euskaraz.net
Liburuak

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 76 2005/11 »  Liburuak

Irakurritakoak * * *


“Kuxkuxero press”




Idazlea : Pako Aristi
Argitaletxea : Erein
92 orrialde.
Enara eta Mireia bi neska gazte dira. Aitona Ventura, Enararen aitona da, eta egunkari digital bat egiten dihardu bere ordenagailuan. Enara eta Mireia kezkatuta daude, oso irakurle gutxi izanik, aitonaren egunkari digitala itxi nahi dutelako. Hori dela eta, bi neskatoak aitonaren egunkarian sartu, eta albisteak berritzen hasten dira. Handik egun batzuetara, aitona konturatu egiten da bere egunkarira norbait sartzen ibili dela, eta bilobak harrapatzen ditu. Handik aurrera, elkarrekin lan egitea erabakitzen dute.

Gaia oso modernoa da, eta erraza da irakurtzeko. Dena dela, niri ez zitzaidan asko gustatu; zuri agian gustatuko zaizu, nork daki!

Garazi Elorza



“Ibaiak itsasoari…”




Idazlea : Patxi Ezkiaga
Argitaletxea : Ibaizabal
115 orrialde
Hiru istorio desberdin biltzen dira liburu honetan. Lehenengoa maitasun-istorio bat da, maorien buruzagi batek garezur bat aurkitu, eta horren ondorioz, espiritu batekin edukitzen duen maitasun-istorioa, hain zuzen. Bigarrena, berriz, soldadu batek deabruarekin egindako tratu bati buruzkoa da. Deabruak soldaduari bost urtetan garbitu gabe egotea proposatzen dio, eta, horren truke, nahi duen guztia eskaintzen dio soldaduari. Azkeneko istorioa, asper-asper eginda bizi den errege batek ermitari bati egiten dizkion hiru galderei buruzkoa da.

Liburu interesgarria iruditu zait, baina, batzuetan, istorioak gehiegi luzatzen direla uste dut. Euskara nahiko erraza erabiltzen du. Irakurtzea aholkatzen dizuet, istorioak ondo daudelako.

Itxaso Perez



“Bambulo: ternuako penak”




Idazlea : Bernardo Atxaga
Argitaletxea : Erein.
120 orrialde
Euskal arrantzaleak Ternuara bakailao bila joaten ziren garaian kokatuagoa dago istorioa. Liburu honen hasieran, baleontzi bat prestatzen dute arrantzaleek Ternuara joateko, eta, bertan, Urkizu izeneko mutil gazte bat sartzen da. Kapitaina segituan konturatzen da Urkizu oso abila dela hizkuntzak ikasten, eta Ternuan uzten du eskimalekin, haien hizkuntza ikas dezan. Bien bitartean, gainerako arrantzaleak Euskal Herrira bueltatzen dira, hurrengo urtera arte. Neguak oso gogor jotzen du, eta Urkizuk abentura ugari bizitzen ditu. Hurrengo udan, berriro etortzen dira arrantzaleak, eta gure mutila aurkitzen dute.

Hasieran pixka bat aspergarria iruditu zait, baina erdialdetik aurrera, interesa handitzen joaten da. Gomendagarria da.

Ane Arsuaga



“Garmendia eta zaldun beltza”




Idazlea : Kirmen Uribe
Argitaletxea : Elkar
96 orrialde
Ameriketara joandako euskal artzaina da Garmendia. Egun batean, Wilde Rose herrian hilketa bat gertatzen da, eta Garmendiari egozten diote hilketaren errua. Horregatik, Garmendiak ihes egiten du bere lagun Amalio mexikarrarekin. Harri-Garbi eta Rat eta Bat bere laguntzaileak ateratzen dira haien bila, eta Garmendia atxilotzea lortzen dute. Kartzelatik ihes egiten dute, eta, abentura batzuk bizi ondoren, Zaldun Beltza aspaldiko lagunarekin topo egiten dute. Berak argitzen die Wilde Rosen zer gertatu zen.

Oso polita eta interesgarria iruditu zait. Gainera, marrazkiek ideia onak ematen dizkizute egoerak imajinatzeko. Nire ustez, egokia da 10 urteko neska-mutikoentzat. Irakurtzea gomendatzen dizuet.

Ander Blanco

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****