euskaraz.net
Ekologia

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 69 2004/06 »  Ekologia

Ekologia

**

Hartza, urtetik urtera, urriago



Piriniotako hartzaren biziraupena kolokan dago. Gurekin hainbat urte eman ondoren, desagertu egin daiteke. Hala ere, adituen ustetan, salbatzeko ahalegina egin dezakegu.

Hartza negu osoan lo egoten da. Udaberria iritsitakoan esnatzen da. Esnatze hori ez da txantxetakoa, beti gosez esnatzen baita.

Hartzak, hain zuzen ere, inauteri garaian esnatzen dira, elurte gogorrenak, ustez, bukatuta daudelakoan. Arrazoi honegatik, herri batzuetan, inauteri tradizionaletan hartzari egiten diote erreferentzia. Gizakiarentzat hartzak izan duen garrantzia nabarmena da, eta herri askotako
armarrietan eta beste hainbat ikurretan agertzen da. Zer adierazi nahiko ote dute honekin? Lilura ala ikara?

Hartzak, askotan, gizakia liluratuta utzi du, bi hankatan jartzeko duen ahalmenagatik. Askoren ustetan, hori ingurua zelatatzeko egiten du. Jakina, lau hankatan ibiltzen da, baina aztarnak ikusita, bi hankatan ibiltzen dela dirudi, atzeko atzaparra aurrekoaren oinatzaren gainean jartzen baitu.

Hartza animalia orojalea da, okela jateaz gain, landareak ere jaten baititu.

Hartza Euskal Herrian galzorian dago, soilik hartz bakarra gelditzen baita.

Leire Martín


Kutsadura berria

Lurretik zentimetro batzuetara joaten diren tren azkarrak, behar eta uste baino zaratatsuagoak dira. Dirudienez, kutsadura akustiko handiegia eragiten dute, eta arrakasta lortu nahi badute, zarata maila jaistea lortu beharko dute. Tren horiek, eremu magnetikoa dela eta, 500 kilometro orduko abiadura har dezakete. Oraindik prototipo fasean daude gehienak, Txinan bakarren bat martxan dagoen arren.


Ura, urre urdina

Asko hitz egiten da uraz, baina argi dago geroz eta urriago dagoen altxorra dela. Planetaren azaleraren %75 urez hartua dagoen arren, horren %2’5 besterik ez da edangarria.

Egiten den kudeaketa ere ez da ona. Hiru arrazoi nagusi daude: munduan gero eta biztanle gehiago dago, jendeak ur gehiago kontsumitzen du eta edangarria izan zitekeen ura geroz eta kutsatuagoa dago. Gauzak horrela jarraituz gero, laster populazioaren % 66ak behar baino ur gutxiago izango du.

Denona izan arren, gaizki banaturiko ondasuna da. Horregatik, guztion parte hartzea beharrezkoa da eta konponbidea zaila denez, denok egin dezakegu ekarpenen bat: etxeko lanak egiterakoan, ura behar ez bada, iturria ixtea; garbigailua soilik beterik dagoenean jartzea; komunetik txiklerik, paperik edo plastikorik ez botatze...