euskaraz.net
Institutuak 25 urte

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 83 2006/12 »  Institutuak 25 urte



Iritzi-miritziak

Institutuak 25 urte bete ditu
Duela lau urte, eskola utzi eta institutuan hastean, garai berri bat hasi zen niretzat. Hasieran galduta sentitu nintzen; irakasleak, ikaskide asko, egoitzak... dena zen berria! Eta, horrez gain, nire baitan ere aldaketak gertatzen ari zirela ohartu nintzen: haur izateari utzi, eta helduago egiten ari nintzen.

Institutuak nire bizitzaren zati handi samarra hartzen du; izan ere, egunero bost ordu (batxilergoan sei) bertan egiten baikenituen, eta ezin ahaztu etxerako lanak ere. Horregatik, hasieratik, ikasketetan saiatzea erabaki nuen. Baina ikasteari ez ezik, besteekiko harremanei ere beren garrantzia eman nien. Lagunak oso garrantzitsuak dira, izan dira eta izango dira gure bizitzan. Ongi aukeratu behar da norekin ibili, norekin fidatu.

Ikaskide batzuek ez diote garrantzi handirik ematen institutuari, ikasteari. Beharbada, ez dira konturatzen horrek eragin handia izango duela beren etorkizunean. Institutuan, pertsona bakoitzak bere nortasuna eta izateko modua garatzen ditu, lagunen arteko harremanak aldatzen dira, kultura maila hartzen da, ikasi egiten da, etab. Hori guztia, ordea, norberaren esku dago. Norberak aprobetxatu behar du aukera hori. Emaitzen errua ez da irakasleena bakarrik; neurri handian, geure esku dagoela onartu behar dugu.

Zenbat ikasle egon ote dira gure aulki eta mahaietan! 25 urtetan zehar zenbat amets, desio, porrot eta garaipen pilatu ote dira utzitako marka eta zirriborro horien artean? Askotan tristura, beste askotan poza, milaka hitz, milaka begirada, milaka ilusio, etab., baina bada aukera aprobetxatzen ez duenik. Hauxe duzue nire aholkua: jarraitu eredu eta bide onari institutuan, eta ez galdu ikasteko aukera. Gerora, eskertuko duzue.
Saharay Zaramalilea (Batxilergoko 1. maila)

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena