Elkarrizketa
|
Odon Elorza
|
|
|
“Kursaaleko obra kostatu zait gehien”
|
|
Odon Donostian jaio zen 1955ean. Ezkonduta dago. Zuzenbidean lizentziaduna da eta 1979ko irailaz geroztik Talde Sozialistako zinegotzi eta bozeramailea da. Eusko Legebiltzarreko kide izan zen 1984tik 1991ra bitartean eta Etxebizitza, Azpiegitura eta Hedabideen atalean espezializatu zen. Kargu hori utzi zuen, udal eginkizunetan buru-belarri jardun ahal izateko. Donostiako alkatea da 1991ko ekainaz geroztik. Euskal Udalerrien Elkarteko (EUDEL) Batzorde Eragileko kide da, 1999ko azaroaz geroztik. Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioko (FEMP) Partaidetza Batzordeko presidentea ere bada. Odon Elorzaren helburua Donostia berritzea eta eraldatzea da. Bere egitasmoen berri eman digu elkarrizketa honetan.
|
|
Kataluniako plazan berritzeko Groseko bizilagunei galdetu diezu. Noren ideia izan da?
Nirea. Agian, gaizki dago esatea, baina ideia nirea izan zen. “Herritarren parte-hartzea” deituriko gaietan hainbat auzotako bizilagunek beraiei eragiten dieten gaien inguruko erabakietan parte hartzen dute.
Nolakoa izango da bertako aparkalekua: bizilagunentzat ala errotaziozkoa?
Aparkalekuak orain bi solairu ditu, baina zaharra eta deserosoa da. Askoz aparkaleku handiagoa egin behar dugu. Oraingo teknikek eta eraikitzeko sistemek lau edo bost solairuko aparkalekua egitea aukera ematen dute. Auzoko bizilagunek aparkatzeko toki gehiago behar dute eta kanpoko jendeak ere bai. 700 aparkaleku izango ditu, erdiak bizilagunentzat eta beste erdiak kanpotarrentzat.
Noizko bukatuko dira Katalunia plazako obrak?
Obrak 2007. urtearen bukaeran edo 2008. urtearen hasieran hasiko dira. Kontuan hartu behar da plaza egin aurretik aparkaleku bat egin behar dela, solairuekin. Solairuak eraiki ondoren egingo da plaza hori.
Herritarrei galdetuko zaie beste proiektuei buruz?
Bai. Eta egiten ari gara; adibidez, Altzan, goiko aldean, Auditz-Akular izeneko auzo berri bat egingo da eta bizilagunei horren gainean zer iritzi duten galdetzen ari gara. 3.000 etxebizitza inguru eraikiko dira bertan. Gehienak etxe babestuak izango dira. Dakizuenez, Donostian etxebizitzak oso garesti daude eta jende askok, gazteek bereziki, ezin dute etxerik erosi. Horregatik, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak etxe merkeagoak sustatu behar ditugu.
Martutenen ere egin dugu. Han bizilagunek erabaki dute nolako plaza nahi duten. Amara ere berritzen ari gara eta antzeko prozesua erabili dugu Marinelen plazan eta Prebosten ere. Ikusten duzuenez, ohikoak dira era honetako herri-galdeketa eta bilerak.
Pentsatu al duzu autobusen prezioa jaistea?
Beno, autobusen prezioa jaistea oso zaila da. Autobusen kostua urtez urte garestitu egiten da, esan nahi dut, gasolinaren prezioa igotzen ari dela, gidarien eta konpontzaileen soldata urtero igotzen da, gurpilen prezioak, aseguruak...dena igotzen da. Orduan, autobusaren prezioa mantentzen baduzu edo jaisten baduzu, nork ordaintzen du aldea? Esaterako, bonobusaren prezioarekin galtzen ateratzen gara, eta alde hori Udalak ordaintzen du zergen bidez. Oreka mantentzea lortu behar du Udalak.
Egindako obren artean, zein da gehien gustatu zaizuna?
Gehien gustatuko zaidana da, kasu honetan. Orain gutxi aurkeztu dut udalbatzan. Sagues eta Zurriola hondartza Monpasekin lotuko dituen pasabidea da, zubi modukoa. 800 metroko luzera izango du, itsasoaren gainean, eta bista ederrak izango ditu. Niri zoragarria iruditzen zait obra hau, izan ere, hori bukatuta, itsasaldeko pasealekua bukatuko dugu. Ondarretan hasi, Kontxara pasa, Alderdi Eder, Aquariuma, Pasealeku Berritik Zurriolara, Saguesen aurrera egin eta handik Monpas puntara.
Eta arazo gehien sortu dizuna?
Obra asko daude, baina nik uste zailenetako bat Kursaaleko obra izan dela. Moneoren obra teknikoki konplexua da, obra garestia da eta, gainera, polemika giroan egin genuen. Hiritar batzuei ez zitzaien gustatzen, eta kexa ugari azaldu ziren hedabideetan. Asko kosta zitzaidan hori egitea.
Tentazio asko eta presio handia egoten al da alkatearen bulegoan?
Beno, tentazioak... tentazio gaiztorik ez, hori jakin nahi baduzue. Nik nire soldata kobratzen dut, egiten dudan horretan sinisten dut, ezkerreko alkatetzat dut neure burua eta, zentzu horretan, oso gustura egiten dut lan.
Zerk erlaxatzen zaitu gehien?
Igeri egitea eta talasoterapiara joatea. Zinera joateak ere asko erlaxatzen nau eta baita nire ordenagailuaren aurka xake partida bat jokatzeak ere.
Zer iruditu zaizu gure elkarrizketa?
Oso ondo bideratu duzue, oso galdera egokiekin. Hau dena itzultzeko modua izango duzuela espero dut. Politikoen hizkera ez da erraza gazteentzat, baina pentsatzen dut irakasleek argituko dizuetela ulertu ez duzuena.
Josu Ruiz, Natalia Ansoalde eta Monica Buxeda
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza
/ Testu Normala
/ Testu Zailagoa
/ Testu Zailena
|