euskaraz.net
Txirri, Mirri eta Txiribiton

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 70 2004/10 »  Txirri, Mirri eta Txiribiton

Elkarrizketa

* *

“1972an hasi ginen pailazo lanetan”

Nork ez ditu ezagutzen Txirri, Mirri eta Txilibiton? Askotan ikusi ditugu telebistan. Oraingoan, beraiei buruz zertxobait gehiago jakiteko aukera duzue.



Noiz hasi zineten pailazo lanetan?

Txirri: Lehenengo egunean

Eta zein zen lehen egun hori?

Txirri: Zuentzat historiaurrea da hori. Ez beno, gu ez gara hain horterak pailazo sortu ginela esateko, ez. Datu zientifikoa emateko, 1972an hasi ginen.

Mirri: Alegia, duela 32 urte, martxoan konkretuki. Kresala elkartean.

Eguneroko bizitzan pailazokeriak egitea gustuko al duzue?

Mirri: Ez, ni oso gizon serioa naiz eta ez dut inongo pailazokeriarik egiten, behin ere ez!!

Txirri: Hori gezurra da! Benetako serioa ni naiz. Hauek ganberro hutsak dira, beraiek pailazokeria galantak egiten dituzte!

Zuen pertsonaiek izaera ezberdinak dituzte, noizbait sentitzen al zarete beraiekin identifikatuak?

Mirri: Hori da dugun arazorik handiena. Esate baterako, Txiribiton Mirrirekin sentitzen da identifikatuen, Mirri Txirrirekin, eta Txirri Txiribitonekin. Elkarrekin borrokan ibiltzen gara nortasuna lapurtu nahian, eta ez dugu lortzen.

Txirri: Ez dugu lortzen eta zaila da lortzea. Esate baterako, ni Txiribitonekin identifikatua sentitzen naizenez, berak asko jaten du eta nik apenas jaten dut, eta edan gutxiago! Eta Txiribitonek Mirri izan nahi horretan ba, ez du posible. Izan ere, Mirrik metro eta erdi eskas neurtzen du eta Txiribitonen burua soilik Mirri bera baino handiago dela esan genezake.

Mirri: Baina, benetan nahi duena nire edertasuna da, eta hori lortzea ezinezkoa da.

Noiz hasi zineten telebistarako grabatzen?

Mirri: UUUUUUUUUUUUUUUU!!!!!!

Txirri: Hau ez da historiaurrea, hau historiaren lehenengo urratsa da. 1984an hasi ginen grabatzen, baina lehenengo emanaldia ETB sortu zenean eman zuten, 1985ean.

Mirri: Lehenago beste programa batzuk grabatu genituen Televisión Españolarako.

Baina, euskaraz?

Mirri: Bai, bai, guk beti euskaraz egin dugu!

Umeak gogoko dituzue? Ezagutzen al zaituztete kalean zoaztenean?

Mirri: Ez! Orain asmatu zein galderari esan diodan ezetz!
Bigarrenari!

Mirri: Aaaaaaaaaaaaaaaaa!

Lehenengoari?

Mirri: Aaaaaaaaaaaaaaaaa, hor dago koska!!

Txirri: Adibidez, Txiribitonek oso gogoko ditu haurrak! Jan egingo lituzke! Eta Peterrek eta biok gogoko ditugu haurrak, noski gogoko ditugula, eta oso gainera!

Txiribiton: Kalean batez ere gurasoek ezagutzen gaituzte!

Mirri: Eta haurrek ez dute sinesten. Noski, ileorderik gabe, jantzirik gabe...

Txirri: Gainera, gertatzen da, gazteagoak ginenean, ba antzekoagoak ginela geure pertsonaiekin. Orain, askoz ere zahartuagoak gaudenez, makiladoreen lanak desberdinago egiten gaitu. Errealitatetik fikziora aldea dago.

Mirri: Makilatzaileen lana errestaurazio lana izaten da.

Txirri: Hala deitzen diete, bai. Zimurretan eskaiola jarri behar izaten dute, Txemaren azal horietan (paparrean) esparatrapua jarri behar izaten dute...

Mirri: Efektu berezi asko.

Txirri: Lehen toailatxo bat jartzen ziguten lepoan, orain berriz aldamio bat!

Hiruen artean konposatzen dituzue abestiak?

Txirri: Ez, abesti gehienak Peterrek egiten ditu. Gehienak esan dut denak ez esateagatik! Beethoventxo da!

Anekdotaren bat ba al duzue kontatzeko?

Mirri: Ba, adibidez, Txiribitoni gauzak ahazten zaizkiola. Zenbat aldiz atera zara sudur gorria, bere lekuan jantzi ordez, kopetan utzita?

Txirri: Eta Txiribitonez ari garenez, badakizue mutua dela, nahiz eta Txema isiltzen ez den horietakoa den. Kontakatilu etengabea, berritsua. Ba, telebistan tentsio handiko egun batean, gauzak ez ziren behar bezala ateratzen... egun horretarako esketxa zera zen: Mirri eta Txiribitonek alfonbra bat zuten eta batek iltzatu egin zuen, besteak har ez zezan. Egun horretan galtza estuegiak jarri zizkioten Txiribitoni. Hortaz, alfonbra hartzera makurtu zenean prrrraaaaaaaast! Galtzak hautsi zitzaizkion justu Mirrik “Txiribiton, ondo al hago?” galdetzen zionean, eta berak mok-mokarekin erantzun beharrean “EZ” oihukatu zion. Eta platoko jende guztia “Miraria! Miraria! Mutuak hitz egin du!!” esaten hasi zen.


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****