertasuna eta koloreak miresteko aukera dago. Hego Ameriketakoak, Afrikakoak, Indonesiakoak,… Batzuk berak bildutakoak diren arren, beste hainbat kideren laguntzarekin bildutakoak dira asko. Bada ere tartean espezie bitxi eta arrarorik; 1991an Perun, Andeetan, harrapatutakoa eta 600 euro kostatakoa tarteko, Morpho Elena espeziea, alegia. Gela honetan, hezetasuna kontrolatua dago eta argazki kameren flashak debekaturik daude, kalte egiten baitiete tximeletei.
Astelehenetik Larunbatera, 9.00etatik 13.00etara eta arratsaldeko 16.00etatik 20.00etara dago zabalik erakusketa. Erreserbak egiteko 943 620 993 edo 943 626 647 deitu behar da.
Agurtzeko talde argazki bat egin genuen eta gustura ibili ginenez, erreportaje honetan erakutsi nahi genuen. Gainera, beste ikastetxeetakoak animatu nahi ditugu. Udaberrian gaude, ikasturteari agurra, txangoak,… eta hemen aukera bat. Eguna borobiltzeko, gu Txingudiko Parkera hurbildu ginen. Egun bikaina.
|