euskaraz.net
Sugegorriak

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 83 2006/12 »  Sugegorriak



Ekologia

SUGEGORRIAK
Sugeak eta sugegorriak animalia gaizto eta maltzurtzat hartu ohi dira, antzinako kultura batzuetan izan ezik. Pozoia botatzeko duten gaitasunetik datorkie ospe txar hori .
Euskal Herrian hamaika suge espezie bizi dira. Horien artean, sugegorriak. Sugeetatik erraz bereizten dituzten ezaugarriak dituzte sugegorriek: hiruki erako burua dute, eta zatitutako ezkatak. Begi-nini bertikalak dituzte, eta sugeek, aldiz, borobilak izaten dituzte. Sugegorrien pozoiarekin kontu handia eduki behar bada ere, oso gutxitan izaten da hilgarria. Ehizarako eta defentsa gisa erabiltzen dute. Ahoaren gainaldean bi letagin huts dituzte, toxina injektatzeko erabiltzen dituztenak.

Sugegorriaren pozoiak odolaren koagulazio orekan eragiten du. Hala ere, kasuaren arabera, eragina modu batekoa edo bestelakoa izan ohi da. Sugegorriaren hozka ingurua ez da inoiz xurgatu behar, ez eta torniketerik jarri behar ere; nahikoa da hozkaren ingurua garbitzearekin.

Euskal Herriko hiru espezieak

Euskal Herrian atzeman diren hiru suge-espezieak seoane, aspis sugegorria eta sugegorri kantabriarra dira. Aspisa da hiruretan handiena; 70 zm luze izan daiteke. Besteak ez dira 60 zm luze izaten. Gehien ikus daitekeena seoane izenekoa da. Hau giro atlantiarrera ongi egokitzen da, eta horrelako asko daude Gipuzkoa eta Bizkaian.

Aspis motakoa Araba iparraldean eta Nafarroa erdialdean ikus daiteke. Aipaturiko hirugarren mota, berriz, Errege Bardeak inguruan bizi da.

Sugegorriak nekez nahasten dira. Mota bat bizi den tokian, ez da erraz besterik ikusten. Oso leku gutxitan bizi dira bi suge mota elkarrekin: Aralarren, Basaburuan, Ultzaman, Orreagan eta Iratin baino ez.

Beste sugeen antzera, sugegorriek ere larrua aldatzen dute. Karkasa zaharra eranzten dute harkaitzen kontra igurtziz, eta berria agertzen zaie azpian. Beroa ekoizteko ezintasuna dela eta, eguzkitan egoten dira. Azaroan eta neguan hibernatu egiten dute.

Sugegorriak zelatan egoten dira beren harrapakina noiz gerturatuko. Hurbiltzean, gainera salto egin eta pozoia sartzen diete. Segundo gutxira, harrapakina hil eta jan egiten dute. Sagu, hegazti, narrasti eta ugaztun txikiez elikatzen dira. Masailezurra lotailu batez lotua dutenez, asko ireki dezakete ahoa, eta harrapakina osorik irentsi.

Sugegorriak obobibiparoak dira. Emeak arrautzak bere barnean mantentzen ditu, eta udazkenean jaiotzen dira kumeak (lau kumetik hamahirura bitartean egiten ditu). Animalia harrigarriak, ezta?

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena