euskaraz.net
Reala: Mikel Alonso

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 82 2006/11 »  Reala: Mikel Alonso

Elkarrizketa

Mikel Alonso
“Realak UEFA jokatuko duela iruditzen zait”

Mikel Alonso Realeko futbolaria da. Mikel Tolosan jaio zen 1980ko maiatzaren 16an. Zelai erdian jokatzen du. Bi anaia ditu: Xabi eta Jon. Xabik Ingalaterrako Liverpool taldean jokatzen du, eta Jonek, berriz, epaile lanak egiten ditu. Beren aita, Periko Alonso, Realeko jokalari eta entrenatzaile izan zen.


Noiztik jokatzen duzu futbolean?

Betidanik. Etxean, aita eta anaiarekin jokatzen nuen, eta aita entrenatzailea eta jokalaria izan zenez, berak erakutsi zigun. Xabik eta nik asko ikasi genuen, aitak irakatsi zigulako.

Realetik kanpo, zein taldetan jokatu duzu? Eta zeinetan egon zara gusturago?

Antiguokon eta Ekintzan jokatu dut. Antiguokon gusturago egon naiz, baina Realean eta Ekintzan ere ondo egon naiz. Horregatik nago orain Realean; ondo nagoelako.

Denbora librean, zer egitea gustatzen zaizu?

Irakurtzea oso gustuko dut. Libre daukadan denbora irakurtzen pasatzen dut. Oso dibertigarria iruditzen zait. Liburu asko irakurtzen ditut oso denbora gutxian.

Futbola dela-eta, zure lagunekin egoteko astirik izaten duzu?

Bai, denbora dezente dut. Entrenamendurik ez dudanean, beraiekin egoten naiz. Afaltzeko, adibidez, gustatzen zait beraiekin edo familiarekin egotea; hartara, futbola aparte geratzen da.

Futbolaria izan nahi zenuen, ala aitak esan zizun futbolari izateko?

Ondoen egiten dakidan gauza da. Neronek erabaki nuen. Nire aita entrenatzailea eta jokalaria izan arren, nik erabaki nuen futbolaria izatea, ez aitak. Niri futbola gustatzen zitzaidan, eta baita nire anaiei ere.

Zure anaiarekin ondo moldatzen al zara? Zergatik?

Bai, oso ondo konpontzen gara. Bioi futbola gustatzen zaigu, eta gauza asko egiten ditugu elkarrekin. Beti ibili izan gara elkarrekin.

Zure anaia joan zenetik, askotan etortzen al da bisitatzera?

Ez, gutxitan etortzen da bisitan. Ez du denbora asko, eta han geratzen da gehienetan; baina, tarteka, egiten ditu bisitak. Maizago etortzea nahi nuke, faltan sumatzen dut eta.

Kalean zabiltzanean, jende asko hurbiltzen al zaizu?

Ezagutzen naute, baina hurbildu ez dira asko egiten. Batzuk begira geratzen dira, eta, askotan, ez dakite ni naizen edo ez... Beste batzuk, berriz, hurbildu egiten dira, eta autografoa sinatzeko eskatzen didate.

Une horietan, futbolari ez izatea gustatuko litzaizuke?

Batzuetan bai, baina beste batzuetan ez. Bai, jendeak ospetsuei ez dielako besteei bezala begiratzen; baina beste batzuetan ez, futbola gustatzen zaidalako, eta txikitatik amets egiten nuelako futbolaria izatearekin.

Inoiz izan al duzu lesio larririk?

Duela bi urte, gutxi gorabehera, lesio larri bat izan nuen: hezur metatartsianoan ebakuntza egin zidaten. Gainerantzean, lesioak izan ditut, baina ez oso larriak.

Sartu dituzun golen artean, zein da ilusio gehien egin dizuna?

Nire lehenengo golak ilusio handia egin zidan. Osasunaren aurka izan zen. Lehen gola izateak aparteko ilusioa egiten du.

Zuen familiak zer moduz darama hiru semetatik bi futbolariak izatea?

Ondo. Zirrara eragiten diete partiduek. Lehen, nahikoa izaten zuten partidu bakarra ikusita; orain, bi ikusi behar dituzte: Liverpoolena eta Realarena.

Ba al daukazu zortea ematen dizun gauza bitxirik?

Ez, ez daukat gauza bitxirik. Nire taldeko batzuek badaukate, baina nik ez. Ez dut horretan pentsatu. Baina, agian, badut zerbait egiten dudana eta ni ohartzen ez naizena, ez dakit.

Espainiako Ligatik kanpo, zein taldetara joango zinateke?

Espainiatik kanpo, Chelsea-ra joango nintzateke; beste mundu bat izan behar du talde horrek.

Eta Espainian?

Bartzelonara joatea gustatuko litzaidake. Hoberenak dira, oso ondo jokatzen dute, eta taldean giro ona dutela iruditzen zait.

Ba al duzu ohituraren bat zelaira atera aurretik?

Nik ez. Batzuek ohitura asko dituzte zelaira ateratzerakoan, baina nik ez dut besteen ohitura horien berri emango.

Futbolaria ez bazina, zer izan nahi zenuke?

Ez dakit ziur, baina beti atentzioa eman didate ikertzaileek. Ez dakit zergatia esaten, baina gustatzen zait mundu hori: ikertzea, gauzak begiratzea..., baina ez dakit ezertxo ere horretaz.

Futbolaz gain, zein kirol gustatzen zaizu?

Igeriketa eta surfa egitea asko gustatzen zait. Urarekin harremana duten kirolak gustatzen zaizkit; urak erlaxatu egiten nau.