euskaraz.net
Intxaurrondoko kiroldegia

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 83 2006/12 »  Intxaurrondoko kiroldegia

Donostia auzoka


Ingurune honetan egingo dute eraikina.
Berrikuntza handiak egingo dituzte intxaurrondon
Kiroldegi bat egingo dute, eta bertan igerilekuak, hidromasajea, liburutegia, kafetegiak, eta abar jarriko dituzte.

Intxaurrondon kiroldegi berria eraikiko dute, Siustegi parkean, hain zuzen. 6.500 metro koadro izango ditu, 52.000 metro koadroko lursailean. Guztira 8.972.000 euroko inbertsioa egingo da, eta proiektua egiteak bakarrik 243.000 euro balio du. Odon Elorzak esan duenez, proiektua bi hilabeteren buruan prest egongo da. Gero lehiaketa egingo da, plana onartuko dute, eta obretan hasiko dira. 2009rako martxan jartzea da asmoa.

Kokapena

Intxaurrondoko Siustegi parkean egingo dute proiektua, Intxaurrondo Hegoan, Ikastetxe Publikoaren eta Donostiako saihesbidearen artean. CTSS autobus konpainiaren ondoan egitea pentsatu zuten, baina lursail mugatua denez, eta auzoaren bazter batean gelditzen denez, Siustegi parkean egitea hobetsi zuten.

Kiroldegi berriaren zerbitzuak

Igerilekuak: bi igerileku jarriko dituzte, eta horietako bat kristalez estalita egongo da, udan zabaltzeko moduan. Solarium handi bat ere izango du.

Liburutegia: solairu oso bat hartuko du, eta ikus-entzunezko zerbitzua izango du.

Kanpoko pistak: futbolean, saskibaloian eta eskubaloian jokatzeko balioko dute. Bi pista egingo dituzte, bata gazteentzat eta bestea helduentzat, 65 urtetik gorakoentzat.

Gaztelekua eta haurtxokoa: gazteentzat eta txikientzat izango da, eta jarduera asko egingo dituzte bertan.

Hiritarrentzako arreta bulegoa: udal izapideak egingo dira hor, eta udaletxeko informazioa eskuratzeko bulegoak ere egongo dira.

Sauna eta gimnasioak: sauna eta hidromasajerako gelak ez ezik, 150-200 metro koadroko bi gimnasio ere egingo dituzte, eta horietako bat ariketa kardiobaskularrak egiteko prestatuko dute.

Taberna eta jatetxea: igerilekura jotzen duen begiratoki bat, eta kanpora ematen duen terraza handi bat izango ditu.

Bilera gela: auzoko erakundeek erabiltzeko, bilera gela bat jarriko dute.

Erakusketa gela: erakusketa txikiak egin ahal izango dira bertan.

Gela balioanitzak: lau gela izango dira, ikastaroak eta tailerrak egiteko.



Gaur egungo instalazioak

Egun, auzo honetan ez dago era horretako instalazio handirik. Batetik, Mons-eko kiroldegia daukagu. Saskibaloi eta futbol aretoa, tenisean jokatzeko pistak, sauna eta fisioterapiarako gelak ditu. Ez du, ordea, igerilekurik. Ikastaro batzuk eskaintzen dituzte bertan: yoga, aerobika, tenisa, etab.

Bestetik, bi liburutegi ditugu: Larrotxene, Intxaurrondo Zaharrean, eta Intxaurrondo Berri, Txara 2n. Eraikin berria amaitutakoan, itxi egingo dute Txara 2ko liburutegia.

Luis, Vanesa, Laura, Garazi, Maider, Tania, Saioa eta Eva


Siustegiko jolas-parkea eta pasealekua.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena