euskaraz.net
Koldo Mitxelena Saria

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 69 2004/06 »  Koldo Mitxelena Saria

Erreportajea

***

Donostiako XV. Eskolarteko Literatur Lehiaketa-ren

sariak ekainaren 19an banatuko dira

“Donostiako XV. Eskolarteko Literatur Lehiaketa. Koldo Mitxelena Saria”-ren sari-emate ekitaldia datorren ekainaren 19an, larunbatez, egingo da Kursaaleko Auditorioan, 12.30ean. Sariak ohi baino beranduago banatuko dira aurten, sari-banatze ekitaldia Kursaaleko kubo handian egitea erabaki baitu Euskararen Udal Patronatuak.




Ekitaldira parte hartzaile guztiak gonbidatuta daude. Aurten, 27 ikastetxetako 1.396 ikaslek parte hartu dute eta 1.559 lan aurkeztu dira, guztira. Orain arte izandako parte hartze handiena da aurtengoa. Lehiaketaren hamabost urte hauetan, 10.000 ikaslek baino gehiagok 11.000 lanetik gora aurkeztu dituzte lehiaketaren modalitateetan, eta oso kalitate oneko lanak ezagutarazi dira. Guztira, 26 sari banatuko dira eta horien artetik 12 irabazle nagusi hautatuko dira. Horrez gain, 64 gaztetxoren lanek epaimahaiaren aipamen berezia jaso dute.

Komikia nagusi

Lehiaketa bost ataletan banatuta dago: olerkia, ipuina, bertsoa, komikia eta gutuna. Atal bakoitzean aurkeztutako lan kopuruari so eginez gero, komikiak erabateko arrakasta du: guztira, 718 lan aurkeztu dira aurten.
Ipuinak ere harrera ona izan du, 572 ipuin izan baitira lehian. Txanponaren beste aldea bertsogintza dugu: 34 lan besterik ez.

Adin taldeari dagokionez ere, nabarmentzekoa da B eta C kategorietan izan den partehartzea; hots, 8 urtetik 12 urte bitartekoek aurkeztu dituzte lan gehien.

Euskara sustatzeko tresna

“Donostiako Eskolarteko Literatur Lehiaketa. Koldo Mitxelena Saria” Euskararen Udal Patronatuak Donostiako ikastetxeetako ikasleei zuzenduta antolatzen duen literatur lehiaketa da eta 1989an egin zen lehen edizioa. Sari honek haur eta gazteengan euskararen erabilera eta ezagutza bultzatzea eta, era berean, literatur sormena, idazketa eta irakurketa txikitatik lantzea ditu helburu, A, B eta D ereduetan Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza Batxilergo eta Lanbide Heziketan ikasten ari direnen artean.



Sari erakargarriak

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak, urtero bezala, eskuhartzea saritu nahi duenez, parte hartzaile guztiei opari bana emango die. Aipamen berezia lortu dutenek, bestalde, berebiziko oparia jasoko dute. Hala eta guztiz ere, sari erakargarrienak irabazleek eskuratuko dituzte: diskmanak, MP3 eramangarriak, argazki eta bideo kamera digitalak eta ordenagailu eramangarriak. Azkenik, aurtengo edizioan parte hartu duten ikastetxeetako batek ordenagailu eramangarria jasoko du; irabazlea zozketaz erabaki da.