Donostia auzoka
|
|
“Fitxaketak seinale txarrak izaten dira; taldea ondo ez doan seinale”
|
|
Mikel Labaka azpeitiarra da eta 26 urte ditu. Ez da gogoratzen noiz hasi zen futbolean, baina txikitan izan zen, ikastolako taldearekin. Gero, pixkanaka, mailaz igotzen joan zen. 16 urterekin hasi zen Realean, gazteen mailan. Txikitan pilotan eta saskibaloian ere ibili zen. Adin horretan denetik egiten zuen, baina betidanik gustatu izan zaio futbola.
|
Pozik ospatu al zenuen zure lehenengo gola?
Bai, noski. Partida hori irabazi egin genuen eta gola sartzea beti da berezia.
Beste zein taldetan jokatu izan duzu?
Azpeitiko Lagun Onak taldean ibili nintzen, gero Iruneko Real Unionen urtebete egin nuen eta beste bat Ciudad de Murcia taldean.
Gustatzen al zaizu jendeak kalean zu ezagutzea? Zergatik?
(Kar, kar, kar) Aukeran balego, nahiago nuke ezetz, baina hori ez dago gure esku.
Lesio larririk izan al duzu?
Lesio larririk ez. Zaintiratuak eta horrelakoak bai, baina zorionez ez dut lesio larririk izan, eta ez izatea espero dut.
Ba al duzu zaletasunen bat?
Kirolzalea naiz eta mendira joatea gustatzen zait. Lagunekin egotea ere gogoko dut, baina askotan zaila izaten da elkartzea.
Mendia ala hondartza?
Mendia nahiago dut.
Neska lagunik ba al duzu? Nola du izena?
(Kar, kar, kar) Bai, azpeitiarra da, baina, axola ez bazaizue, ez dizuet haren izena esango.
Realean ba al daukazu norbaitekin harreman berezirik?
Harremana ona da guztiekin, baina bat esatekotan eta azpeitiarra izanda, Mikel Aranburu esango nizueke.
Zer iruditzen zaizu Jesuliren fitxaketa?
Fitxaketak seinale txarrak izaten dira; taldea ondo ez doan seinale. Baina helburua denok elkarrekin lan eginez taldea aurrera ateratzea da.
Zer moduz moldatzen zara Lotinarekin?
Ondo, ondo. Oraindik ez daramagu denbora asko elkarrekin, baina oso pertsona ona da, eta ea zortea dugun eta denbora luzez elkarrekin egoten garen.
Zein postutan jokatzen duzu? Gustura al zaude?
Defentsa naiz eta oso gustura ari naiz. Txikitatik jolastu izan dut postu horretan eta ohituta nago.
|
|
Izan al duzu familian futbolean ibili den norbait?
Bai, nire anaia. Ni baino bi urte zaharragoa da eta hirugarren mailako talde batean ibili da. Gainerakoan, inor ez.
Realetik aparte zein taldetan jokatuko zenuke gustura?
Oso pozik nago hemen, ni gipuzkoarra naiz eta ez nintzateke hemendik joango.
Gustatzen al zaizu Realeko jantzi berria?
Bai, aurrekoa baino gehiago gustatzen zait. Urdina argiagoa da eta, nire ustez, politagoa.
Izan al duzu inoiz liskarrik beste taldeko jokalariren batekin?
Ez. Zelaian beti izaten dira tentsio uneak, baina ez dut eduki ezer berezirik inorekin.
|
Arrate Mendiburu, Blas Borde eta Telmo Arrieta
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza
/ Testu Normala
/ Testu Zailagoa
/ Testu Zailena
|