euskaraz.net
Liburuak

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 81 2006/06 »  Liburuak

Irakurritakoak

“ Elezaharren bidetik”

Idazlea: Martin Anso
Argitaletxea: Alberdania

Liburu hau elezaharren bilduma bat da: Martin Ansok 2002-2003 urteetan astero Gara egunkarian argitaratu zituen kondairen bilduma, hain zuzen. Kondaira hauek Euskal Herriko zazpi probintzietako herrietan barrena bildu dira: Donibane Lohizunen, Donostian, Baionan, Zarautzen, Zangotzan eta abar. Hainbat gaien inguruko abenturak eskaintzen zaizkigu: amodiozkoak, piratei buruzkoak, beldurrezkoak, animaliei buruzkoak eta abar. Niri gehien gustatu zaizkidanak “Zakur beltza” eta “Garesko txoria” dira, animaliak gustukoak ditudalako. Benetan liburu polita da, adin guztietako pertsonentzat. Elezahar hauekin Euskal Herriko mitologia hobeto ezagutuko duzu. Anima zaitez!

Raquel Galdos DBHko 3. maila
“Palestina, zure mina”

Idazlea: Begoña Bilbao
Argitaletxea: Elkar

Sawsan, Gazako erietxe batean esnatzen den emakume gazte bat da. Kolpe bat jaso du buruan, eta ez du ezer gogoratzen: ez nor den, ez nongoa den... Apurka-apurka oroimena itzuliko zaio. Rafahn, Jabalyako errefuxiatuen gunean, Gazan eta Jerusalemen barrena ibiliko da. Hebraieraz daki, eta arabiarrez ere bai; ondorioz, ez daki palestinarra edo judutarra den. Bertan gertatzen denaz jabetzen joango da, apurka-apurka. Oroimena berreskuratu eta kontzientzia bereganatuko du. Hala, zapaldutako herria aurkituko du: Palestina. Bere herria. Liburuak ekialde hurbileko egoera zein den kontatzen du, eta, Palestinaren egoera larria deskribatzen du. Azkar irakurri dut, ondoren zetorrena irakurri nahian. Palestinaren egoera hobeto ezagutzeko oso egokia iruditu zait. Oso entretenigarria da, nahiz eta apur bat tristea izan, istorio gogorrak kontatzen dituelako.

Naiara Garcia DBHko 2.B. La Asuncion


“Gloria Mundi”

Fernando Morillo
Argitaletxea: Elkar

“Gloria Mundi” liburua asko gustatu zait. Nahiz eta luze samarra den, abentura interesgarriak kontatzen ditu. Liburuak bi zati ditu; lehenengoan, XX. mendearen erdialdean, Einstein eta beste zientzialari batzuk sortutako elkarte sekretu baten istorioa azaltzen zaigu. Mundua kolokan jar dezakeen arazo bati aurre egiteko sortu dute talde hori. Bigarren atala, berriz, Donostian girotua dago, eta bertan Mireia izeneko neska gazte fisikari baten istorioa kontatzen zaigu. Laborategian dagoela, formula berezi batekin topo egiten du Mireiak, baina susmoa du, bat-batean laborategiak su hartzen du eta... Lagundu iezaiezu Amaiari, Josebari eta Dianneri Mireiaren inguruko misterio guztiak argitzen. CIAko espioiak, Donostiako Amara eta Ibaeta auzoak, kazetariak, ertzainak eta mundu osoko talde sekretuak ageri dira nonahi. Liburuaren arazo bakarrenetarikoa fisikako gaiei buruzko hiztegia izan daiteke, baina erraz ulertzeko modukoa da.

Ruben Salagre, La Asunción ikastetxea, DBHko 4. maila. Peñaflorida BHI, 2P taldea
“Xerezade”

Idazlea: Deborah Elis
Argitaletxea: Ibaizabal

Xerezade Bagdadeko bisirraren alaba zen. Xerezadek sultanarekin ezkondu nahi zuen, eta bazekien gau bat berarekin pasatu ondoren Sultanak hilarazi egingo zuela. Gauean, Xerezadek ipuin korapilatsuak kontatzen zizkion senarrari, eta egunsentia argitu baino lehen, bukatu gabe, momenturik interesgarrienean uzten zituen, bazekielako, horrela, Sultanak beste gau bat berarekin pasatu nahiko zuela, amaiera jakin ahal izateko, izugarri gustatzen baitzitzaizkion istorio haiek. Modu horretan, gauak joan eta egunak etorri, Xerezadek bizirik iraun zuen.
Liburu entretenigarria iruditu zait, batez ere, Xerezade zein azkarra zen eta senarrak ez hiltzeko zer egiteko gai zen erakusten baitu. Bestalde, agertzen diren istorio korapilatsuak bitxiak dira. Merezi du irakurtzea, kontatzen diren istorioek badute zer erakutsia eta.

Jasmina Mohamed La asunción ikastetxea dbhko 1. maila

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena