HIZKUNTZA    
   APRENDER EUSKARA    ENSEÑANZA    CULTURA    PUBLICACIONES    AYUDAS    TOPONIMIA    CONCURSOS   





ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Teatro escolar »  Obras teatrales »  Antzezlanak 05-06 »  Uda gauerdi bateko ametsa

Uda gauerdi bateko ametsa
Uda Gauerdi Bateko Ametsa

William Shakespeare



I Ekitaldia


I Agerraldia



Teseo: Ipolite, eder hori, arin datoz gure ezteiak. Lau egun zoriontsu barru, ilberria izango dugu.

Ipolite: Lau gauak, amets bat bezala, ziztu batean joango dira; eta gure eztei gaua argituko du ilargiak.

Teseo: Filostraro, dena prest egotea nahi dut, nire ezkon gau zoriontsua ospatzeko. (Ipoliteri) Eta zu, Ipolite, bihotz, zoaz atseden hartzera, indarberrituta nahi zaitut festa zoragarriko gauean.

Ipolite eta Filostrato badoaz, Egeo, Hermia, Lisandro, Demetrio sartuko dira.

Egeo: Jainkoek bete zaitzatela zorionez, Teseo!

Teseo: Mila esker, Egeo on! Zer berri duzu?.

Egeo: Nahigabeturik natorkizu nire alaba Hermiarengatik, kexu zatoz Demetrio, gizon honek, jauna, nire baimena du nire alabarekin ezkontzeko. Gerturatu zaitez! Lisandro, baina beste honek nire neskatoaren bihotza liluratu du. Maltzurkeriaz galdu du zor didan obedientzia. Beraz, hementxe, berorren aurrean, nire alabak Demetriorekin ezkontzea onartzen ez badu, lege zaharrak ematen didan eskubidea eskatzen dut. Nirea denez, nire esku dago; eta, zaldun honekin ezkondu ala berehalako heriotza aukeratu beharko du, legeek diotenez.

Teseo: Zer diozu, Hermia? Pentsa ezazu. Demetrio zaldun jatorra duzu.

Hermia: Bai eta Lisandro ere.

Teseo: Bai, baina zure aitaren baimenaren faltan....

Hermia: Nire aitak nire begiez begiratuko balu...

Teseo: Zure begiek begiratu beharko lukete bere zuhurtasunez.

Hermia: Mesedez, jauna!

Teseo: Pentsa ezazu, eta datorren ilberrian presta zaitez, edo obeditzeagatik hiltzera edo Demetriorekin ezkontzera.

Demetrio: Amore eman Hermia, eta zuk, Lisandro, utz ezazu zure burugabekeria hori nire eskubidearen aurrean.

Lisandro: Bere aitaren maitasuna duzu, Demetrio: ezkon zaitez ba, berarekin, eta utzi Hermia niretzat.

Egeo: Lisandro, ahogorria!

Lisandro: Jauna, ni ere etxe onekoa naiz eta berak hainbat ondasun ditut. Baina maitasunean, abantaila ateratzen dio. Zer dela eta ezin ekin nire eskubidean alde? Gainera, Demetriok Elenaren bihotza gorteiatu du.

Teseo: Aitortu beharrean nago banekiela honetaz zerbait, eta hitz egiteko asmoa nuen, baina burutik joan egin zait. Zatoz Demetrio, bai eta zu ere Egeo, badut zurekin bakarrean hitz egiteko zerbait eta.

Teseo, EGEO eta DEMETRIO irtengo dira.

Lisandro: Ai ama! Egia da, bai, maitasunari hego haizea ez zaiola sekula falta.

Hermia: Bai, hala izan omen da beti, maiteminduak, maitasunak minduak; ikasi beharko dugu maiteminak jasaten...

Lisandro: Ondo esana. Entzudazu Hermia, izeba bat dut alarguntsa eta seme-alabarik gabea; eta berak semetzat hartzen nau. Bertan ezkon gaitezke eta haraino ez da iritsiko zure aitaren boterea. Benetan maite banauzu, alde egizu aitaren etxetik bihar gauean. Basoan elkartuko gara, biok dakigun lekuan.

Hermia: Zin dagizut, Kupidoren arku indartsuengatik, bere urrezko gezi onenarengatik, bihar bertan huts egin gabe, zurekin bat egingo dudala esandako lekuan.

Lisandro: Begira, hemen dator Elena.

Elena sartuko da.

Hermia: Zeruak gorde zaitzala, Elena, eder hori, nora zoaz?

Elena: Eder esan didazu? Ez ezazu berriro “ederrik” esan! Demetrio da, zu maitatzean edertasuna maite duena. Tira! irakatsi iezadazu nola liluratzen duzun, zer indarrez egiten zaren Demetrioren bihotzaren jabe.

Hermia: Betoskor begiratzen diot eta hala ere maite nau.

Elena: Ene! Nire irribarreak zure muturbeltz betoskorraren magia ikasterik balu!

Hermia: Biraoak eta madarikazioak botatzen dizkiot, eta hala eta guztiz ere berak miretsi egiten nau!

Elena: Halako maitasuna lortuko nire erreguak!

Hermia: Zenbat eta gehiago gorrotatu, orduan eta gehiago jarraitzen nau!

Elena: Zenbat eta gehiago maitatu, orduan eta gehiago gorrotatzen nau!

Hermia: Elena, ni ez naiz bere pasio eroaren errudun.

Elena: Ez, zure edertasuna da.

Hermia: Lasai zaitez, ez baitu nire aurpegia berriz ikusiko. Lisandro eta ni hemendik alde egitera goaz.

Lisandro: Bihar gauean ihes egingo dugu.

Hermia: Basoa lagun berrien bila zeharkatuz. Agur, lagun ezti hori! Zorte ona izan dezazula Demetriorekin! Agur!

Elena: Askoz ere zoriontsuagoak dira batzuk besteak baino! Maitasunak eralda ditzake gauzarik purtzil eta zabarrenak, on eta zoragarriak bihurtuz. Maitasunak ez du begiekin ikusten, arimarekin baizik. Hermiaren ihesaren berri emango diot Demetriori; bihar gauean atzetik jarraian joango zaio basoan zehar, eta berri honen truke, eskerrak behin jasota truke ezin hobetzat emango nuke. (irtengo da)

2 .Agerraldia


Toki bera, ateetan.


Irasagar, Alasoko, Hondar, Txistu, Mustur eta Goseakil



Irasagar: Hemen al da talde osoa?

Hondar: Lehendabizi, Irasagar polit horrek, esadak zertaz doan antzezlana.

Irasagar: Ba, antzeztuko diegu “Piramo eta Tisberen komeria mingarria eta heriotza krudelagoa”.

Hondar: Antzezlan paregabea; orain deitu zerrendaren arabera.

Irasagar: Hik Nikola Hondar, hik Piramorena egin behar duk.

Hondar: Zer da Piramo, maitalea ala agintari gordinen bat?.

Irasagar: Maitalea, maitasunarengatik bere burua adoretsu hiltzen duena.

Hondar: Hobeto ateratzen zaidak agintari gordinarena egitea.

Irasagar: Prantxiska Txistu!

Txistu: Hemen nagok!

Irasagar: Tisberena egin behar dun.

Txistu: Eta zer da Tisbe delako hori?

Irasagar: Piramok maite behar duen neska dun.

Txistu: Honen bikotearena egitea tokatu behar... beti!

Irasagar: Begira neska, daukagun gizon bakarra dun, benetako eskasia zegon.

Hondar: Niri ez zaidan batere axola neskarena egitea, Tisberena egingo dinat: “Ah! Piramo, ene maite kuttun!”

Irasagar: Ez, ez, utzi kopla horiek, banaketa egina zegok.

Txistu: Beno, ondo zagok.

Irasagar: Errobin Goseakil!

Goseakil: Bai?.

Irasagar: Tisberen amarena egin behar dun!

Mustur!

Mustur: Hemen nagok.

Irasagar: Piramoaren aitarena egin behar duk eta hik, Alasokok, lehoiarena egingo duk, eta… hala, pertsonaia guztiak daudela uste diat.

Alasoko: Lehoiaren partea idatzita al duzue? Badakizue ikastea dezente kostatzen zaidala.

Irasagar: Inprobisatu, motel, orroa egitea hutsa duk eta! Orain, andereak, hemen dituzue zuen paperak; eta faborez, mesedez eta arren eskatu eta gomendatzen dizuet bihar gauerako ikasita izatea. Jauregiko basora joango gara bertan entseatzeko. Ez huts egin! Erregutu egiten dizuet.

Denak: Ez, ez, ezetz, ondo da, agur Ben-hur, gero arte Bonaparte.



2 Ekitaldia


1. Agerraldia



Basoan.


Oberon: Bejondeizula, Titania harro horri!

Titania: Hara! Oberon jeloskorra! Maitagarriak, salto egin dezagun hemendik; uko egin baitiet bai bere oheari, bai bere konpainiari.

Oberon: Geldi hor! Panpina harroputz hori! Ez al naiz zure jaun?

Titania: Ah! Eta ni zure andere. Baina badakit zenbat aldiz utzi duzun miragarrien erreinua, eta, itxura aldatuz, bertsoak kantatu Ipoliteri!

Oberon: Nolatan aurpegiratzen didazu hori, Titania, Teseo maite duzula dakidan honetan?

Titania: Zeloen asmakeriak dira horiek!

Oberon: Zergatik jardun behar du Titaniak bere Oberon haserrarazten? Ez dizut mutikotxo bat besterik eskatzen, nire ohorezko zerbitzari bihurtzeko.

Titania: Miragarrien erreinua ere ez zen nahiko izango haur hori erosteko!

Oberon: Noiz arte egoteko asmoa duzu baso honetan?

Titania: Beharbada, Teseoren ezteiak amaitu arte.

Oberon: Emadazu mutiko hori eta zurekin joango naiz.

Titania: Ez, ezta zure erreinu enkantatu osoarengatik ere. Goazen ba, miragarriak!, hemen geratuz gero, benetako haserrea izango dugu eta.

Titania eta laguntzaileak kanpora doaz.

Oberon: Ez zara baso honetatik irtengo egin didazun irainarengatik gorriak eta bi ikusi arte. Puck maitea, zatoz hona.

Puck: Hemen nauzu gauaren errege.

Oberon: Ekar iezadazu “maite-lore” izeneko lorea. Lore horren ura isurtzen diotenari, gizon zein emakume, esnatzerakoan lehendabizi ikusten duena hartaz maiteminduko da. Zoaz ba bila.(Puck badoa).

Puck: Titaniaren begietan isur dezan egingo dut eta zabaltzen dituenean bere ondoan dagoenaz maiteminduko da; hori, artz, zezen… eta orduan haurra emango dit.. Nor dator? Ikusezina naiz eta… hementxe geratuko naiz entzuten.

Demetrio sartuko da eta atzetik Elena.

Demetrio: Ez zaitut maite; beraz, ez nazazu jarrai. Non daude Lisandro eta Hermia? Nik bata hilko dut, besteak ni hilko nau. Ea! Alde hemendik eta ez etorri gehiago nire atzetik!

Elena: Utz ezazu zuk erakartzeko duzun indar hori eta ez dut izango jarraitzeko indarrik!

Demetrio: Zure atzetik al nabil ni? Ez al dizut argi eta garbi esan ez zaitudala eta ezingo zaitudala maite?

Elena: Horrexegatik maite zaitut gehiago.

Demetrio: Ez nazazu gehiago zirikatu, gaixotu egiten nau zuri begiratzeak!

Elena: Eta ni gaixotu zuk ez begiratzeak!

Demetrio: Ihes egingo dut zugandik; sasi artean ezkutatu eta animalien menpe utziko zaitut! (Irten egingo da).

Elena: Ihesi egin nahi adina, badoa oreina tigrea ehizatzera. (Irten egingo da).

Oberon: Agur eta ondo ibili, ninfa baso honetatik irten baino lehenago, zu ibiliko zara berarengandik ihesian eta bera zure maitasunaren bila. (Puck sartuko da) Badakarzu lorea?

Puck: Bai, hementxe daukat.

Oberon: Titaniak lo egiten duen lekura joango naiz; lore honen urez igurtziko dizkiot begiak eta irudimen nazkantez beterik geratuko da. Hartzazu zuk pixka bat eta zoaz basoaren ilunera. Atenar neska gazte ezti bat, mutil zaputz batez maitemindurik dago, igurtz iezazkiozu begiak, baina kontu hartu anderea izan dadila esnatzean ikusiko duen lehen gauza.

Puck: Zaude lasai jauna, hala egingo dut eta.

2. Agerraldia



Basoan. Titania eta laguntzaileekin.



Titania: Abes iezadazu zerbait lo hartzen dudan bitartean eta gero utz nazazue lasai egoten.

Maitagarriak abesten.

Maitagarria Goazen hemendik! Egitekoa egina dago. Zaindari bakarra geratuko da inguruan.

Titania lotan geratuko da.

Oberon: Begiratzen duzuna esnatzean, hori besterik ez duzu izango bihotzean. Esna zaitez kontu zitalik gerturatzean.

Lisandro eta Hermia sartuko dira.

Lisandro: Egia esan, bidea galdu dugu; hemen hartuko dugu atseden eta eguna argitu arte itxarongo dugu.

Hermia: Bila ezazu zuretzako ohe bat, ni hementxe geratuko naiz.

Lisandro Belar berbera egingo diogu biori burukoarena.

Hermia: Ez Lisandro bihotza, joan zaitez harutzago.

(Pixka bat urruntzen da, eta lokartzen dira. Puck sartuko da).

Puck: Baina nor dugu hemen? Atenaseko soinekoak daramatza. Hau da, nire jaunak zioenez, atenar anderea zapuzten duena. (Lisandroren begietan igurzten du lorea). Esnatzerakoan, maitasunak ez dio lo egiten utziko. Esna zaitez, horrela alde egin bezain pronto.(Puck irtengo da).

Demetrio eta Elena datoz korrika.

Elena: Geldi zaitez!

Demetrio Faborez eskatzen dizut bertan geratzeko eta bakean uzteko behingoz. Bakarrik joan nahi dut.

Demetrio irtengo da

Elena: Uf!. Arnasarik gabe nago. Baina, nor dugu hemen? Lisandro! Esna zaitez!

Lisandro (esnatuz). Sutara botako dut neure burua, zure maitasun eztiarengatik! Elena eder hori! Non dago Demetrio? Akabatu egingo dut.

Elena: Ez esan horrelakorik Lisandro. Ze axola du berak Hermia maitatzea? Zer axola dio, Hermiak zu maitatzen zaituen bitartean? Pozik egon behar duzu.

Lisandro Pozik Hermiarekin? Nik ez dut Hermia maite, Elena maite dut nik.

Elena: Zer dela eta jasan behar dut nik halako txantxa? Ama maitea! Gizon batek zapuzten duen emakumea, beste batek iraindu beharra! (Elena joan egingo da).

Lisandro Egin ezazu lo bertan, Hermia, eta ez gerturatu niregana. Nire gaitasun guztien indar eta maitasuna Elena goratu eta zaldun izateari zuzendu daitezela. (joan egingo da).

Hermia: (esnatuz). Ah! Hau da amets gaiztoa izan dudana. Suge batek bihotza irensten zidan, eta, zu, berriz, Lisandro, irribarre egiten zenuen gustura. Lisandro! Baina, baina desagertu egin zara? Joan? Nor zaude? (joan egingo da).



3. Ekitaldia


1. Agerraldia



Basoan. Titania lotan, komikoak sartuko dira.



Hondar: Denak al gaude?

Irasagar: Bai, entseatzeko toki aproposa duk hau!

Hondar: Piramo eta Tisberen komeria honetan, gauza batzuk ezin daitezke gustukoak izan. Lehenago eta behin, Piramo bere ezpatarekin hil beharra, andereek ezin izango dute jasan. Zer diozue?

Txistu: Arrazoizko beldurra!

Goseakil: Nire ustez, hilketa hori, ahal dela, kanpoan utzi behar diagu.

Alasoko: Ez horixe, sarrera bat idatziko diagu, eta bertan uler dadila ez diogula inori min egingo ezpatekin eta Piramo gezurretan hilko dela.

Hondar: Ziurtasun osoa izateko, ni Hondar naizela esango zieagu. Horrela ez ditek beldurrik izango. (txaloak)

Irasagar: Ederki, horrelakoxe sarrera bat bertsotan zortziko handian idatziko zieagu.

Txistu: Eta lehoiak ez al ditu andereak izutuko? (orroa eginez).

Goseakil: Baiezkoan nagok.

Hondar: Andreok, ondo pentsatuz gero, lehoi bat ezkontza batera eramatea… ikaragarria da.

Alasoko: Beraz, beste sarrera batez adierazi beharko zieagu lehoia ez dela lehoi.

Goseakil: Ez duk nahikoa, beharrezkoa izango duk paper hori egiten duenak bere izena esatea.

Irasagar: Tira ba, horrela egingo diagu (txaloak). Hala ere, bi gauza geratzen dituk konpontzeko: nola sartu gela batean ilargiaren argia? Dakizuenez, Piramok eta Tisbek ilargiaren argitan egingo dute topo.

Irasagar: Emanaldiaren gauean ilargirik egongo ote da?

Hondar: Egutegi bat, egutegi bat. Bai ilargia diagu (txaloak).

