euskaraz.net
Liburuak

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 78 2006/02 »  Liburuak



Irakurritakoak

“Kutsidazu bidea, Ixabel”

Idazlea : Joxean Sagastizabal
Argitaletxea : Alberdania
Juan Martin, 19 urteko euskaldun berria, Harrialde herrira joan da, bertako baserri batean, uda batez, bizitzera eta euskara ikastera. Egunez, aldiz, eskolara joaten da, euskara-eskoletara. Familiaren irudiak beldur pixka bat ematen dio, Ixabel neska liraina agertzen den arte. Seko maitemintzen da harekin. Klaseko giroa ona denez, gaupasak eta guzti egiten dituzte inguruko herriko festetan. Azkenean, Juan Martinek Ixabelekin ligatzea lortuko du. Liburu hau nire gustukoa izan da, xelebrekeria ugari gertatzen baitira, eta “euskañol” hizkera berezia agertzen delako hasieran. Liburuak luzeagoa izan, eta mami gehiago eduki beharko lukeela iruditzen zait. Hiztegia nahiko erraza da, hitz zailen bat edo beste dagoen arren. Barre egin nahi duten guztiei aholkatzen diet.

Paulo Garikano, DBHko 2. maila



“Palestina zure mina”

Idazlea : J.M. Olaizola “Txiliku”.
Argitaletxea : Elkar
Emakume gazte bat, Susan, Gazako ospitale batean esnatu da, baina ez du bere bizitzari buruz ezer gogoratzen. Egun batean, Nathan azaldu zaio, bere senarra dela esanez. Sendatutakoan, Susan ospitalean geldituko da lanean, eta, pixkanaka, bere bizitzari buruzko gauzak gogoratzen hasiko da: Palestinara bere amona bilatzera joan zela, eta zergatik esnatu zen ospitalean (granada baten leherketaren ondorioz). Amona bilatzeko helburua bete egingo du, baina, amonak Palestinan gelditzea erabakiko duenez, berak ere gelditzea erabakiko du, nahiz eta Nathan Estatu Batuetara itzuli.
Niri liburua asko gustatu zait; entretenigarria da, eta emozioz betea dago. Ulerterraza da, eta euskara maila ona da. Palestinako egoeraren berri ematen du. Hamabi eta hamahiru urteko neska-mutilei gomendatuko nieke.

Ana Blanco, DBHko 2. maila



“A zer gaupasa”

Idazlea : M.A. Mintegi Larraza
Argitaletxea : Ibaizabal
Neska-mutil gazte batzuek herri txiki batean egingo duten gaupasa kontatzen du. Han, Leire (koadrilako neska bat), gizon ezezagun batzuekin ibiltzen hasiko da, gizon horiek droga-istiluetan dabiltzala jakin gabe. Gizonak Leire bortxatzen saiatuko dira, baina Igor, Miren eta Josuren laguntzak galaraziko du hori. Istilu latzetan sartuko dira denak, eta haien bizia arriskuan jarriko dute. Azkenean, ertzainek droga-trafikatzaileak atxilotu egingo dituzte, eta neska-mutilak asko poztuko dira. Istorioa asko gustatu zait, emozioz betea dagoelako. Maltzurkeriaz gain, adiskidetasuna ageri da gehienbat, eta baita maitasuna ere. Droga-istilu latzak ere agertzen dira.
Euskara maila ikaragarri ona du; hitz berri asko ikasten dira istorioa irakurriz gero. Liburua 13-16 urte bitarteko gazteei gomendatuko nieke, kontuan har dezaten zein istilutan sar gaitezkeen. Irakurri liburua; ez zarete damutuko!

Lore Torrecilla, DBHko 2. maila



“Gerrateko ogia”
Idazlea : Aitor Arana
Argitaletxea : Ibaizabal



Istorioa Kabul izeneko hirian gertatzen da, Afganistanen, 2000. urtearen inguruan. Familia txiro baten historia da. Afganistanen, gizonezkoek bakarrik lan egin dezakete (talibanek Kabul menperatu dutelako). Aita atxilotuko dute, eta familiak ekonomia-arazo larriak ditu, aita joan denetik, emakumeak bakarrik geratu direlako. Horregatik, Parvana neskatoa mutilez janzteko ideia bururatuko zaie, lanera bera joan dadin.
Parvanaren ahizpa zaharrena ezkontzera doa, Mazar i Sharif hirian. Bertara joango dira denak, Parvana izan ezik. Baina talibanek Mazar i Sharif hiria ere menperatuko dute, eta Parvanaren aita presondegitik aterako dute, eta biak Mazar i Shariferutz abiatuko dira, besteen bila.
Kontatzen zaigun istorioa zoragarria da. Munduko beste herrialdeetan, jendea nola bizi den, eta diru pixka bat lortzeagatik zer gauza egiten dituzten kontatzen baitu. Istorioa ondo kontatuta dago, eta euskara maila aberatsa dauka. Guztiz errealista da, bizitza zein gogorra izan daitekeen erakusten baitigu. Istorioa tristea den arren, adiskidetasuna eta maitasuna ageri dira beste gauza guztien gainetik.

Amaia Centeno, DBHko 2. maila





Testuen Sailkapenerako Kodeak:

Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena