|
Erreportajea
*
*
|
Soinketa eskola beste modu batera
|
|
Irailaren 30ean, Beigorri abentura-parkea bisitatu genuen, eta eguna zertan eman genuen azaldu nahi dizuegu hemen. Ea zuek ere animatzen zareten.
|
|
|
Lekunberrin bertan, udal kirolgunearen erdian eta Aritzalde izeneko hariztian dago parkea. Ez dago galtzerik, beraz.
Eguraldia lagun, ikastolatik goizeko hamarretan atera ginen, eta ordu erdi batean iritsi ginen.
Zirkuitua egiten hasi baino lehen, gure lagunek azalpenak eta argibideak eman zizkiguten parkeko jarduera modu seguruan egin ahal izateko beharrezkoa den materialari buruz (kaskoa, arnesak...), baita horien erabilerari buruz ere.
Bertan, bi ibilbide egin daitezke:
A ibilbidea delakoa motzena da. Denbora guztian 4,5 m-ko altueran egiten da, eta 130 m-ko luzera du. Animatuta egonez gero, edonork egiteko modukoa da.
B ibilbidea ausartentzat edo kirolari iaioentzat pentsatuta dago. 9 m-ko altuera hartzen du, eta 250 m luze da. Horregatik, 14 urtetik gorakoak ibiltzeko pentsatua dago.
Jarduera hori segurtasun osoz egiteko, komenigarria da arau batzuk kontuan izatea. Hau da, zubi bakoitzean ezin dira egon bi lagun baino gehiago une berean, eta plataformetan, berriz, bakarrik hiru. Inoiz ezin da atzeraka egin; aurrera jarraitu nahi ez baduzu, zirkuitutik atera zaitezke begiraleen laguntzaz. Ez ahaztu ez dela lasterketa bat. Benetan gustura aritzeko eta ondo pasatzeko, bakoitzak bere martxa jarraitu behar du.
Zeren zain zaude?
Gu hamar lagunez osatutako taldeetan banatu ginen. Lehenengo txandan, ausartenak sartu ziren, eta beste guztiok behetik animatu eta lagundu genien.
Parkean hainbat zubi daude; batzuk besteak baino errazagoak dira, eta batez ere, hasierakoak nahiko errazak dira. Horrela, nahiz eta hasieran urduri egon, pixkanaka, lehenengo zubia zeharkatu ondoren, konfiantza gehiago jartzen duzu zeure buruarengan, eta aurrera gustura jarraitzen duzu, zure lagunen eta begiraleen laguntzaz.
Denetan politena edo guri behintzat gehien gustatu zitzaiguna zirkuituaren bukaeran dagoen tirolina izan zen.
Hurrengo asteburuan, hara joan ginen gurasoekin gutako asko. Lehen ez dugu esan: parkean sartzeko, ordaindu egin behar da. Taldeka joanez gero, edo 10 lagun baino gehiago elkartzen bazarete, adibidez zure urtebetetze-festa modu horretan ospatu nahi duzulako, A ibilbidea egiteagatik 6 € ordaindu beharko duzu; B ibilbidea aukeratuz gero, edo zure gurasoak animatzen badira ,12 € ordaindu beharko du bakoitzak.
Dena den, informazio gehiago aurkituko duzu www. beigorriaventura.com helbidean. Euskal Herriko leku zoragarri hau ezagutzera animatzen zaituztegu.
Abentura zalea bazara zatoz Lekunberrira!
|
|
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****
|