euskaraz.net
Uhandreak

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 81 2006/06 »  Uhandreak

Ekologia

Uhandreak


Buztan luzeko anfibioak dira uhandreak. Oso aspaldiko animaliak dira, eta, gure artean ere ikus ditzakegu. Euskal Herrian bizi direnak, pirinioetako uhandrea, jaspeztatua, alpetarra eta palmatua dira.

Uhandreek, uretan bizitzetik lurrera pasatu zirenean, salto handia egin zuten beren garapenean. Badira laurehun milioi urte hori gertatu zenetik. Crosopterigio izeneko arrain batzuek, lurrean bizi ahal izateko, hankak eta birikak garatu zituzten pixkanaka-pixkanaka. Badirudi, horren arrazoia, lurrean izandako lehorte bat izan zela. Lehortearen ondorioz, ura utzi eta kanpoko girora ohitzeko beharra sortu zitzaien. Horrela jaio ziren lehen anfibioak. Batzuk garatu egin ziren, eta lehen narrastiak jaio ziren. Horietatik, hegaztiak eta, gerora, ugaztunak sortu ziren.

Gaur egun, garapen hori guztia oso azkar gertatu zela iruditzen zaigu, egungo uhandreen bizitza aztertuta. Beren larbek arrain itxura dute, uretan jaiotzen direnean. Arnasteko brankiak dituzte, eta buztan zapala. Metamorfosiaren ondoren, brankiak galdu, eta azaletik eta biriketatik arnasten hasten dira, lurrera egokitu ahal izateko.

Baina metamorfosian ez dute buztana galtzen, zapo eta igelek bezala, eta, hanken gainean ibili beharrean, sabelarekin lagunduz “s” tankerako mugimenduak eginez higitzen dira.

Bizitza osorako isatsa

Uhandreak eta arrabioak urodeloen taldekoak dira. Isatsa agerian dute, eta 8-15 zm inguru neurtzen dute.

Udaberrian, ugaltze garaian, ur putzuetara mugitzen dira. Garai honetan gandor bat hazten zaie arrei. Uretan arrak jarraipen bitxia egiten du: emearen parean jarri, buztana astindu, eta sustantzia usaintsuak botatzen ditu emea erakartzeko. Une horretan espermatozoideak ekoizten ditu, eta emearen kloakaren ondoan itsasten ditu. Zenbait dozena arrautza erruten ditu emeak. Banan-banan, putzuko belarretan itsasten dituzte eta, ondoren, uretatik ateratzen dira.

Lurrean daudenean, oharkabean pasatzen dira. Oso azal leuna dute, aski hezea eta batzuetan uxagarriak botatzen dituzte defendatzeko. Substantzia hauek narritadura sor dezakete gizakiaren begitan.

Euskal Herriko lau espezieak

Lau espezie hauetatik bik nahiago dute mendi garaietan bizi; beste biek, aldiz, lautada aukeratu ohi dute.

Pirinioetakoek gorputz-enbor lakatza eta arre kolorekoa dute, eta sabela, berriz, laranja argia. Buru zapala eta begi txikiak dituzte, eta lakuetako ur hotzetan bizi dira soilik.

Uhandre jaspeztatua berdea da, eta orban beltzak eta sabel alde grisa ditu. Basoetan ikus daiteke errazen.

Alpetarra ur zatiketa gertatzen den eremu garaietan bizi da. Dotoreenetakoa da.

Gehien ikusten dena palmatua da. Euskal herri osoan badago ere, Nafarroa hegoaldean eta Errioxa arabarrean ez da hain ugaria.

Arrabioak

Isatsa duten anfibioak dira. 15 zm neur dezakete. Gorputz zapal, sendo eta hezea dute. Beltzaren gainean, kolore biziak dituzte. Bizigarri horiek aldatu egiten dira arrazaren baitan. Lurrekoak eta gautarrak dira, eta pagadiak eta hariztiak gustuko dituzte.

Emea ernaltzerakoan, arrautzak gorputz barnean garatzen dira, eta erreka bazterretan jaiotzen dira larbak, lehen asteetan urtarrak izaten baitira. Erreketara hurbiltzean, askotan, erori eta bertan itotzen dira.

Bai arrabioek, bai uhandreek, birsortzeko ahalmen handia dute. Zientzialarien jomuga dira. Berengan elbarritutako zatiak nola birsortzen diren ikertzen dute, gero gizakiari aplikatu ahal izateko.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena