euskaraz.net
Egiako gazte lekua

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 75 2005/06 »  Egiako gazte lekua



Elkarrizketa

* * *

“Ez gara zuen amatxoak, lagunak baizik”

Amaia Mujika Groseko gazte bat da, 27 urte ditu eta Egiako Gazte Lekuan hezitzaile lanetan ari da. Amaiarekin batera, Ttanttankun elkarteko bi hezitzaile gehiago ari dira: Biki eta Oihana.


Azalduko zenuke nolakoa den zure lana?

Nire lana ondorengoa da: gazteak entretenitzea, eta jolas berriak erakustea.

Zenbat urte daramatzazu lan honetan?

Bost urte, eta oraindik egingo ditut urte gehiago.

Zergatik aukeratu zenuen lan hau? Nolatan?

Hasieran, Antxeta Elkartean hasi nintzen lanean, Egia auzoan haurrei begira aisialdian aritzen den elkartean, alegia. Boluntario moduan hasi nintzen: asteburuetan, irteerak egiten, gabonetan ekintzak egiten, auzoan ekintzak antolatzen…

Zer duzu gustukoen lan honetan? Eta zer gorrotatzen duzu?

Dena dut gustuko, oso ondo pasatzen dut gazteekin, eta gainera, gazte asko ezagutzen ditut. Gehien gorroto dudana da gazteek pipak jatea, eta azalak zakarrontzira ez botatzea.

Zein da ordutegia?

Asteartetik larunbatera 17:00etatik 21:00etara egiten dugu lan, eta asteazken eta ostiral goizetan ere aritzen gara. Goizak bilerak egiteko eta ekintzak prestatzeko erabiltzen ditugu.

Zer nolako harremana duzu beste lankideekin? Eta gazteekin?

Harreman ona dut, eta gazteekin ere ondo konpontzen naiz.

Lehen Gazte Lokalean egiten zenuen lan, eta orain, berriz, Gazte Lekuan. Azal ezazu bien arteko aldea.

Oraingo gauzak aurreratuago daude.

Festak egiten al dituzue? Nolakoak izaten dira?

Bai, festak oso gustuko ditugu, eta data zehatzen inguruan egiten ditugu.
Azkenekoa “Beldur gaua” izan zen, urriaren 31n. Horrez gain, bestelako ekintzak ere egiten dira: inauterietakoa, Urte Zaharrekoa, ikasturte amaierakoa, urtebetetzeak… bai, urtebetetzeak ere ospa daitezke Gazte Lekuan… eta bestelako festak ere egin daitezke: zuk proposamena ekarri, eta guztion artean garatuko dugu! Gogoratu, zer den Gazte Lekua: zure lekua, zure proposamenak, zure gogoa!

Festak, Euskal Herriko beste tokietan bezalaxe, janariaren inguruan izaten dira, beti askaria egoten da, eta ondoren, jolasak, pelikulak, dantzaldiak… festa, egunaren araberakoa izaten da, zenbaitetan mozorroturik, iluntzera arte… zuen proposamenen baitan dago! Beraz, hona etorri eta proposatu.

Hainbeste gazte biltzeak arazoak sortzen ditu?

Ez, baina zenbaitetan, urduri samar sentitzen gara hainbeste zaratarekin.

Pazientzia asko eduki behar da lan honetarako?

Pazientzia baino, enpatia. Eta zer den enpatia? Lan honekiko begirunea, entzuten jakitea, beraien azalean jartzea… zuekin egon behar dugu, eta zuen nahi eta gogoa gauzatzen lagundu behar dugu. Heldu izateko zuen borroka horretan, laguntza eman behar dizuegu, bidean ahalik eta min gutxien har dezazuen… eta ez gara amatxoak, lagunak baizik, ados?

Gure ustez, Gazte Lekuak berrikuntzaren bat behar luke. Berritzeko asmoz? Noiz?

Aurten egin behar genuke. Izan ere, gaur egun 1. mailako gazte asko etortzen dira, eta estu eta larri egoten gara.

Gazte Lekuan zenbat bazkide daude?

Dagoeneko 100 gara! Gehiengoa, Lauaizeta ikastetxekoak zarete, baina beste zentro batzuetakoak ere badira: Manteo, Mundaiz, Presentación de María, Santo Tomás, María Reina, Aita Barandiaran Lizeoa, Usandizaga…. Gero eta gehiago gara, eta izango gara!


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****