euskaraz.net
Konplexuak

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 88 2007/11 »  Konplexuak



Iritzi-miritziak

Konplexuak azaleratuz
Zenbatetan ez gara gutxietsita sentitu? Zenbatetan ez gara tristetu gure burua ispiluan ikusita? Gorputza aldatzen ari zaigu, eta batzuetan ez zaigu gustatzen dagokigun “traje berria”. Bestalde, geuk ere aldatu egin nahi dugu; jada ez gara “haurrak”. Horregatik, garenaren eta izan nahi genukeenaren artean alde handia dagoenean, gaizki sentitzen gara. Ez al diogu gehiegizko garrantzia ematen besteek gutaz pentsatzen edo esaten dutenari?


Zer nolako konplexuak dituzte zure lagunek?

Asko kezkatzen al dira?
Aloña Albeniz
DBH 2

“Ni txikia naiz eta beti nahi izan dut altuagoa izan. Horrek kezkatzen nau. Baina denek lasaitzeko esaten didate, oraindik haziko omen naiz eta. 1,65 metrora iristearekin konformatuko nintzateke. Askok nire altuerarengatik epaitzen naute, eta ez zait batere gustatzen. Oraindik hamahiru urte ditut, beraz, badut hazteko itxaropena.”
Jon Poza
DBH 2

“Bada jendea ikasketetan arazoak dituena. Ez dute arretarik jartzen gelan. Nik beti esaten diet gogoa jarri behar dela. Oro har, jendea asko larritzen da konplexuekin. Baina ez da hainbesterako ere. Arazoak konpondu egiten dira, eta elkarri laguntzeko gaude.”


Jaione Legarreta
DBH 2

“Ez zaizkit nire hortzak gustatzen, bananduta baitaude. Hala ere, kontu horrek ez nau gehiegi kezkatzen. Pertsona bat ezagutzean, pertsona ona dela ikusiz gero, iruditzen zait berdin diola zer itxura duen. Nire ustez, jendea ez da hain erraz epaitu behar. Hainbat gauza arinegi esaten ditugu.”
Mireia Honrado
DBH 2

“Nire lagun batzuek bular txikiak dituztela esaten dute. Ipurdia, berriz, handia omen dute. Mutilen gustuko izan nahi dute. Asko kezkatzen dira, izan ere, gaur egungo gizartean garrantzi handia ematen diogu itxurari. Gainera, telebista-kate guztietan irudi jakin bateko neska-mutilak jartzen dizkigute eredutzat.”


Nerea Gómez
DBH 1

“Nik badaukat konplexuak dituen lagun bat. Alde batetik, oso lotsatia da. Ez da ausartzen ulertzen ez duen hura galdetzen, ez eskolan, ez lagunekin. Eta beste alde batetik, gizen samarra denez, jendeak burla egiten dio.”
Julen Pujol
DBH 2

“Ni hernaniarra naiz eta badaukat lehengusu bat herri berean bizi dena sekulako konplexuak jota dagoena. Oso gizena dago bere adinerako (nik baino hiru urte gehiago ditu). Errugbiko entrenamenduen ondoren ez da aldagelan dutxatzen, hondartzara joatean ez da bainatzen, eta abar. Ematen duenez, konplexu hori oztopo handia da beretzat.”


Ane Lekunberri
DBH 2

“Lagun gehienek esaten dute sudur handia daukatela, itsusiak direla... Jendeak itxurarengatik epaituko dituela esaten dute; inork ez dituela onartuko, itxura dela-eta. Uste dut gehiegi arduratzen direla, ez daukate arrazoirik. Bakoitza den bezalakoa da, eta kito! Geure burua den bezala onartu behar dugu, eta besteak ere halaxe onartu behar ditugu.”
Muka Agirre
DBH 2

“Batzuek oso altuak direla esaten dute, altuegiak; beste batzuek, berriz, lodi daudela, edota ez dutela mutil-lagunik aurkitzen. Nire lagun batzuek konplexu asko dituzte, baina ez dira horregatik ernegatzen. Kezkatzen dira, baina, azken finean, denok ditugu gure kezkak. Ez dira horregatik hilko.”

La Salle

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena