euskaraz.net
Porrotx: familiak

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 89 2007/12 »  Porrotx: familiak



Donostia auzoka

Familiak mila kolore: maitasunak egiten ditu
Gehitu elkarteak hamar urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi egingo ditu urte bukaera bitartean. Esaterako, Tabakaleran erakusketa egingo dute eta haurrengana iritsi nahi dutenez, bertan izango dira Pirritx eta Porrotx pailazoak.

Aitor ikastolako ikasleok hainbat jarduera egin ditugu familia desberdinen inguruan: osaera desberdinak landu, ipuin berriak irakurri, karta-jokoak erabili, ortzadarra margotu, eta abar. Jose Mari Agirretxerekin (Porrotxekin) solasean aritu gara 6. mailako ikasleok.
Aitor ikastola


Jose Mari Agirretxe ‘Porrotx’
“Berdintasuna bermatzeko gauza asko daude egiteko”
Zer iritzi duzu familia mota desberdinen inguruan?

Garrantzitsuena familian dagoen maitasuna da, ez familiaren osaera. Elkar maitatzea, ongi moldatzea, konfiantza edukitzea, hitz egitea, elkar errespetatzea, elkarrekin bizitzea.

Zein da elkartearen helburua?

Helburuak berdintasunean bizitzea eta askatasuna izatea dira. Norekin bizi edo norekin maitemindu nahi dugun aukeratzeko eskubidea eta askatasuna izatea. Bazterketa egon da desberdin sentitzeagatik eta maitatzeagatik; adibidez, bi neska edota bi mutilek ezkondu nahi bazuten, seme-alaben bat eduki nahi bazuten edo adoptatu nahi bazuten, ezin zuten; legez ezin zuten. Legea aldatu da, baina badaude gauza asko egiteko berdintasuna eta eskubideak bermatzeko. Horren alde lan egiten du Gehitu elkarteak.

Zergatik hasi zara lan honetan?

Familiaren gaia lantzen ari ginela, Ume Alaia elkarteak, haur adoptatuen familien elkarteak, azaldu zigun eskolan familiaren gaia modu tradizionalean ari zela lantzen, betiko ereduaz, aitona, amona, aita, ama, semea, alaba, eta abar. Eredu hori ez da bakarra gaur egun; haur adoptatuak daude gure artean, guraso bananduak, bi ama edo bi aita dituztenak, harreran hartutakoak.... Aniztasuna hor dago. Laguntza eskatu, eta denok elkarrekin hasi ginen lanean.

Jendea bultzatuko al zenuke horrelako elkarteetan sartzera?

Bai, ederra da gustuko eremuan lan egitea. Norberak ikusi behar du non egon nahi duen, non egingo duen lan, non sentitzen duen bere nortasunak bat egiten duela elkarte horrekin, mendira joateko, antzerkiak egiteko edo kirola egiteko.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena