Iritzi-miritziak
|
Eskolan irakurritako liburuak
|
|
Eskolan liburu asko irakurtzeko eskatzen digute: euskarazkoak, ingelesezkoak edota gaztelaniazkoak. Interesgarriak direnean, oso gustura irakurtzen ditugu, baina batzuetan, aspergarriak iruditzen zaizkigu. Ikasle batzuek nahiago lukete beren gustuko liburuak irakurtzea. Iritziak jasotzeko, DBHko 4. mailako ikasleei galdera hauek egin dizkiegu: liburuak irakurri behar al genituzke eskolan? Ondo iruditzen al zaizu liburu jakin batzuk agintzea, ala nahiago duzue zuek aukeratzea?
|
|
|
Eider Martin
Eskolako liburu batzuk ez zaizkit gustatzen, oso aspergarriak, luzeak eta ulertzen zailak direlako; batez ere, gaztelania ikasgaian, antzerkia edo poesia irakurtzea eskatzen digutenean. Beste batzuk oso interesgarriak dira; gure adinekoen inguruko istorioak kontatzen dituztenean, batez ere.
|
Killian Telleria
Eskolan ez genuke libururik irakurri behar, nahi duenak etxean irakur dezala. Niri ez zait irakurtzea gustatzen, eta ez zait ondo iruditzen irakasleek horretara behartzea. Eskolako liburuak ez dira interesgarriak; irakasleei interesgarriak irudituko zaizkie, baina guri ez.
|
|
|
Natalia Salaverria
Irakurtzea asko gustatzen zait, baina irakasleek eskatutako liburu batzuk, zailak izateaz gain, oso aspergarriak dira. Irakurtzera behartzen bagaituzte, gogoz kontra irakurriko dugu, eta irakurtzeari gorroto handia hartuko diogu. Liburuak guk aukeratzea proposatzen dut.
|
Iñigo Bengoa
Ez zaizkit eskolako liburuak gustatzen. Oso aspergarriak dira, eta asko irakurrarazten digute. Niri abenturazko eta akziozko liburuak gustatzen zaizkit. Geuk erabaki beharko genuke zein liburu mota nahi dugun.
|
|
|
Marta Cibrian
Eskolan liburuak irakurtzeko esaten digute, kultura aldetik aberasteko, eta hori ondo dago, baina irakasleek aukeratutako gaiak oso aspergarriak dira. Irakurtzea ez zait asko gustatzen, baina gazteok gusturago irakurtzeko, liburuak geuk aukeratzea proposatuko nuke.
|
Ane Gastesi
Eskolako liburuak ez zaizkit gustatzen. Oso aspergarriak dira. Ikasgai bakoitzeko hiru bat liburu irakurri behar ditugu. Euskarazkoak nahiko erraz irakurtzen dira, eta batzuk gustuko izaten ditugu. Liburuak geuk aukeratzea nahi dugu, gure gustukoak izan daitezen. Liburuak irakurri behar ditugunez, irakurri egiten ditugu.
|
|
|
David Rodríguez
Eskolan hainbeste liburu eskatzea ez da ona; era horretan, liburuak gorrotatzen bukatuko dugu. Gehienetan, liburuen gaiek ez dute zerikusirik gure gauzekin. Eskolako lanekin eta azterketekin denbora gutxi geratzen zaigu irakurtzeko, eta hiruhilabete batean gutxienez bi liburu irakurtzera behartuta gaude.
|
Joseba Zuloaga
Eskolako liburuak, ez zaizkit gustatzen; derrigorrez irakurri beharra ez zaidalako gustatzen; aldiz, gaia librea denean, hobeto irakurtzen ditut liburuak. Adibidez, gaztelania ikasgaian bidalitako liburuak oso aspergarriak dira, batez ere antzinakoak, edo oso luzeak direnak.
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza
/ Testu Normala
/ Testu Zailagoa
/ Testu Zailena
|