Elkarrizketa
Alex Merino: “Casting batera joan eta aukeratu egin ninduten”
|
|
“Bikoizketan hasiberria naiz, baina asko gustatzen zait”
|
|
Hamazazpi urteko donostiarra da. Bera-Bera auzoan bizi da, eta bigarren mailako batxilergoa ikasten ari da Santo Tomas Lizeoan. Dagoeneko hamabi bat filmen bikoizketan parte hartu du.
|
Zenbat urterekin hasi zinen bikoizketa lanetan?
DBHko bigarren mailan nengoela, 13 urterekin. Telebistan, 14 urte nituela hasi nintzen, “Betizu” izeneko saioan.
Nola hasi zinen?
Ikastolan antzerkia egiten nuen, eta irakasleak bikoizketa estudio bat ikustera eraman gintuen. Han, kasualitatez, ‘casting’ bat egiten ari ziren, eta aukeratu egin ninduten.
Non ikasi duzu ahots desberdinak jartzen?
Nire ustez, hori ez da ikasten, hori mundu guztiak daki. Denok imitatu dugu lagunen bat noiz edo noiz, irakasleren bat, telebistako norbait... Gauza da batzuetan ez garela pantaila baten aurrean hori egiteko gai sentitzen, lotsa ematen digulako.
Gustatzen al zaizu zure lana?
Ez dut lan gisa hartzen. Oraindik hasiberria naiz eta. Baina atsegin dudala aitortu behar dut.
Zenbat pelikula bikoiztu dituzu?
Ez dakit, hamartik gora. Atzo bertan aritu nintzen pelikula bat bikoizten. Euskaraz hamar film inguru bikoiztu ditut, eta beste bi gaztelaniaz.
Bikoiztu dituzunetatik zein pertsonaia gustatu zaizu gehien?
Garrantzitsuena, agian, Harry Potter izan da, hori delako mundu guztiak ezagutzen duen pertsonaia; mundu guztiak ikusi baitu bere pelikula. Bikoizte lanean sakondu ahala, are eta hobeago ari naizela uste dut. Hori dela eta, atzo bertan egindakoa orain arteko onena izan dela uste dut, eta hurrengoa hobea izatea espero dut.
Eta orain zer ari zara bikoizten?
Ez dakit zein den filmaren izenburua, baina tipo lodikote batena egiten dut, oso dibertigarria, baina ez dut bere izena gogoratzen.
Zein pertsonaia bikoiztea gustatuko litzaizuke?
Hori zaila da esatea; izan ere, filmak normalean zinemarako bikoizten dira. Filmak egin berriak izaten dira, eta zein film egingo duten jakiterik ez dagoenez, ez dakit.
Ondo pasatzen al duzu bikoizten?
Bai, oso dibertigarria da. Gainera, normalean Hirusoin eta REC estudioetan bikoizten dut, eta hango jendeak beti oso ondo tratatu izan nau, oso atseginak dira.
Asko kostatzen al zaizu pertsonaian sartzea?
Normalean hori aktorearen kalitatearen araberakoa da. Aktorea ona bada, aurpegia ikustean pozik badago, poz hori transmititzen dizu, eta, haserre badago, haserre hori; aktorea txarra denean, gehiago kostatzen da.
Bikoizketa maisurik izan al duzu?
Bikoizte lanetan, batez ere Iñigo Puignau. Berak erakutsi dit orain arte dakidana. Hortik aurrera egin dudan gauza bakarra da pixka bat landu eta hobetzea, baina kontzeptuak eta oinarrizko ideiak berak erakutsi zizkidan.
Nora jo beharko genuke bikoizle edo aktore ‘casting’ batean aurkezteko?
Ez dakit oso ondo nola funtzionatzen duen horrek. Badakit zenbait akademia daudela bikoizten erakusten dutenak, eta orain REC-en ere ikastaro antzeko bat prestatzen ari dira, nahi duenak izena eman dezan. Izan ere, ahots gazteak behar zituztela esan zidaten. Behar handia dagoenez, onak bazarete, hartu egingo zaituztete, nik uste.
Zein da ikusi duzun azken pelikula?
Oscarretako filmak ikusi ditut azkenekoz. “Brokeback mountain” mundu guztiari hainbeste gustatu zaion filma, niri nahiko sinplea iruditu zitzaidan. Gero, “Crash”, film onenaren saria jaso duena. Hori bai, film ona eta sakona iruditu zait.
Zein musika entzuten duzu?
Nire talderik gogokoena Queen da, Freedie Mercuryren taldea. Dakizuenez, bera 1991. urtean hil zen, baina uste dut musika bikaina utzi digula. Pink Floyd, Bruce Springsteen... ere asko gustatzen zaizkit.
Zein izan da irakurri duzun azken liburua?
Azken liburua Paul Austerren “El libro de las ilusiones” izan da, eta oso entretenigarria iruditu zait. Baina ez bakarrik entretenigarria, baita sakona eta pentsarazten duenetakoa ere.
Ikasle ona al zara?
Hori nire irakasleei galdetu beharko zeniekete, baina oraingoz ikasturtea ondo ateratzen ari naiz.
Batxilergoko 2. maila ikasten ari zara, zein asmo duzu etorkizunerako?
Normalean, aktore izan nahi duen edonork, arte dramatikoa egitera joan behar izaten du. Gauza da horrek irtenbide gutxi dituela. Oso aktore ona izan behar duzu lana lortzeko. Hortaz, ikus-entzunezko komunikazioa egiteko asmoa dut, baina irratiari eta telebistari zuzendua; hortik zerbait ateratzen bada, oso ondo, eta, bestela, zorte txarra.
Telebistan lanik egin al duzu?
Bai, 13-14 urterekin hasi nintzen. Betizu saioan aritu naiz batez ere. Galdereitor-ekin hasi nintzen, Danonek promozionatutako saio batean, Kaikuk promozionatutako beste batean... Askotan jendeak pentsatzen du oso lan sinpleak eta errazak direla, baina emanaldiak zuzenean dira eta, umeren baten deia zuzenean jasotzen duzunean, ezin duzu jakin nondik nora joko duen. Bost zentzuak horretara jarrita egon behar duzu.
Egin al duzu inoiz antzerkirik? Gustatuko litzaizuke?
Antzerkia ikastolan egin dut bakarrik, baina oso polita dela uste dut. Zinema baino politagoa zentzu askotan; ez guztietan, noski. Film bat ikusten ariko bazina bezala da, baina aktoreak bertatik bertara ikusten dituzu. Aktoreak pantailan edo zuzenean ikusi, aldaketa handirik ez dela dirudi. Gauzak asko aldatzen dira, ordea.
Horrekin gehiago ligatuko duzu, ezta?
Hori mito bat dela uste dut. Jende askok esaten dit: “Orain telebistan ateratzen zarenez, neskak gehiago hurbilduko zaizkizu, ezta?”. Bada, ez, berdintsu, edo gutxiago. Gainera, nik egin ditudanak ez dira Spielberg-en filmak, umeen filmak baizik, eta hori ez da oso erakargarria jendearentzat.
Inoiz autograforik eskatu al dizute?
Bai, batzuek txantxetan eta beste batzuek serio; normalean ume txikiek. Txantxetan ari direnei esaten diet: “Agur” , baina umeei ilusioa egiten die. Beren aurpegiak ikustean antzematen da hori.
Zenbat hizkuntza menderatzen dituzu?
Menderatu, euskara eta gaztelania; gero, ingelesean nahiko maila altua daukat, eta alemanieran oinarrizkoa.
Zuk bikoiztutako filmak ikusten al dituzu?
Bai, bikoizten ditudan bitartean ahotsa jarri eta berriro entzun behar izaten ditugu, ondo gelditu den ala ez ziurtatzeko. Gero azken emaitza batzuetan ikusten dut, eta besteetan ez. Dena den, oraindik nahikoa arraroa egiten zait nire ahotsa entzutea; ohitu gabe nago oraindik.
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza
/ Testu Normala
/ Testu Zailagoa
/ Testu Zailena
|