euskaraz.net
Kirolak: xakea

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 77 2005/12 »  Kirolak: xakea



Kirolak * *

Xakea: kirola ala jokoa?
Xakearen inguruko eztabaida puri-purian dago azken urteotan. Orain dela urte batzuk, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen xakea ez dela kirola, eta, horrenbestez, eten egin zituen dirulaguntzak. Lehiaketak antolatzeari ere utzi zion, eta Euskal Herriko taldeen haserrea ez zen nolanahikoa izan. Gaur egun, konpondu gabe daukagu oraindik eztabaida.
Hiztegiaren arabera, kirola da xakea: “Gorputz-ariketa berezkoa duen jarduna; bereziki, jokoa, bakarka edo taldean egiten dena; jardun horren era berezi eta arautuetako bakoitza”.

Xakeak ez du, beste hainbat kirolen kasuan gertatzen den moduan, jarduera fisikorik eskatzen, baina arau zorrotzak ditu. Horrelako egoeran, badira zalantzarik sortzen ez duten beste kirol olinpiko batzuk; esate baterako, arku-tiroa. Kirol olinpiko horretan, egoera fisikoa ez da oso garrantzitsua, tiratzaileen trebetasuna, kontzentrazioa eta teknika baitira landu behar izaten diren gauzak. Gauza bera esan dezakegu 1 formularen kasuan, edo beste hainbat kiroletan.

Giharrek lanik ez

Askotan, zera argudiatzen du xakea kirola ez dela defendatzen duen jendeak: giharrek lanik egiten ez duten jarduera bat ezin da kiroltzat hartu. Baina, gure ustez, burmuina gihartzat har daitekeen gorputz atala izan daiteke. Gainera, ohiko kiroletan gertatzen den bezalaxe, xake-jokalariek ere substantzia batzuk har ditzakete, beren kontzentrazioa handitzeko helburuarekin, eta kasu batzuetan, substantzia horiek legez kanpokoak izatera iritsi dira.

Nolanahi ere, frogatuta dago xake-partida batean edota txapelketa garrantzitsu baterako prestaketa-lanetan kilo asko gal daitezkeela, eta nolabaiteko esfortzua adierazten du horrek. Hori horrela baldin bada, ahalegin fisikoaren aldetik zertan ezberdintzen dira 1 formulako lehiaketak eta xake-lehiaketak?

Entrenamendua eta taktika

Xakeak, gainerako kirolen kasuetan bezalaxe, entrenamendu gogorrak eskatzeaz gain, partida hasi aurreko beroketa eskatzen du, eta, entrenamenduetan, jokaldiak, mugimenduak eta taktikak lantzen dira. Gainera, lehiaketetan ez dago aitzakiarik; hau da, pertsona batek partida irabazten badizu, irabazi dizu, eta kito; ezin duzu argudiatu: “lesionatua egon naiz”, edo “ez dut asko entrenatu”... Horregatik esaten dugu aitzakiarik gabeko kirola dela.

Gure eskolan, badaramatzagu urte batzuk xakean entrenatzen, eta oso gustukoa dugu. Taldeka parte hartzen dugu hainbat lehiaketatan, eta emaitza onak lortu ditugu orain arte. Nolanahi ere, irabaztea ez da helburu bakarra guretzat. Kirol honen inguruan oso giro ona dago, eta edozein momentutan praktika daiteke lagunartean. Beraz, hemendik, jendea animatu nahi dugu xakea probatu dezan. Beraz, ez beldurrik izan, eta jar zaitezte xake taularen aurrean. Xake-mate!

Gorka Arce, Mario Aranberri




Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****