euskaraz.net
Inkesta: ikasle irakasle harremanak

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 78 2006/02 »  Inkesta: ikasle irakasle harremanak

Iritzi-miritziak

Irakasleak eta ikasleak
Gaur egun, gazte asko kexatzen dira klasean jasaten duten tratuaz. Haiek diotenez, batzuetan kutunkeria dago, hau da, zenbait irakaslek ikasle batzuk besteak baino hobeto tratatzen dituzte. Irakasleek ere horri buruzko iritzia badute, baina oso bestelakoa da. Haien ustez, arazoa ikasle-irakasleen arteko errespetu falta baino ez da. Arazoa pentsa dezakeguna baino larriagoa izan daiteke; izan ere, gazteok denborarik gehiena ikastetxean pasatzen dugu. Benetan zer gertatzen den jakiteko asmoz, inkesta bat egin dugu gure eskolako ikasleen artean, eta hauxe da gazteok pentsatzen duguna.
M. Pilar López

Nire ustez, irakasle batzuek tratu ezberdina ematen diete zenbait ikasleri. Hala ere, uste dut gure jarreraren arabera ematen digutela tratu hori.
Raquel Arranz

Batzuetan bai, besteetan ez. Zenbait irakaslek aukera gehiago ematen diete ikasle batzuei, eta beste batzuei ez. Normalki, ikasle ona ez bazara, ez duzu hainbeste aukerarik. Baina emaitza onak dituzten ikasleei ere gehiago eskatzen zaie.
Tania Herrador

Nire ustez, irakasleak kasu handiagoa emango dio ikasketetan interesatuta dagoen pertsonari, interesik ez duen ikasleari baino. Horrexegatik, uste dut irakasleen tratua desberdina dela ikasleekiko.
M. Jesús Mozo

Nik uste dut irakasleek tratu ezberdina ematen dietela ikasleei. Ikastetxean, notak kontuan hartzen dira. Hori dela eta, irakasleek arreta handiagoa ematen diete hala behar dutenei, eta, itxuraz, klasean nabaritzen da tratu ezberdina ematen dutela.
Alejandro Ocio

Nire ustez, irakasleak hobeto portatzen dira pertsona batzuekin beste batzuekin baino. Adibidez, irakasle batzuek notak jaisten dituzte, igo beharrean. Ikasleoi min handia ematen digu horrek. Beste batzuetan, zure ondoan dagoen ikasleari, nahiz eta ariketak zuk bezala eduki, nota hobea jartzen diote. Gero, irakasleek aitzakiak jartzen dizkizute, eta kito. Trufa hutsa!
Jose Maria Suso

Nire ustez, kontrakoa gertatzen da; eskoletan ez da askotan izaten kutunkeria kasurik. Baina, bai, irakasleak norbait begitan hartzen duenean, urte ahaztezina jasan behar izaten du ikasleak. Hori bai, gehienetan, ikasle horrek seguruenik zerbait egin du tratu hori merezi izateko.
Alberto Arnal

Irakasleak, normala den bezala, ezin dira guztiekin ondo konpondu. Gu ere irakasle batzuekin besteekin baino hobeto konpontzen gara. Baina beste gauza bat da nota ezberdinak jartzea ikasle batzuei. Hori ikusi egiten da, eta, azkenean, irakasleek “pribilegioak” ematen dizkiete zenbait ikasleri. Ni irakaslea izango banintz, gauza bera egingo nuke.
Anabel Nieto

Nire ustez, irakasleek berdin tratatzen gaituzte. Argi dago, irakasleekin gertatzen den bezala, ikasleak ere ezberdinak garela, baina nik ez dut ikusten gelan desberdin tratatzen gaituztenik. Aukera berberak dauzkagu denok, guk erabakitzen dugu zer egin aukera horiekin, eta, horretan bai, diferentziak hasten dira.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena