Donostia auzoka
|
Oskorri eta Kukubiltxoren emanaldia
|
|
Irailaren 10ean Kursaalean "Doktor Do Re Mi eta benedizebra" ikuskizuna
|
|
Oskorri musika taldeak eta Kukubiltxo antzerki taldeak elkarlanean egindako lan berria, "Doktor Do Re Mi eta benedizebra", irailaren 10ean ikusi ahal izango da Donostian, Kursaalean, hain zuzen. Emanaldia arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Euskararen Udal Patronatuak antolatutako emanaldi honetan, 23 kanta labur eta beste hainbeste sketch eskainiko dira. Antzerkia eta musika nahasten dituen haurrentzako ikuskizun magiko honetan, bi zientzialari dira protagonista nagusiak: Doktor Do Re Mi eta bere laguntzailea. Bi pertsonaia horien inguruan antolatzen da emanaldia, Kukubiltxo taldearen laguntzaz eta kontzertura hurbildutako haur guztien parte hartzeaz. Oskorri eta Kukubiltxoren ikuskizunak arrakasta handia izan du orain arte, eta Donostian ere harrera bera espero dute. "Katuen testamentua" eta "Mari Jan kanta zan" izan dira bi talde hauek elkarrekin egindako mota honetako beste lanak.
Euskararen Donostiak sustatutako diskoa
Irailaren 10eko emanaldia "Doktor Do Re Mi eta benedizebra" diskoan oinarritua dago. Donostiako Euskararen Udal Patronatuak aipatu diskoa egin zezan eskatu zion Oskorriri, gure hirian jaiotzen diren haurrei oparitzeko. Urtean 1.500 bat haur jaiotzen dira Donostian, eta opari hau egiten zaie jaioberrien familiei. Haurrek euskararekin harreman atsegin eta naturala izatea da xedeetako bat-.
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza
/ Testu Normala
/ Testu Zailagoa
/ Testu Zailena
|