euskaraz.net
Musika

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 78 2006/02 »  Musika



Entzundakoak

oso ona ona balekoa txarra

Vulpess

Me gusta ser
Euskal bideoklipen bilduma 2

Entzun
Euskal musikak inoiz emandako pasarte ospetsuenetako bat Vulpess talde bizkaitarrarekin lotua dago. 80eko hamarkadan, emakumez osatutako talde honek zeresan handia eman zuen: TVE telebista katean “Me gusta ser...” abestia kantatzen atera ziren, eta horren ondoren, protesta handiak izan baitziren han eta hemen. Komunikabideetan oihartzun handia izan zuen gertakari hark, eta horrek kalte handia egin zion taldeari; handik gutxira, banandu egin baitziren. Oihuka diskoetxeak iaz kaleratutako disko honetan, Vulpess taldearen abesti esanguratsuenak bildu dira, eta alde horretatik, talde hura zer zen jakiteko, oso lan baliagarria da. Oso disko gomendagarria da, beraz.


“Entzun” musika aldizkariak hamargarren urteurrena bete berri du, eta urteurrena ospatzeko, opari polita egin die Euskal Herriko musikazale guztiei. Honako hau ez da disko arrunt bat, talde askoren bideoklip onenen bilduma baizik. Alde horretatik, beraz, musika eta irudiaren arteko nahasketa bitxia da bilduma. Talde ezagun asko ageri dira bertan: Potemkin, Captain Nemo, Motorsex, Gatillazo, Luis Vil, Surfin Kaos, Idi Bihotz, Muted, Koma, Dikers, Seiurte, Zein?, Half Foot Outside, Split 77, Sorkun, Ken Zazpi, THC, Lor... norbaitek azken urteotako euskal musikaren osasuna neurtu nahi badu, eta ikusi nahi badu, musika hori nola islatu den bideoklipetan, aukera ederra du bilduma interesgarri hau eskuratuz gero. Zorionak Entzun!



Fieles

Sinmas
Hondartzan

Makala
“Fieles” izena du Sinmas taldeak kaleratutako bigarren diskoak, eta egia esan, bizkaitarrek fideltasun handiz eusten diote euren betiko estilo gogorrari. Hala ere, ezustekoak ere badaude diskoan; izan ere, lehen aldiz, euskaraz bi abesti grabatu dituzte: “Afrika” eta “Baina hi”. Hain zuzen, harrigarri samarra da zein ondo moldatu diren euskaraz, orain arte gaztelania hutsez aritu direla kontuan hartuta. Taldeak berak dioen bezala, punk-metala da euren estiloa, eta alde horretatik, oso ondo moldatzen direla aitortu behar da. Ahotsak indar handia du, eta gitarra-jolearen riffak ere oso indartsuak dira. Oso kontuan hartzeko moduko taldea da Sinmas: egunen batean, etorriko ahal dira Donostiara kontzertua ematera!

Euskal Herria lurralde txikia izanda ere, oparoa da musika sorkuntzari dagokionez, eta aberastasun horren adibide da Mikel Unzurrunzaga “Makala”k dakarkiguna. Makala disko-jartzaile ezaguna da, eta betidanik, estiloak nahastea eta horiekin jolastea atsegin du. Gisa horretara, estilo asko entzun daitezke “Hondartzan” izeneko disko dantzagarri honetan: latin musika, diskoa, reggaea, funka, afro-funka... dantza egitea maite duenari, eta bizkarrezurra mugitzea gustatzen zaionari, kostatuko zaio hau baino disko egokiagorik topatzea. “Bizi pozik”, “Agur Hawai” eta “Funkel” abestiak entzunda, inor ez da geratuko mugitu gabe. Dantza egin dezagun, lagunok!





Testuen Sailkapenerako Kodeak:

Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena