Iritzi-miritziak
|
|
Adierazpen askatasuna: Mahomak mugatzen al du?
|
Adierazpen-askatasunaz hitz egiterakoan, puntu asko hartu behar ditugu kontuan. Non amaitzen da nire adierazpen-askatasuna, eta non hasten da besteena? Nork erabaki dezake hori? Nor dago besteen gainetik?
Argi dago mundu honetara aho, begi eta belarriekin jaio garela, munduan bertan dagoena ikusten, entzuten eta pentsatzen duguna adierazteko. Horrek, hala ere, ez du esan nahi, gura dudanean eta nahi dudana esan dezakedanik. Beharbada, ez dakigu, edo ez gara konturatzen, gure aldamenean dagoenari kalte edo min egingo diogula. Askotan gertatzen da hori, ahoa berehala erabiltzeagatik, ia pentsatu gabe. Hobe izango litzateke ordenagailuen moduan aritzea: informazioa jaso, hausnartu eta erantzuna eman.
Nire ustez, bakoitzak nahi duena esan dezake, kontuz ibiliz gero noiz eta nola esaten duen. Gure gizartean komunikabideen eragina izugarria dela kontuan hartuta, nahi den guztia esan daiteke, baina formak eta une egokiak bilatuz, betiere.
Azkenik, Mahomaren karikaturak direla eta, arazoa larria izan daiteke, erlijioarekin topo egin baitugu. Ez al dute, mendez mende, erlijio mota askok adierazpen-askatasuna ukatu, isilarazi eta zigortu? Pentsatu al dugu nor dagoen telebistan ateratzen diren ero-aurpegi horien atzean? Nork mugiarazten du milaka lagun horien fedea, edo gogoa?
Jende apalak elkarrekin bizi behar dugu, nahi eta nahi ez; mundu bakarra dugu eta! Ados jarri behar dugu non ipini gure mugak adierazpen-askatasuna erabiltzean; baina, mesedez, profetarik ez dugu behar sua pizteko.
|
|
Altza BHI 1 B Batxilergoa
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza
/ Testu Normala
/ Testu Zailagoa
/ Testu Zailena
|