euskaraz.net
Astigarraga: ikastola

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 92 2008/05 »  Astigarraga: ikastola

Donostia auzoka

Astigarragako ikastola handitzeko lanak hasi dituzte
Arantzuko Ama ikastola txiki gelditu delako egingo dituzte lanok.
Azken urte hauetan Astigarragako herria ikaragarri handitu da. Etxe berri asko egin dituzte, inguruko herrietatik jende asko etorri da bizitzera eta eskolaratzeko haurren kopuruak nabarmen egin du gora.

Arantzazuko Ama ikastolan, bi urtetik hamabi urte bitarteko ikasleak gaude. Gaur egungo ikasle kopururako, ikastola txikia gelditu da; ikasle guztiak ez gara sartzen eraikuntza barruan. Toki arazoa dagoenez, bosgarren mailako ikasleak, ikastolaren atzealdeko bi aurrefabrikatuetan ematen dituzte klaseak.

Obrak ez dituzte abendua baino lehen amaituko

2004an guraso elkarteak eraikuntza berri baten beharra aldarrikatu zuen lehen aldiz. Gerora, 2006an, ikastola handitzeko proiektua onartu zen.

Iazko irailean, arazoa konpondu zela zirudien, obraren adjudikazioa egin eta otsailean obrak hastekoak ziren.

Otsailean hasteko ziren lanak apirila arte ez dira hasi; ondorioz 2008ko irailerako amaituta egon behar zuten lanak abendura arte iraungo dute, gutxienez.

Obra 2008-09 ikasturte haserako bukatuta egongo ez denez, datorren ikasturtea ere barrakoietan hasi beharko dute ikasle batzuek. Eraikin berria epe horretan, alegia, aurtengo abenduan, bukatzen badute, Eguberritako oporren ondoren egingo da gela hauetara joan behar dutenen leku aldaketa. Arantzazuko Ama ikastolako eraikin berrian, bederatzi gela egingo dituzte.

Jolastorduak herriko frontoian

Aste Santuko oporretatik itzuli garenean ikastolan aldaketa batzuk susmatu ditugu; aldaketa hauek obrak amaitu bitartean iraungo dute. Ikastolako patioan hesi bat jarri dute, hesi honek obrak egiten ari diren eremua inguratzen du; segurtasunagatik jarri dute. Hesia jarri dutenean patioari zati bat kendu dute, eta ondorioz, txiki gelditu da patioa. Hirugarren mailatik seigarren maila bitarteko ikasleak frontoira joaten gara jolas orduetan. Jolas gidatuak kiroldegian egiten ditugu.


Arantzazuko Ama

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena