Donostia auzoka
|
|
Emilio “Amara Berriko zaharren egoitza zahartuta zegoen, eta berritzea erabaki genuen”
|
|
Katalina Erauso eskolaren ondoan, etxe handi baten beheko lokaletan, Amara Berriko Adinekoen Elkartea dago, Gure Egunsentia izenekoa. Hilabeteak egin ditu itxita berritzen ari zirelako. Hori dela eta, elkarteko lehendakari Emiliorengana jo dugu. Erraztasun guztiak eman dizkigu.
|
|
Noiz ireki zen Amara Berriko zaharren egoitza hau?
1978ko maiatzaren 4an ireki zen, eta Udalarena zen. Geroxeago, Udalak autonomia eman zigun eta lehen jubilatuen zentroa zena orain elkartea da. Guk kudeatzen dugu dena, gure kuotekin eta Udalak ematen digun diru laguntzarekin.
Gure elkartea auzoa haztearekin batera sortu zen. Lehenago Amara Zaharreko egoitzara joaten ginen. Etorkizunean, agian, Amara Osinaga edo Loiolako Erriberak auzo berrian eraikiko dute besteren bat.
Zergatik egin duzue halako berrikuntza sakona?
Ireki zenetik konponketarik egin gabe zegoen, eta urte asko ziren. Zahartuta zegoen eta berritzea erabaki genuen. Orain dena askoz modernoagoa da.
Hemen obrak egin bitartean, nora joaten ziren auzoko adinekoak?
Obrek iraun duten bitartean (7 hilabete luze), gure kideak oso deseroso sentitu dira. Katekesirako erabiltzen diren lokalak utzi zizkigun auzoko parrokiak, baina asko ez ziren gustura sentitzen han, gure lokaletara ohituta baitzeuden. Zoritxarrez, Udalak egin dituen obrek luze jo dute; hiru hilabeterako zena zazpi hilabete izan da.
Obrak bukatu ondoren, jende gehiago etorri al da?
Arrakasta handia izan dugu, eta 140 bazkide berri lortu ditugu. Oro har, jendeak oso ondo hartu du obra berria, baina badira obrarekin ados ez dauden bazkide batzuk ere.
Zein ekintza antolatzen dituzue adinekoentzat?
Ekintza asko antolatzen ditugu. Esate baterako, oroimena lantzeko ikastaroak, tai-chi adinekoentzat egokitua, sevillana ikastaroa eta, oro har, adinekoak alaitzeko balio duten ekintzak. Ohiko mahai-jolasak ere egiten ditugu: kartak, partxisa, dominoa, xake-jokoa, damak, eta abar. Batzuetan dantzak ere antolatzen ditugu egoitzan bertan, larunbatetan. Bestalde, irteerak ere antolatzen ditugu inguruak ezagutzeko. Egoitzak baditu bere zerbitzu egonkorrak: ile-apaindegia, liburutegia, bilerak egiteko lokalak eta taberna.
Une honetan zenbat bazkide ditu elkarteak?
580, gutxi gorabehera.
Zein baldintza bete behar dira bazkide izateko?
55 urtetik gorakoa izatea. Laguntzaileak ere baditugu; baten batek lagundu nahi badu edo ideiaren bat badu, prest egoten gara entzuteko eta proposamenak aztertzeko. Duela urte batzuk, gure gelak uzten genizkion Katalin Erauso ikastetxeari gimnasia erritmikoa eman ahal izateko, eta, horren truke, haiek San Sebastian Egunaren bezperan umeen danborradarekin etortzen ziren gure elkartera, bertakoak alaitzera.
Felipe, Saioa, Ainhoa eta Oihane.
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza
/ Testu Normala
/ Testu Zailagoa
/ Testu Zailena
|