euskaraz.net
Liburuak

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 75 2005/06 »  Liburuak



Irakurritakoak

* * *



Iqbalen historia





Francesco D´Adamo
Argitaletxea: Aizkorri.
127 orrialde.
Liburu honetan Pakistango neska gazte baten, Fatimaren, oroitzapenak kontatzen zaizkigu, eta batez ere, mutiko batek eragindako momentu bereziak gogora ekartzen ditu. Fatima oso txikia zenean, bere gurasoek saldu egin zuten, zor bat ordaintzeko. Hussain khan izeneko gizon lodi eta esplotatzaileak erosiko du Fatima, alfonbrak egiten edukitzeko. Uda batean, baina, Iqbal izeneko mutiko bat iritsiko da. Mutiko hau oso bestelakoa da: ausarta, sen handikoa, eta beldurrik ez duena. Une batean, biek Askatasunerako Frontea aurkituko dute, eta haien laguntzarekin askatasunerako bidea hartuko dute. Oso liburu interesgarria iruditu zait, oso gertutik azaltzen duelako askatasunik gabe bizi diren umeen egoera. Kontakizunak gogorrak dira, errealitatea gogorra delako, eta liburu honek ez ditu ezkutatzen egoera lazgarri horiek.

Lorena Sevillano. La Asunción Ikastetxea DBH 4. maila


Harresi Handirantz





Egilea: Jon Arretxe
Argitaletxea: Zubia.
140 orrialde.
“Harresi handirantz” abentura eta amodioa nahasten dituen liburua da. Gau batez, Rama izeneko pertsonaiak amets bat izango du. Hurrengo gauean ametsa errepikatu egingo zaio, eta baita hurrengoan ere. Horregatik, ametsa egia bihur daitekeela pentsatu du. Rama ametsetan azaldu zaion toki hartara abiatuko da, eta herriz herri eta hiriz hiri egingo duen bidean, abentura harrigarriak biziko ditu, jende asko ezagutuko du, maitemindu egingo da... Etxerako bidea hartzerakoan, berriro leku beretik pasatuko da, bihotzak hori egin behar duela esaten baitio. Liburu atsegin eta entretenigarria da, abenturak gustuko badituzu, batez ere. Atal bat irakurrita, hurrengoan zer gertatuko den jakiteko irrika pizten du. Gure adinekoentzako egokia da, hiztegi eta esamoldeen aldetik erraza baita .

Aitor Alvarez. La Asunción Ikastetxea. DBH 1. maila


Haydn en loroa





Egilea: Felipe Juaristi.
Argitaletxea: Aizkorri.
110 orrialde.
Bi kontakizun nahasten dira liburu honetan. Istorio nagusia Zarautz herriko hondartzan gertatzen da: Zarautz aurrean Stella Maris itsasontzia hondoratu da, eta ontzitik mota askotako animaliak eta pertsonak ateratzen dira. Animalia hauek, batez ere tximinoek, hondakinak sortzen dituzte herrian, dendetan, etxeetan.... eta herritarrak oso kezkaturik daude. Beraz, alkateak agindua emango die laguntzaileei itsasontzia hondartzatik ateratzeko. Aldi berean, gauza bitxi bat gertatuko zaio Mateo Garralda musikariari: Haydn-en musika jotzen duen bakoitzean, alemanez hitz egiten duen loro baten bisita izaten du. Hayd-en loroa izango ote da? Nik, liburu hau gomendatuko nieke nire adineko neska eta mutilei. Hiztegia eta hizkera erraza du, eta amaiera heldu arte, ez dakizu zer gertatuko den.


Raquel Galdos.DBH 2. maila


Galtzontziloak
autobusean zintzilik





Egilea: Aritz Gorrotxategi
Argitaletxea: Erein
121 orrialde.
Liburu honek, ikasturte amaieran Tunezera joatea erabaki duten hiru euskaldunen abenturak azaltzen dizkigu. Gure protagonistei, denetarik gertatuko zaie bidaia horretan: “dromedarioen sindromea”, uholdeak logelako bainugelan, tratuan aritzearen zalantzak eta zailtasunak, ohiturak, turistentzako antolatutako ikuskizunak... Gai hauek guztiak era entretenigarri eta barregarrian azaltzen dizkigu Aritz Gorrotxategik, eta liburua irakurtzen ari zaren bitartean, zure ezpainetan nolabaiteko irribarrea izango duzu. Liburua gomendatzen dizuet, oso dibertigarria baita, eta ulertzeko oso erraza. Liburua bukatu arte, irakurtzen jarraitu nahi izango duzu. Gainera, Tunez eta inguruko lurraldeetako kulturez asko ikasiko duzu. Anima zaitez, eta irakur ezazu, oso ondo pasako duzu eta.

Eva Buenestado. La Asuncion Ikastetxea DBH 4. maila


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****