euskaraz.net
Ingurumen baliabideen etxea

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 76 2005/11 »  Ingurumen baliabideen etxea

Donostia auzoka * *

Ingurumen baliabideen etxea


Aitor Ikastolako 6. mailako ikasleak
Donostiak balio handiko ondare kolektiboa du, gure etorkizunerako oso garrantzitsua dena, eta denon artean zaindu behar duguna: natur paisaia. Beraz, ezinbestekoa da gure artean ingurumenaren kultura sustatzea. Helburu horrekin lan egiten du Naturgintza Fundazioak Donostian.


Naturgintza Fundazioaren Ingurumen Baliabideen Etxea Mandasko Dukearen jauregian kokatua dago, Kristinaenea parke historikoan (Egia auzoa). 1.100 m2 ditu, eta, garai batean kapera izandako eraikinean dago.

Ingurumenaren inguruko kultura zabaltzea, eta biztanleak kultura horretan haztea du eginkizun Ingurumen Baliabideen Etxeak.

Zenbait gela eta esparru ditu horretarako: erakusketa-gelak, dokumentazio-zentroa, ikasleentzako pedagogia-gelak, Donostiako Agenda 21erako lan-bulegoak, Naturgintza Fundaziorako lan- eta ikerkuntza-gunea…

Ekainaren 27an, erakusketa bat estreinatu zen zentroan, Donostiako oinezkoentzako guneei buruzkoa. erakusketak “Oinezkoen guneak hiritarren bizitzarako” izena zuen, eta uda osoan egon zen irekita.

Urriaren 2an bukatu zen erakusketa, baina lasai egon! Izan ere, oraindik ere aukera izango duzue beste erakusketa batzuk ikusteko.

Beharrezkoa den kultura-aldaketa gauzatu dadin, eta herritarren kontzientzian ingurumena gehiago errespetatzeko jarrerak susta daitezen, funtsezko tresna izango da Kristinaeneako Ingurumen Baliabideen zentroa hiriarentzat. Anima zaitezte, bai Donostian bizi zaretenak, eta, zergatik ez, baita Donostiatik kanpo zaudetenak ere, eta etor zaitezte egia auzora! Ez zarete damutuko, benetan! Laster arte! Errespeta dezagun ingurumena!


Zerbitzu publiko ugari

Dokumentazio-zentroa: Mediateka bat izango da bertan, eta ingurumenari buruzko dokumentazio-materialen doako mailegu-zerbitzua eskainiko da. Itsuentzako ere dokumentazio-zentroa egokitu dute.

Ingurumen-hezkuntzarako gelak: Ingurumenari buruzko pedagogia lantzeko gune handi batzuk izango dira, Agenda 21 delakoaren barruan dauden haurrentzat.

Heziketa-gela: Kristinaeneako kaperan egongo da, eta unibertsitate mailako hezkuntzarako erabiliko da.

Erakusketa ibiltariak: Ingurumenaren inguruko gai ugari jorratuko dituzten erakusketak egingo dira, era guztietako ikusleen arreta erakartzeko.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****