euskaraz.net
Politika eta gu

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 74 2005/05 »  Politika eta gu

Iritzi-miritziak

* **

Politika eta gu, ikasle gazteak



Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak igaro berriak ditugu. Aurreko asteetan politikarien mezukeriak jasan bagenituen, orain berriro sufritu behar dugu beste tontakeria andana ederra.

Nola ez? Guztiek irabazi dute. Boto piloa eta eserleku asko galdu arren, denak mantendu, sendotu, eta irabazi egin dutela entzun behar dugu.

Gure artean politikaz gutxi hitz egiten dugu, ezer gutxi interesatzen zaigulako, eta oso urruti ikusten ditugulako mobida horiek guztiak. Eta, dena den, nola hartuko ditugu serio politikari horiek?

Gure iritzia zera da: gezur asko esaten dituztela hauteskundeak baino lehen, eta gero, ezer gutxi aldatzen dela. Betikoek aginduko dute. Guri buruz eta gure
arazoez hartuko dituzten erabaki guztiak, gure hobe beharrez hartuko dituzte, eta guk jakin orduko inposatuko dizkigute legeak. Gehiengoa ateratzen dutenean, gehiengoaren legeak izango dira; baina behar baino eserleku gutxiago ateratzen badituzte, lasai, paktatu egiten da, eta kitto!

Zenbait irakaslek kontatu digute datozen urteetarako aldaketak datozela. PPrekin larri ibili ginen; horien asmoak ez baitziren oso zailak antzemateko: erlijioa notarako, hiperazterketa edozertarako, aberatsak unibertsitate eta eskola onenetara… Dena gure mesederako! Orain PSOEren proposamen berri batzuen oihartzuna iritsi zaigu, baina oso ilun ikusten dugu etorkizuna. Gainera, komunitate autonomo bakoitzak bere lege eta proposamenak egin behar ditu, beraz, jai daukagu!


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****