|
Erreportajea
*
*
*
*
|
Gazteok geurea, gaztetxea
|
|
|
Gazteok ez dugu txoko propiorik
gure denbora librean biltzeko. Gure adinean ez dago ondo ikusia parkean ibiltzea, eta zer esanik ez taberna eta diskotekan. Beraz, zein da gizarteak biltzeko eskaintzen digun toki egoki hori?
|
AUZOKA aldizkariaren orrialde hauek baliatu nahi ditugu gizarteak duen hutsuneaz eta gazteok dugun behar batez gure ikuspegia adierazteko: gazteok ez baitugu gure aisia modu egokian inon antolatzerik. Bilgune bat izatea beharrezkoa dela deritzogu. Honelako bilgune batez hitz egiten ari garenean, gaztetxeaz ari gatzaizkizue, izan ere, puri-purian dagoen arazoa baita.
Arazo nagusia zera da: gazteok gure aisialdian non egonik ez dugula, eta gelditzen zaizkigun alternatiba bakarrak diskoteka, taberna zuloa, edo gaur egun gero eta ohikoagoak diren lokal pribatuak direla, alokatutako garaje eta lokaletan.
Alokatutako garaje eta lokalen alternatibak bere alde onak ditu, lagunekin egoteko balio baitu. Hala ere, horrelako lokalek auzo edo herriko gazteen arteko harremanak zailtzen dituzte, gazte jendea elkarrengandik bereiziz, eta auzoarentzako ekimenak egitea ezinezko bihurtuz. Gainera, joera ezberdinetako “tribuen” arteko aldeak handitu eta sakondu egiten dira.
Hau konpontzeko, auzo eta herri guztietan, gazteentzako bilgune bat sortzea litzateke egokiena. Bilgune horrek auzoa edo herria arlo guztietan alaitu eta hobetuko luke, eta batez ere gazteen arteko harremanak aberastuko lituzke.
Orain arteko okupazioak
Gaztetxeak duela 25 bat urte sortu ziren. Ordutik hona, gaztetxeek eta okupazio mugimenduak bilakaera handia izan dute Euskal Herrian, eta horrek gazte jendearen mugitzeko gogoa handitu du.
Gipuzkoan, lehen okupazio esperientzia Errenterian izan zen, Belabaratz baserrian, 1980 urtean. Gizarte kontsumista eta autoritarioari aurre egin nahian, eta batez ere gizarte berri baten ametsetan, gazte talde batek etxe hutsen okupazioari ekin zion.
Garai hartan, Iruñean, “Katakrak” sortu zen helburu berarekin, eta Gasteiz eta Baionan ere antzeko mugimenduak izan ziren. Baionakoak Patxoki izena zuen, esaterako. Harrez gero, okupen mugimenduak gora-behera asko izan ditu Euskal Herriko udaletxe askorekin, baina, dena den, okupazioak aurrera jarraitu du.
Tarteka gaztetxe berriak sortu dira, eta horietako batzuek luzaro iraun dute. Beste zenbaitetan gaztetxeak itxi egin dira, egoera tamalgarriak sortuz eta gazteen nahiak zapuztuz.
Hala ere, gaztetxeen soka luzea ez da eten, eta horren adierazle dira azken hilabeteotan udaltzain, ertzain, polizia nazional eta guardia zibilek indarrez hustutako gaztetxeak.Gaztetxe bat sortzeko, etxe hutsen bat okupatzen da normalean, udalak bat emango ez balu, behintzat.
Bizilagunak, pozik
Etxe huts bat okupatzeko arrazoiak nahiko garbi daudela uste dugu. Izan ere, normalean, gazteek herrian edo auzoan ezertxo ere ez badute, auzoko etxe edo biltoki hutsen bat okupatzea izan daiteke
|
irtenbidea, herriari edo auzoari bizi gehiago emateko eta gazteen arteko harremanak sendotzeko, autogestioa bultzatuz.
Hasieran, honelako bilgune bat sortu den guztietan, jendearen jarrera ez da oso ona izan: izan ere, etxe batean besterik gabe sartzea, azal gogorra edukitzea iruditzen baitzaie askori. Dena den, urteak aurrera egin ahala, gazteek egindako lana agerian geratzen da, eta bizilagunak oso ekintza onuragarria izan dela konturatzen dira. Eta hau ez da guk asmaturiko kontua: gaztetxeak sortu diren lekuetan egindako inkestek horixe adierazten dute.
Bestalde, gaztetxe bat sortzeak bestelako abantailak ere ekartzen ditu, izan ere, biltokia hainbat ekintzatarako erabil daiteke: antzerkia, tailerrak, kontzertuak… eta abar. Baina gehienetan, Udalek eta poliziak oztopo ugari jartzen dituzte gauzak horrela egiteko.
Egia esan, ez dakigu zergatik jartzen dituzten oztopoak, baina ez al da izango gazteak elkartzearen beldur direlako?
Etxe huts bati erabilgarritasuna ematea ez bazaie bidezkoa iruditzen, zergatik ez digute laguntzarik ematen? Zergatik ez dute gazte guztientzako zerbait sortzen, 16 urte baina gutxiago dituzten gaztetxoei zuzendutako Gazte Lekuak bezala? Edo zaharrentzako zahar etxeak bezala? Ez ahal dugu horrelako zerbait edukitzeko eskubiderik? Zer nahi dute, lehen aipatu dugun bezala, taberna zuloetan egotea?
Hain zuzen, hori baldin bada beraien helburua, lortzen ari dira. Baina gazteok ez gaude horretarako prest, eta arazo honi irtenbidea emateko gelditzen zaigun alternatiba indartsu bakarra okupazioa da.
Dena den, gaztetxeen mugimendua oso gogor dabil, baina udalek indar handiz erantzuten dute, hain ospetsu bihurtzen ari diren “desalojoen” bitartez.
Urte luzez zabalik egondako gaztetxeak ere “desalojatzen” ari dira, Iruñeko Euskal Jai, Santutxuko Sorgintxulo eta Gasteizko gaztetxea, esaterako. Gaztetxe hauek eta beste asko oso modu basatian hutsarazi dituzte, eta horren adibide garbia da, iazko udan, Donostiako Zuloaga plazan egindako okupazio sinbolikoa. Udaltzainek eta ertzainek ederki jipoitu zituzten bertara sartu ziren gazteak.
Adibide bat besterik ez da, horrelako asko baitaude, Iruñeko Euskal Jai gaztetxearen desalojoa, esaterako. Euskal Jai gaztetxearena bereziki “desalojo” bortitza izan zen.
2005 urtera heldu garen honetan, gazteak existitzen garela gogorarazi nahi dugu, eta hemen gaudela, batzuek nahi ala ez. Beraz, gazteekiko interes handiagoa eskatzen diogu udaletxeari, eta zerbait egin dezala gazteon autogestioaren alde.
Besterik gabe, euskal gazteak animatu nahi ditugu auzoetako gazte asanbladetara hurbil daitezen, ez delako ezer politikoa, ezta gutxiago ere. Gazteok elkar ezagutzeko eta auzoan gauzak antolatzeko modu egokia da, besterik gabe. Agur bero bat.
|
Unai Alberdi Olaziregi eta Amaia Abendaño Mujika
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****
|