euskaraz.net
Entzundakoak

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 69 2004/06 »  Entzundakoak



Entzundakoak

***



Sean Paul

Dutty rock

Sean Paul musikari jamaikarraren bigarren diskoa dugu hau. Bertan reggae eta hip-hop estiloak erabili eta nahastu ditu, disko bikaina lortuz.

Beyoncék, Cecilek eta beste hainbat abeslari ospetsuk parte hartu dute disko honetan. Oraingoan hogei kanta bildu ditu, zein baino zein hobea, eta nazioartean ospea finkatzea lortu du.

Musika munduan DJ gisa eman zituen lehen urratsak eta horrek eragin handia du bere diskoetan. 1996. urtean “Baby girl” diskoa atera zuen eta handik aurrera etengabe lan egin du. Kantarik ezagunenak “Deport Tem” eta “Strategy” dira. Beranduago, 1998an, etorri ziren “Work With It”, “Hot Gal Today”, “Woman Yuh Hot”, “Report To Me” eta “Faded”. 1999an mundu osoan zabalduta zegoen bere musika: Europa, Ameriketako Estatu Batuak, Japon… 2000. urtean “Stage one” izeneko diskoa kaleratu zuen. Honekin izugarrizko arrakasta lortu zuen eta sari mordoa irabazi zuen.

Kaotiko

Rasca y pierde

Punk-rock-a lantzen du musika talde honek, eta 2000. urtean sortu zen, Kaos Etílico taldea banatzearen ondorioz. Hasieran, Aguayo eta Aguyiko anaiek gitarren ardura zuten eta baxuan Fonta zegoen. Beranduago, Xabi bateria jotzailea eta Jon abeslaria sartu ziren. Lehen urtean bertan diskoa kaleratu zuten: “Mundo kaótiko”. Bigarren honek, "Rasca y pierde" izenekoak, hamahiru abesti ditu eta ezagunenak "Rico deprimido", "La culpa de todo la tienes tú" eta "Preso 2023" dira. “La Polla” taldeko liderrak, Evaristok, lagundu die disko honetan ere, kanta batzuk eginez eta beste batzuk moldatuz. Disko hau Oihuka diskoetxeak ekoitzi du. Musikaz gain, gaiak gizartearekin lotuta egotea zaintzen dute. Horregatik, adibidez, zenbait taldek jasaten duten zentsura salatu dute. Diskoan ere Die Walter Elf musika talde alemaniarraren “Visto lo visto” kantaren bertsioa aipagarria da.

Rosser

Fuego

Iaz Rosser kantariak lehen diskoa atera zuen, "No vuelves" izenekoa, eta izugarrizko arrakasta lortu zuen. Orain, maiatzaren 25ean, bigarren diskoa atera du. Azken lan honen izenburua "Fuego" da. Irratian aurkeztua izan da eta harrera oso ona izan omen du. Oso interesgarria eta erritmo handikoa da. Aurreko estiloa mantendu du, hau da, pop-rock-a.

Rosser 1974an jaio zen Bartzelonan. Gaztetan modelo bezala lan egin zuen eta ezaguna egin zen "Pop Star" telebistako lehiaketan parte hartu zuelako. Harrez geroztik, diskoez gain, Bartzelona Futbol taldearen ereserkia kantatu du eta “Hartza anaia” Walt Disney-ren filmeko musika bandan parte hartu du.


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****