euskaraz.net
San Telmo: Montserrat Fornells

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 87 2007/06 »  San Telmo: Montserrat Fornells

Elkarrizketa

Montserrat Fornells
“Guk ekintza asko prestatzen ditugu, jendeak San Telmo museoa hobe ezagutu dezan”
Montserrat Fornells Angelats museologoa Kataluniako Gironan jaio zen, nahiz eta aspaldian Donostian bizi den. San Telmo Museoko Lagunak elkarteko zuzendaria da eta bere ahaleginari esker ez balitz, San Telmo museoko artelan asko ez ziren bertan egongo orain. Hainbat sari irabazi ditu bere lanagatik eta idatzi dituen liburuengatik.


Zer ikus daiteke San Telmo museoan?

Jakin behar den lehen gauza da San Telmo XVI. mendeko eraikin zahar batean dagoela. Hori lehen eliza eta komentua zen, baina XX. mende hasieran, jada monjerik ez zegoenean, museoa sortu zen. Lehen eliza zegoen lekuan, orain margolan handiak daude, Jose Maria Sert-ek sortuak eta Gipuzkoaren historia kontatzen dutenak. Lehen monjeak zeuden tokian, arkeologia saila dago; bertan enterramenduak eta hilarriak ditugu, eta Europako hilarri bilduma handienetarikoa eta garrantzitsuenetarikoa osatzen dute. Goiko aldean herriko gauzen eta margolanen atal handi bat dago, gotikoekin hasi eta orainaldikoetara bitartekoekin. Arma bilduma bat ere badago, garai guztietako armekin.

Bisitari asko al ditu museoak?

Bai, bisitari asko ditu, baina bereizten jakin behar da museoko bilduma ikustera eta erakusketa zehatz bat ikustera doana. Inkei buruzko erakusketara jende asko etorri da.

Entzun dugunez, konponketa batzuk egin behar dituzte.

Museoak obra asko dituenez eta denak kabitzen ez direnez, handitu egin behar dute. Museoaren zabalkuntza mendiaren eta museoaren beraren artean egingo dute. Arkitekto famatu batzuk arduratuko dira horretaz, eta bizpahiru urte iraungo dute obrek. Bukatutakoan, museoak beste eraikin bat edukiko du arkitektura modernoagoarekin. Eraikuntza berri horretan zerbitzu berriak eskaintzea pentsatu dugu, eta kafetegi bat jartzeko asmoa dugu.

Zein da zure eginkizun zehatza museoan?

Ni Museoko Lagunak elkarteko zuzendaria naiz. Guk ekintza asko prestatzen ditugu jendeak museoa hobeto ezagutzeko. Esaterako, hilero, hileko lehen igandean, museoko obra bat aurkezten dugu, erakusketak eta hitzaldiak ere antolatzen ditugu eta museorako lan berriak bilatzen ditugu; adibidez, oso margolan on bat baldin badago eta museoak ez badu dirurik ordaintzeko, dirua lortzeko bideak bilatzen ditugu.

Gustuko al duzu lana?

Bai, bi alderdi ezberdin dituelako: bat, kulturaren mundua, nire mundua, eta bestea, bai nik eta bai Museoko Lagunok lortzen duguna, hau da, museoak geroz eta artelan gehiago edukitzea eta jendeak horiekin gozatu ahal izatea.

Beste museo bat montatu berri duzu, ezta?

Bai, duela bi urte. Nafarroako Castejonetik deitu zidaten, museo bat zabaldu nahi zutela esanez, herrian ez baitzuten museorik. Ni proiektuaz arduratu nintzen, eta arkitektoak eraikuntza prest zuenean, zein artelan jarriko ziren erabakitzen hasi nintzen. Trenei buruzko museo arkeologikoa da.

Zuk bakarrik eraman al duzu aurrera lana?

Proiektua bai, baina gainerakoa lortzeko hainbat profesionalen laguntza izan dut, noski; adibidez, bitrinak egiteko zurgin bat behar da, plaketako testuak egiteko inprenta bat, eta abar.

Zein ordutegi du, norbaitek bertaratu nahiko balu?

Museo guztiak bezala, astelehenetan itxita egoten da, beraz, asteartetik igandera eta goizez eta arratsaldez bisita daiteke. Goizez, 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 16:30etik 19:30era. Igandetan, arratsaldez itxita egoten da.

Gustatu al zaizu lanaren emaitza?

Niri bai, baina ez zait niri bakarrik gustatu behar. Museoa bisitatu dutenek oso ongi hitz egiten dute bertan ikusi dutenaz eta egunkari eta aldizkari batzuetan aipamen bereziren bat izan dugu. Espainiako Museologoen Batzar Nazionalean aurkeztera ere gonbidatu naute, eta hori niretzat oso pozgarria da, nire lana garrantzizkoa dela sentiarazten didalako.

Azkenik, libururik idatzi al duzu?

Hogeita bost bat, baina San Telmoren inguruan hiru: bat Serten margolanez Los lienzos de Jose Maria Sert en la iglesia de San Telmo; bestea, museoak ehun urte bete zituenean, honen historiari buruz San Telmo: Cronica de un centenario, eta hirugarrena, museoko margolanei buruz.

Peru Otaño, Erik Urbieta, Asier Galparsoro, Iñigo Mendizabal eta Joxe Marcos


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena