euskaraz.net
Parte Zaharreko danborrada

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 78 2006/02 »  Parte Zaharreko danborrada

Donostia auzoka

Parte Zaharreko danborradaren bat-bateko aldaketa

Félix Martínez, “La Unión Artesana” danborradako kidea.
Danborrada duela asko hasi zen, Donostiako sukaldari batzuk kupelak jotzen hasi zirenean, hain zuzen. Frantsesak Donostia okupatzeko asmoarekin etorri ziren XIX. mendean. Militarrek egunero egiten zituzten guardia-aldaketak, eta Donostiako jendea haien atzetik joaten zen ur bila, kupelak jotzen. Hasieran, seguruenik, burla bat besterik ez zen. Baina, denboraren poderioz, Sebastian santuaren ohorez egindako jaia bihurtu zen.

Bi dira donostiarrek gehien maite dugun festa irekitzeko eta ixteko arduradunak; biak Parte Zaharrekoak: Gaztelubide eta “La Unión Artesana”. Orain arte, eta antzinako tradizioa jarraituz, gizonek soilik parte hartzen zuten bi elkarte horietan, baina horrek ez du horrela izaten jarraituko, aurten emakumeak ere kupelak jotzen atera baitira.

Gaztelubide elkartearen danborradan emakumeek parte hartu edo ez erabakitzeko, bozketa egin zuten 65 danbor-jotzailek: aldeko 39 botorekin, kontrako 25ekin, eta boto txuri batekin, baietz erabaki zuten.

“La Unión Artesana” elkartean, hamabi emakumek parte hartu dute kupela joaz, eta beste hiruk kantinera gisa: bi dantzan, eta gonbidatu bat.

2007an, Gaztelubide elkartean emakumeen egoera normalizatzen hasiko direla hitz eman zioten elkarteko ordezkariek Odon Elorzari.

“La Unión Artesana”ko partaide eta kide den gure eskolako irakasle bati, Felix Martinezi, elkarrizketa txiki bat egin diogu.

Gure ustez, emakumeak danborrada hauetan ateratzea aurrerapen garrantzitsua izan da. Gutxi badira ere, ondo pasatzea eta egun polita igaro izana espero dugu.


Orain dela asko ateratzen al zara Unión Artesanan?

Urte asko igaro dira jotzen hasi nintzenetik; hain zuzen ere, aurten nire hogeigarren urtea da.

Zer nahiago duzu, danborra ala kupela?

Ni kupela jotzen ateratzen naiz, eta, beraz, sukaldariz jantzita.

Eta zein abesti da zure gogokoena?

Gehien gustatzen zaidana “Iriyarena” da, nahiz eta “San Sebastian martxa” ere oso gustukoa dudan, oso hunkigarria delako.

Zer iruditu zaizu elkarte horien jarrera? Ondo ikusten al duzu emakumeak ateratzea?

Ondo iruditzen zait. Baina, nire ustez, lehenago konturatu behar zuten. Eta, gainera, beste modu batean hartu behar zen erabakia.

Hainbat pertsonak danborrada tradizio bat dela, eta horrela jarraitu behar duela esaten du oraindik. Zein iritzi daukazu pertsona horietaz?

Nire ustez, gizartearen aurrerapen handia da emakumeak ateratzea. Bakoitzak bere iritzia du, eta errespetatu egin behar da. Baina, gure elkartean, gure desioa izan zen akordio handia lortzea, eta oso pozik gaude.

Nola erabaki duzue emakumeak ateratzea?

Orain dela bi urte hasi ginen elkartean gai horri buruz hitz egiten, eta, bilera batzuk egin eta gero, bilera bat egin genuen joan den uztailean; bozkatu eta gero, bozketa emakumeen alde atera zen, baiezko 48 botorekin eta kontrako 15ekin.
Maialen Anduaga , Leire Arzelus, Patricia Iriarte, Irati Lago, Ane Piquero

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena