Elkarrizketa
|
|
“Zenbat eta urte gehiago bete, orduan eta gozozaleago bihurtzen garela dirudi”
|
|
Mirenek Alde Zaharreko Izar gozotegian lan egiten du. Gozotegi honetan, bere senarraren familiak lan egin du betidanik, eta oraingoa hirugarren belaunaldia da. Gaur egun Mirenen senarra eta haren anaia dira jabeak. Gainera, dendako produktuak etxean egindakoak dira.
|
Mirenek gozotegiari buruz eta berari buruz hitz egin digu elkarrizketa interesgarri honetan.
Zenbat urte daramatzazu Izar-en lanean?
Hogeita zazpi urte daramatzat, hamalau urte nituenetik, orain arte. Urte asko daramatzat hemen lanean.
Gustura al zaude zure lanarekin?
Bai, oso gustura nago, asko gustatzen zait nire lana, eta oso irekia naizenez, primeran moldatzen naiz.
Zein izan dira zure ikasketak?
Oso gaztea nintzenean hasi nintzen lanean, eta, horregatik, lehen hezkuntza besterik ez daukat egina. Gainera, niri ez zitzaidan batere gustatzen ikastea.
Gozogile izango ez bazina, zer izango zinateke?
Kazetari izatea gustatuko litzaidake, nire alaba bezala. Kazetaritza ikasten ari da. Baina gozogilea naiz, eta oso pozik nago.
Gozo-denda batean arituta, jende asko ezagutuko duzu, ezta?
Bai, jende asko ezagutzen dut, jendea sarritan etortzen delako, bai Euskal Herriko bezeroak, bai kanpotarrak. Nire ilobarekin paseatzera joaten naizenean, beti esaten dit jende asko ezagutzen dudala, kalean askok agurtzen nautelako.
Batzuetan, ez duzu pastelak hartzeko tentaziorik izaten?
Bai, egia esan, asko erakartzen nau gozoak. Oso gozozalea naiz!
Uste al duzu zure alabak zure bidea jarraituko duela?
Ez, lan asko egin behar da, eta jarraian, gainera. Asteburuetan ere ireki egin behar da. Hala ere, ez dut uste gustatzen zaionik.
Normalean, zenbat ordu ematen dituzue lanean?
Normalean, zortzi bat ordu, baina batzuetan aldaketak egiten ditugu.
Lehenago etorri behar izaten duzue dena prestatzeko?
Nahikoa da hamabost minutu lehenago etortzea, bezeroak iristen direnerako, dena prest izateko.
Nork jarri zion izena dendari? Ba al dakizu zergatik?
Bai, nagusiaren amonak jarri zion izena, bere abizena zelako.
Lehiaketaren batean parte hartu al duzue?
Ez, ez dugu inongo lehiaketatan parte hartu; beraz, ez dugu saririk irabazi.
Zein da gehien erosten den pastela?
Gorbea izenekoa da gure espezialitatea. Hojaldrezko hostopilak, krema eta esne-gainez beteak. Oso onak dira. Baina baita euskal pastela, merengea, eta sagar-tarta ere. Pontxeak dira niri gehien gustatzen zaizkidanak.
Zer motatako erosleak etortzen dira, adinekoak ala gazteak?
Normalean adinekoak etortzen dira, zenbat eta urte gehiago bete, orduan eta gozozaleago bihurtzen garela dirudi. Baina, tira, denetatik dago.
Urteetan zehar, gozoak aldatu egin al dira?
Bai, lehen ia-ia ez zegoen gozorik, aukera gutxi zegoen, orain berriz, zapore eta kolore guztietakoak daude (barreak).
Garai jakinetan produktu bereziak egongo dira, ezta? Esaterako, Gabonetan.
Bai, noski. Adibidez, turroiak, errege-opilak... Bolada batzuetan pastel batzuk gutxiago egiten dira, eta beste batzuk gehiago.
Produktuak zuek egindakoak dira, baina non prestatzen dituzue gozoak?
Martuteneko 27. poligonoan daukagu lantegia. Etxeko produktuak dira denak! Eskuz eginak, konfiantza osokoak!
Bitxikeriaren bat gertatu al zaizue?
Beldurrezko zine-astean beti Santiago Segura etortzen da (barreak). Hasieran lotsatu egiten ginen denak, baina, jadanik ohitu gara. Ikusten denez, gure pastelak gustatzen zaizkio. Erosle asko ezagutzen ditugu, erosten dutenaren arabera.
Donostian, bertako gozorik egiten al da?
Noski: Pantxineta, Goxua, Potolintxoa, Euskal pastela, Alpargata...
Etorkizunean nola ikusten dituzu gozotegiak?
Gozogintza, artisau-lan bezala, gaizki dago, gazteek ez baitute aste bukaeretan lanik egin nahi. Gozotegi industrialak, berriz, aurrera egingo du, merkea da eta.
|
|
Amaia Jauregi, Maialen Perez eta Haizea Galarreta
|
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza
/ Testu Normala
/ Testu Zailagoa
/ Testu Zailena
|