Txistu: Zer egingo dugu? Beste arazo bat diagu gainera, pareta bat behar diagu erdian: istorioak dioenez, Piramok eta Tisbek pareta bateko zulotik hitz egiten ziotean elkarri.

Alasoko: Ezingo duzue sekula santan eraman pareta bat eszenatoki erdira.

Goseakil: Ba, norbaitek egin beharko dik paretarena, buztinez itxuratu eta hatzen arteko zulotik Piramo eta Tisbek hitz egin dezaten.

Irasagar: Bai, egin daitekek horrelako zerbait, tira! Denak zuen paperak entseatzera. Has hadi hi, Piramo; esan beharrekoa bukatzean sar hadin sasipean, eta horrela beste guztiak.

(Puck sartuko da)

Puck: Zeintzuk dira Miragarrien erregina lotan dagoen inguruan garrasika dabiltzan kirten horiek? Zertan ari dira?

Irasagar: Hitz egin ezak? Piramo, Tisbe, gerturatu.

Piramo: Tisbe, lore ezti pozoitsua.

Irasagar: Usaintsua, usaintsua!

Piramo: …Lore ezti usaintsua. Horrelakoa da zure arnasa, nire bihotzeko maitea, Baina zaude isilik, zatoz! Zaude hemen, edertasun. Berehala nauzu zurekin (Irtengo da).

Puck: Oraindik ere ikusi gabe neukan halako Piramo.

Tisbe: Nik hitz egin behar al dut orain?

Irasagar: Bai, Piramo hots hori zer den jakitera doala besterik ez baitit esan, itzuli egingo da.

Tisbe: Piramo disdiratsua, lilia baino kolore zuriagokoa eta lore gorriaren antzekoa, gaztea era mugitua, bitxi zoragarria, nekea zer den ez dakien Salida bezain fidel eta jatorra. Zurekin elkartuko naiz Nimiren hilobian.

Irasagar: Niberen hilobian, neska; baina oraindik ez duzu hori esan behar. Testua buruz botatzen du, hor zati bat falta da. Irten hadi, Piramo, hire bikotea geratu duk: “Salida bezain fidel eta jatorra”

Puck eta Hondar sartuko dira, Hondar asto buru batekin

Tisbe: Salida bezain fidel eta jatorra.

Piramo: Zuretzat besterik ez nintzateke izango, Tisbe, ederra banintz.

Irasagar: Sorginduta gaude! Lagundu!!

(Komikoak irten egingo dira, bai eta Puck ere)

Hondar: Zergatik doaz ihes? Ni beldurtu nahian? Astoa naizela pentsarazi nahi didate, ba ez naiz hemendik mugituko eta abesten jardungo dut beldurrik ez dudala entzun dezaten:

Hain da beltza zozoa
Mokoa berriz gorria,
Ahots ezti birigarroak
Txepetxak hego motzenak

(Titania esnatuz)

Titania: Zein aingeruk esnatzen nau nire lorezko ohean?

Hondar: Ototxori, artotxori, larratxoria. Bost ajola norena dun abestia. Ez diot erantzungo berriketari, ez badute abesten niretzat bakarrik

Titania: Eder bezain zentzuduna zara.

Hondar: Ez bata eta ez bestea.

Titania: Maite zaitut; maitagarriak emango dizkizut zu zerbitzatzeko. Zatozte (deika) Armarmasare, Sits, Mostaza, Ilarlore.

Miragarriak: (denak batera) Zer?Bai?Zer nahi duzu?

Titania: Agintzen dizuet, atseginez, zaldun noble hau zerbitza dezazuen.

Miragarriak: Kaixo, kaixo (erreberentziak eginez)

Hondar: Bihotz-bihotzez eskatzen dizuet, nola duzue izena?

Miragarriak: Armarmasare. Mostaza. Sits. Ilarlore.

Titania: Kontuz eraman ezazue hegan nire ohera.

(denak joango dira eta Oberon sartuko da)

Oberon: Jakin nahi nuke ea edabeak eragin ote dion Titaniari. Hara, Puck.

Puck: (saltoka eta barrez) Munstro batez maitemindua dago zure erregina. Bera lotan zegoela iritsi da jende pila, zatarrak eta gaizki heziak, prestatzen ari omen dira ez dakit zer komeria. Guztietan tontoena taldea utzi eta sartu zen basoan barrena jolasteko gogoa etorri zitzaidanez, burua aldatu nion asto belarriluze batez, eta hara non dugun Titania maiteminez astaburua besarkatuz eta ohorez betez.

