euskaraz.net
Amassorrain ikastolak 25 urte

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 79 2006/03 »  Amassorrain ikastolak 25 urte



Donostia auzoka

Amassorrain ikastolako eraikinaren 25. urteurrena
1965an hasi zen ikastolako lehen haur taldea. Hainbat urtez zenbait lokal eta lekutan ibili ondoren, 1973an, arazoei irtenbideren bat eman nahian, Irakaskuntza kooperatiba sortzea erabaki zuten gurasoek. Gorabehera larriak izan eta gero, azkenik 1980-1981. ikasturtean estreinatu zen ikastolako eraikin berria, Haur Eskola, Eskolaurrekoa eta orduko OHO bateratuko zituena. Ikasturte hartako haur talde nagusiena 5. mailakoa zen, eta Mari Jose Soroa dugu haur haietako bat. 25 urte pasatu ondoren, Mari Jose elkarrizketatu dute aurtengo 5. mailako A taldeko ikasleek.


“Labirintoa faltan botatzen dut”
Gogoratzen al zara ikastolako eraikuntza berria estreinatu zenuten egunaz edo ikasturteaz?

Eguna ez dut gogoratzen, baina urtarrilean edo otsailean estreinatu genuela uste dut.

Zenbat zineten taldean?

Bederatzi lagun ginen taldean.

Zenbat neska-mutil?

Lau neska eta bost mutil ginen.

Zenbatgarren maila bete zenuten ikasturte hartan?

5. maila bukatu genuen.

Aurretik, non izaten zenituzten gelak?

Leku askotan egon ginen: txikitan, elizan; 1. mailan, zinean; 2. mailan, etxe batean...

Zein da ikastolatik gehien gustatzen zitzaizun lekua?

Preteknologia-gela deitzen geniona zen gehien gustatzen zitzaidana. Gauza asko egiten genituen bertan: daratulua, zerra, eta halako tresnekin ibiltzen ginen. Zuek plastika-gela izenez ezagutzen duzuela uste dut.

Hemengo ikasketak bukatuta, pena eman al zizun ikastolaz aldatu beharraz?

Bai, ikastolaz aldatu beharrak pena eman zidan.

Nola ikusten duzu orain ikastola? Asko aldatu al da?

Oso ondo ikusten dut. Ez da hainbeste aldatu; beno, orain gelan gortinak dituzuela ikusten dut; guk ez genuen. Atzeko parkea berria da, aldagela berriak daude... baina ez dut oso desberdina ikusten.

Zer botatzen duzu faltan?

Atzeko parkea berria eta polita da, baina lehen hantxe zegoen labirintoa asko gustatzen zitzaidan, asko jolasten ginen hor. Bai, labirintoa da faltan botatzen dudana.

Zein hobekuntza sumatzen dituzu?

Hobekuntza asko daude. Guk izan ez genuen ordenagailu-gela duzue orain, liburutegiak liburu gehiago ditu, guk ez genuen musika-gelarik, jolasaldiko parkeak...

25 urte pasatu dira; ba al duzu harremanik ikastolarekin?

Bai, egunero etortzen naiz nire hiru umeen bila.

Zer sentitzen duzu orain, ama bezala etortzen zarenean?

Polita da. Gainera, irakasle ezagunak hemen daude oraindik.
Oharra: 25. urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatuko dira apirilaren 3tik 8ra.
Informazioa zabalduko da.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena