euskaraz.net
Garazi Alduntzin igerilaria

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 79 2006/03 »  Garazi Alduntzin igerilaria



Elkarrizketa

Zazpi urterekin hasi nintzen igeriketan
Noiz hasi zinen igeriketan?

Zazpi bat urterekin hasi nintzen igeriketan; ikastaro batean benetan igeri egiten, esan nahi dut. Udan, hondartzara joaten nintzenean, uretan ibiltzen nintzen, baina ama ez zen lasai egoten, ez bainekien igeri egiten. Batez ere horregatik apuntatu ninduen ikastaroan.

Igeriketan, asko entrenatu behar al da?

Bai, egia esan, asko entrenatu behar da. Nik bi ordu sartzen ditut goizean, gimnasioarekin tartekatuz; arratsaldeetan, ordubete eta erdi egoten naiz gutxienez, ahal dudanean behintzat. Astelehenetik ostiralera egiten dut hori. Asteburuetan, txapelketaren bat baldin badaukat, larunbata eta igandea ere igerileku barruan ematen ditut; bestela, larunbata goizetan entrenatzen dut, eta igandeetan deskantsatu.

Gogorra al da?

Kirol guztiak dira gogorrak, batez ere maila altu batean zaudenean; baina badirudi, gauzak gustuko ditugunean, gutxiago kostatzen zaigula. Asko entrenatu behar da, eta ez da beste mota batzuetako kirolak bezalakoa: nahiz eta taldeak ere garrantzi handia duen, indibidualagoa da, eta nik uste dut hori dela gogorrena.

Zer da gehien gustatzen zaizuna eta zer gutxien?

Gehien gustatzen zaidana da, prestatutako txapelketa baten eguna iristea; lana egina dago, eta igeri egitea falta zaizu. Ondo edo gaizki atera daiteke, baina bukatu da lan gogorra; hori egiteagatik bakarrik, pozik zaude. Gutxien gustatzen zaidana, berriz, egunero entrenatzera joatea, eta bakarrik entrenatzea.

Zein da lortu duzun denborarik onena?

Bular-estiloko 100 m-etan, 1.14.82 da nire denborarik onena, eta, 50 m-etan, 34.11.

Zein izan da zure unerik hunkigarriena, edo gehien gogoratzen duzuna?

Bi ditut gogoan. Garrantzitsuena Espainiako txapelketan izan zen, Palma de Mallorcan, hirugarren postua lortu nuenekoa. Baina, hala ere, Euskadiko txapelketan Gipuzkoako errekorra hautsi nuenean, hunkigarriagoa izan zen, batez ere hemen, Donostian zelako, egunero entrenatzen dudan igerilekuan eta etxeko jendearekin.

Zenbat domina edo trofeo dauzkazu? Horietatik zein da garrantzitsuena?

Egia esan, domina asko ditut e-txean gordeta; batez ere Gipuzkoa eta Euskadi mailan lortutakoak dira, eta ez ditut inoiz kontatu; benetan, asko dira. Trofeo batzuk ere baditut, eta, gero, Espainia mailan lortutako dominak; gutxi, baina baditut. Garrantzitsuena da Espainian lortu nuena; baina, e-san dudan moduan, errekorra hautsi nuenean lortu nuena oso berezia da niretzat.

Nolakoak dira Espainiako txapelketak?

Oso bereziak; hango giroa berezia da. Batetik, estatu osoko igerilariak biltzen direlako, eta, bestetik, beste maila batean igeri egiten delako. Oso giro polita egoten da, lau eguneko txapelketak izaten dira eta oso ondo pasatzen duzu, nahiz eta igeri egin behar izan.

Oso urduri jartzen al zara?

Bai, egia esan, oraindik ere oso urduri jartzen naiz, baina merezi du une horiek pasatzea.

Zein da gehien gustatzen zaizun igerilaria?

Oso igerilari onak daude. Espainia mailan, Erika Villaecija asko gustatzen zait, baita Ilune Gorbea ere. Mundu mailan, Leisel Jones edo Amanda Beard, eta orain oso ezagunak diren Torpe edo Phelps.

Zein da gehien jarraitzen zaituen pertsona?

Beno, gehien jarraitzen nauena, dudarik gabe, nire lehengusina Maddi da. Gurasoak beti dabiltza nirekin alde batetik bestera, eta, orain, mutil-laguna ere interesatzen da. Aitortu behar dut jarraitzaile e-zin hobeak direla, eta meritu handia dutela, ez baita futbol-partida bat ikustea bezala.

Bukatzeko, zer esango zenieke igeriketa-munduan hasi nahi duten gazteei?

Gauza asko ikasten direla, eta ez dela entrenatzea bakarrik: jende asko ezagutzen da, eta lagunak egiten dira. Txapelketetan, gainera, oso giro ona egoten da, eta garrantzitsuena ez da irabaztea, baizik eta bertan parte hartzea eta ondo pasatzea.


Hemezortzi urteko egiatarra da Garazi Alduntzin. Easo taldean igeri egiten du, eta domina asko lortu ditu jada Gipuzkoan, Euskal Herrian eta baita Espainian ere. Lan handia egin du honaino iristeko, eta hemendik aurrera bere markak hobetzea du helburu.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena