euskaraz.net
Zaldi jauziak

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 82 2006/11 »  Zaldi jauziak

Kirolak


“Egunero joaten naiz hipikara entrenatzera”
“Txapelketetan 12 urterekin hasi nintzen”
Edurne Rodríguez Arruek 4. DBH ikasten du Arantzazuko Ama BHIn. Irailaren 29tik urriaren 1a arte Bartzelonan izan zen Edurne, San Cugaten, Jauzi Lehiaketan parte hartzen. Ilot de B’Neville zaldiarekin aritu zen bertan.


Edurnek 4 puntu irabazi zituen lehiaketako lehen egunean, azken jauzian hesia bota zuelako; baina, dena den, azkarrena izan zen. Bigarren egunean 3. postua lortu zuen; lehiaketa hori besteak baino zailagoa zen, jauzi bakoitza puntuatzen baitzuten, eta puntu gehien lortzen zituen lehiakideak denbora hoberena lortzen zuelako. Hirugarren egunean, berriro 3. postua lortu zuen A2 izeneko proban. Hala, bi trofeo eskuratu zituen Edurnek.

Noiztik gustatzen zaizkizu zaldiak?

Betidanik.

Nondik datorkizu zaldiekiko zaletasuna?

Telebistan ikusten nituen lehiaketak. Jauziak oso gogoko nituen, eta hortik sortu zitzaidan zaletasuna. Lehenengo zaldia 12 urterekin izan nuen, eta bigarrena 13 urterekin. Txikitan hasi nintzen.

Zenbat zaldi dituzu?

Hiru: Lucero, Bribon de Val eta Ilot de B’Neville.

Noiz ikasi zenuen zaldian ibiltzen?

Ondo ibiltzen, 12 urterekin.

Nola sortu zitzaizun hipikan aritzeko aukera? Zenbatean behin entrenatzen duzu?

Ikastaro bat egin nuen, eta asko gustatu zitzaidan. Amaitu nuenean, egunero hipikara joaten hasi nintzen, eta oraindik ere egunero joaten naiz. Astelehenetan izan ezik, egunero entrenatzen dut.

Lan handia ematen al dute zaldiek?

Egia esan, gehiegizkoa da, egunero beraiekin egon behar delako. Lehenengo garbitu egin behar dituzu, gero zaldian ibili, dutxatu, berriro garbitu eta, azkenik, lo egiteko bendak eta manta jarri behar zaizkio. Lan handia egin behar da zaldiak ondo zaindu eta txukun izateko.

Noiz hasi zinen txapelketetan?

12 urterekin hasi nintzen, baina ez nire zaldiarekin, ordea. Gutxi gorabehera, 17 bat aldiz geratu naiz lehenengo postuan.

Gustatzen al zaizkizu txapelketak?

Bai, asko gustatzen zaizkit, baina hasieran gorroto nituen, beti urduri nengoelako


MOTZEAN
Urtaroa. Udaberria.
Kolorea. Berdea.
Liburu bat. Aitor Aranaren “Amodioaren gazi-gozoak”.
Disko edota kanta bat. Belinda.
Pelikula bat. Narnia.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena