|
*
Gure auzoko baserri zaharrak oraindik bizirik
Añorga aldean, oraindik ere zutik ditugu zenbait baserri. Amassorrain Ikastolako 3. eta 4. mailako ikasleok zaharrenetako bi, Manttalin eta Bidarte, bisitatu ditugu.
|
Amparo Larzabal, Bidarte baserrikoa
“Ez dakigu baserriaren izena nondik datorren”
Noiz egin zen baserri hau?
Orain dela 200 urte.
Izena nondik dator?
Ez dakigu nondik datorren izen hau. Agian bide asko zeudelako inguruan.
Zein familia bizi izan da hemen?
Eizagirretarrak. Familiako hamar bat senide gutxi gorabehera.
Ba al duzue animaliarik?
Esne behiak bakarrik, 90 bat.
Ba al duzue baratzik edo zuhaitzik?
Baratza badugu, etxerako adina, baina saltzeko ez. Sagarrondoak ere baditugu, etxerako sagardoa egiteko eta baita saltzeko ere.
Nola mugitzen zineten batetik bestera ume garaian?
Oinez eta astoaren laguntzarekin.
Nolako bizimodua zenuten?
Ona, lan asko eginez, baina pozik bizi ginen.
Kontatuko al diguzue gertaeraren bat?
Hemengo aitonak beste baserrietan laguntzen zuen albaitari bezala: txerriak hiltzen, gaizki zetozen zekorrak jaioarazten... Berak izango zituen kontatzeko gertaera xelebreak, baina guk ez.
|
Eugeni Lizarazu, Manttalin baserrikoa
“Hemen bizimodu gogorra izan dugu”
Noiz egin zen baserria hau?
Duela 200 urte baino gehiago.
Izena nondik dator?
Aspaldian emakume dotore bat bizi zen hemen eta beti mantila handi batekin ibiltzen zen. Horregatik dauka izen hori. Orain dela ehun urte aitonak izena aldatu nahi zion; Otarte (ote asko zegoelako inguruan), baina inork ez zuen izen horrekin ezagutzen eta berriro Mantallin jarri zioten.
Zein familia bizi izan da?
Lehenengo Ibaetatik aitona eta amona lau umerekin etorri ziren. Orain bi bakarrik bizi gara.
Ba al duzue animaliarik?
Bai, 16 behi, txekorrak eta oiloak.
Ba al duzue baratzik edo zuhaitzik?
Bai, baratza etxe ondoan dugu. Lehen baratz handiak genituen eta barazkiak saltzen genituen. Sagastiak ere baditugu.
Nola mugitzen zineten?
Astoarekin joaten ginen Antiguako plazaraino.
Zein bizimodu zenuten?
Ahal zuenak, ahal zuena egiten zuen. Emakumeak plazara joaten ginen esnearekin eta barazkiekin. Gizonak baserrian egoten ziren. Eskolatik etorrita txotxak bildu, egurra moztu, baratza landu... beti lanean.
Kontatuko al diguzue gertaeraren bat?
Hemen bizimodu gogorra izan dugu. Ez naiz gertaera bereziez gogoratzen.
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak: Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****
|