euskaraz.net
Zabor janaria

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 70 2004/10 »  Zabor janaria

Erreportajea

* * *

Zabor-janaria

Aurtengo Donostiako Zinemaldian Morgan Spurlockek zabor-janariari buruz eginiko pelikula eskaini zuten. Polemika handia sortu du. Hona hemen gaiari buruzko informazioa.

Aurten Donostiako Zinemaldian estreinatu diren filmen artean, Zabaltegi sailean, pelikula-dokumental ikusgarria ikusteko aukera izan dugu: “Super Size Me” izenekoa. Morgan Spurlock da pelikulako zuzendari eta aktore nagusia, eta baita esperimentuaren protagonista. Esperimentua diogu, osasuna jokoan jarriz, janari-azkarraren arriskua frogatu nahi izan duelako. Lortu ere lortu du. Filma une honetan gure zinemetan dago ikusgai.




Filma zinemetan dugu ikusgai



Dokumental harrigarri honen helburua, Ameriketako Estatu Batuetan eta mundu osoan, zabor-janariak duen eragin kaltegarria jendartean ezagutaraztea da. Munduko zabor-janari fabrika nagusiek —McDonalds, Pizza Hup, eta abarrek— eskaintzen duten janaria, guztiz kaltegarria dela erakustea eta salatzea du helburu. Horretarako, hilabetez, McDonalds batean, eguneko hiru otorduak: gosaria, bazkaria eta afaria egin zituen Morgan Spurlockek.

Protagonistak esperimentuaren aurretik zenbait azterketa mediku egin zituen, eta hiru sendagilek osasuntsu zegoela ziurtatu zuten, Morgan primeran zegoen. Beraz, prest zegoen hilabetez McDonaldsen jateko. Horretarako, baldintza hauek ezarri zizkion bere buruari: egunean hiru aldiz jatea; McDonaldseko produktuak soilik jatea; bertako produktu guztiak probatzea, behin gutxienez; kirolik ez egitea eta “Super size” eskaintzen zutenean, horixe jatea.
McDonalds-en produktuen tamainaren arabera, lau eskaintza daude: txikia, ertaina, handia eta Super Size. Super Size delakoa tranpa modukoa da, bezeroa hori erostera bultzatzeko. Sos gutxi batzuk gehiago ordainduta, beste tamainako produktuen bi edo hiru halako eros baitaitezke. Gainera, patatak eta edaria bikoizten dituzte Super Size erosita. Izugarrizko mauka! Eta denok, oso azkarrak garenez, amua irensten dugu, sarean eroriz. Honelako eskaintzekin eta AEBetan gero eta lodikote gehiago dagoelako kezkatuta, Morganek esperimentuari ekin zion.

Morganek lehenengo Super Size jan zuenean oka egin zuen, eta egunak pasatu ahala, gorputza ahultzen, baldartzen eta gogortzen ari zitzaiola konturatu zen. Hau gutxi balitz, izaeran ere aldaketak antzeman zituen: ezer egiteko gogorik ez; gorputza alfertuta nabari zuen; etxeko eskailerak igotzen nekatu egiten zen, ordu arte gertatu ez zitzaiona, eta sexu grina gutxitu egin zitzaion. Gainera, medikuek analisiak okerrera egin zutela esan zioten.


Gaztetxoek helduen gaitzak garatzen dituzte

Esperimentua uztekotan egon zen, bere osasuna arrisku bizian baitzegoen; baina, aurrera jarraitu zuen eta esperimentua bukatzea lortu zuen. 15 kilo inguru gizendu zen hilabetean, kolesterola modu beldurgarrian igo zitzaion eta gibela alkoholiko batenaren pare omen zuen.

Ondorioek argi adierazten dute, zer gerta dakigukeen era honetan elikatuz gero.

Natalia Antunes, Unai Alberdi eta Garikoitz Gorrotxategi

Hainbat datu

McDonaldsek egunean 46 milioi bezero ditu.
AEBetan 100 metrotik 100 metrora McDonalds bat dago.


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****