euskaraz.net
Tximeletak

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 69 2004/06 »  Tximeletak



Ekologia

***

Udaberriko tximeletak bereziak dira benetan. Ez dira intsektu arruntak, bereziak dira, edertasuna adierazten dute guztiontzat. Izkin eta Urbasan daude tximeleta espezie gehien.


Tximeletak lepidopteroen taldean daude sailkatuta. Lepidoptero hitza grekeratik dator, lepido (ezkata) eta pteron (hegoak). Izen hau edukitzeko arrazoia tximeleten hegoak dira, milaka ezkataz estaliak baitaude. Nahiz eta gaur egungo tximeleten sailkapena nahiko konplexua izan, betidanik bi taldetan banatu ohi izan dira: egunez hegan egiten dutenak eta gauekoak. Gaur egun ezagutzen diren 170.000 espezieetatik soilik 14.000k egiten dute hegan egunez.

Euskal Herrian bizi den tximeletarik ederrenetarikoa Tximeleta Isabelinoa (Graellsia isabelae) da. Bere hego berde ia garden deigarriekin hegan egiten du udaberriko hilabeteetan Nafarroako Pirinioetan.

Txoriek, saguzarrek, armiarmek... ehizatzen dituzte tximeletak eta nahiz eta hainbeste etsai eduki 200 milioi urte baino gehiago iraun dute bizirik.



Defendatzeko teknika ugari

Arrautzak jartzerako orduan leku ezkutuak bilatzen dituzte. Zenbait espeziek kolore deigarriak dituzte, zapore txarra eta pozoina dutela adierazteko.



Beste batzuen hegoek begi modukoak dituzte marraztuak, etsaiak beldurtzeko. Ezkutatzeko daukaten ahalmena ere askotan erabiltzen dute, eta beldarrak ezkutatzeko ere era desberdinak dituzte.

Defendatzeko erarik arraroenetarikoa Catocala gaueko tximeletek dute: saguzarraren ultrasoinu uhinak detekta ditzakete eta horrela haien erasoa saihets dezakete.



Tximeleten 3 faseak

Beldarra denean jan eta hazi besterik ez du egiten. Krisalida bihurtzean geldi-geldi egoten da hazten, eta azkenik, heldua denean, ugalketa da bere helburu bakarra.

Basoan daude tximeleta gehien. Euskal Herrian, hain zuzen ere, oparotasun handieneko eskualdeak Izki eta Urbasa dira. Bertan 100 tximeleta espezie inguru daude.

Tximeletek lekuz aldatzeko hegan egin ohi dute. Esfinge antza duten tximeleta batzuek, hau da, luzeak eta meheak direnak, 60 kilometro orduko abiadura har dezakete. Tximeleta batzuk migratzaileak dira eta hegaldi oso luzeak egin behar izaten dituzte.

Maria Gordo