euskaraz.net
Bertsoak

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 68 2004/05 »  Bertsoak



Bertsoak

****

Peñagarikano



Gaia: Euskal Herrian euskaraz
Neurria: zortziko handia
Doinua: Santa Barbara zure bizitza I
Beti euskaldun sentitzen gara
bai egunez ta bai gabaz
ta zeintzuk geran geuk azaltzeko
gu ez ote gera kapaz?
Sarri askotan nago amorruz
sarri askotan algaraz
baina egungo lema bakarra:
Euskal Herrian euskaraz
nahiz batzuk egin erdaraz.


Eta sarritan ni triste antza
nago begira jarririk
ez dagoelako nire bihotza
poztuko duen berririk.
Beti euskeraz behar genuke
ez dago beste neurririk.
Nik ez nuke nahi bere hizkuntzan
mintzatzen ez den herririk. (bis)
Euskal Herrian sortu ginen gu
bertan hazi eta hezi
eta inolaz ez det joan nahi
neure herritik ihesi.
Denek ez dute hemen egiten
denek ez dute ikasi
eta egiten ez dunak ez du
euskaldun izenik mezi. (bis)




Paia eta Mendizabal



Gaia: Bi lagun zarete. Bizitza modu ezberdinean eratu duzue, baina biak zaudete gustura. Zu, Fredi, zure bikotekidearekin bizi zara. Mikel, berriz, bakarrik. Hiruna bertso, zortziko handian, Fredi hasita.
Neurria: 8ko handia
Doinua: Haize hegoak hurbiltzen ditu


F. Paia:
Fabrika baten behar eginez
pasatu ohi dut eguna,
gogorra baita makina artean
langilearen jarduna;
amaitu eta kokoteraino
etxera bidai txukuna...
Zein ederra den gauez heltzean
maitean berotasuna! (bis)
Mendizabal:
Zuk diozunez aurkitzen zara
norbaiten maitasunean,
baina nik ere bilatu ohi det
tokatzen zaidan unean.
Zertan ibili konbibentziak
duen estuasunean?
Bakardadea lagun ona da
desiatzen dezunean. (bis)


F. Paia:
Ez zait gustatu niri sekula
ermitainoen konduta:
etxe haundi ta hotzen barruan
neurria ezin hartuta.
Gauez ederra ohe barruan
maitearekin burruka...
Oraindik zuk lo eiten al duzu
pelutxea oratuta? (bis)
Mendizabal:
Nahi dan garaian oheratuta
goiza pozez argitzea,
nik gauza horri estaen diot
zoriontsu bizitzea;
eta zuk dezun zoritxar hori
nahiko nuke aipatzea:
aldamenean beti norbait ta
bakarrikan sentitzea. (bis)


F. Paia:
Bakarrik bizi ta bakarrik lo,
ene jaunak, hau da nazka!
Zeozer egin behar dugu Mikel,
Nabil buruari hazka.
Ideia on bat daukat zuretzat
okurritu berri, zazta!:
Mikel, aurkeztu behar dizut nik
nire maitearen ahizpa. (bis)
Mendizabal:
Eskerrik asko, estimatzen det
daukazun borondatea;
bide hortatik ez nijoala
Fredi ohartu zaitea.
Ez zait gustatzen gauero inori
nere kontu ematea
eta gainera ez dut desio
zure koinadu izatea. (bis)


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****