Oberon: Espero nuena baino gehiago da.. Mendekua, jainkoen plazera! Eta hilkorra zu?

Demetrio eta Hermia sartuko dira.

Oberon: Hemen dugu Atenarra.

Puck: Anderea berbera da, baina gizona ez.

Demetrio: Zergatik zapuztu hain sutsu maite zaituena?

Hermia: Okerragoa izan zitekeen. Egia bada Lisandro hil duzula lotan zegoela, buka ezazu lana, eta hil nazazu ni ere.

Demetrio: Oker zaude zure haserrean; nik ez daukat zer ikusirik Lisandroren heriotzarekin, eta ezerk ez du frogatzen hilda dagoenik.

Hermia: Beraz, esadazu faborez ondo dagoela.

Demetrio: Zer jasoko nuke nik erantzuterik izango banu?

Hermia: Ni ez ikustea. (irten egingo da).

Demetrio: Hemen geldituko naiz arnasa hartzen (lo geratuko da).

Oberon: Zer demontre egin duzu?(Puckri). Dena oker egin duzu. Zoaz basora, ea Elena ekartzen duzun. Nik honen begiak sorginduko ditut, neskatoa iritsi baino lehen.

Puck: Banoa, banoa, ziztu bizian (joan egingo da).

Oberon: (Lorea igurtziz). Lorea, sar zaitez bere begietan. Bere maitalea iristen denean distiratu dezala.

Puck sartuko da.

Puck: Jauna, Elena dator. Geratuko al gara eszena hau ikusten? Orain bi izango dira neska baten atzetik. Barregarria benetan (barrez).

Elena: Bai, bai, jarraitu tristearena egin, begi keinu egin batek besteari.

Lisandro: Ez, ez da egia, kuttun hori, Elena maitagarri hori.

Elena: Miresgarria da.

Hermia: Txantxetan zabiltza?

Elena: Bai, eta zu ere bai.

Lisandro: Beharrezkoa izango ote da, anderea zauritzea, jotzea, akabatzea? Nahiz eta jasanezina izan, ez diot minik eman nahi.

Hermia: Ai ama! Zein gaitz izan liteke okerragoa zuretzat, jasanezina izatea baino?

Lisandro: Gorrotatu egiten zaitut. Elena maite dut.

Hermia: Iruzurti halakoa! Zizare nazkagarria! Gauean isil-isil etorri zara eta nire maitalearen bihotza lapurtu didazu.

Elena: Benetan haserretzea nahi al duzu? Gezurti hori! Atenasera itzuliko naiz nire erokeria eta guzti, ez zaitu gehiago jarraituko.

Hermia: Ederki ba, zoaz. Zurea da nahaspila honen errua.

Lisandro: Zatoz nirekin eta ikus dezagun bietatik zeinek duen Elenaren bihotza lortzeko eskubidea.

Demetrio: Goazen (Lisandro eta Demetrio joan egingo dira).

Hermia: Ez, zaitez joan.

Elena: Ez naiz zutaz fidatzen eta ez naiz zurekin gehiago geratuko (Joan egingo da).

Hermia: Ez dut ezer ulertzen.(irten egingo da).

Oberon: Astapiku ederra zara gero! Begira zer gertatu den, Puck zure esku uzten dut denak basoan ez galtzea. Tira Titania,esna zatez!

Titania: (esnatuz) Nire Oberon! Nolako ametsa izan dudan! Iruditu zait asto batez maiteminduta nengoela.

Irten egingo dira. Demetrio, Lisandro, Elena eta Hermia elkar ikusi gabe sartuko dira, eta lo seko geratuko dira laurok. Puckek egingo bere du lana. Irten egingo da. Eguna argitzean sartuko dira Teseo, Ipolite, Egeo eta lagunak.

Egeo: Jauna, honako lau nire alaba da, eta hau Lisandro; beste hau, berriz, Demetrio, Elena ere hemen dago. Harritzen nau denok hemen elkarrekin ikusteak.

Teseo: Ez al da gaur Hermiak bere senar aukerari buruz erantzun behar duen eguna?

Egeo: Bai, jauna.

Teseo: Egunon lagunak (denak esnatuz) San Valentin eguna igaro da jadanik.

Lisandro: Barka ezazu, jauna.

Teseo: Zer egiten duzue denok? Lisandro Demetriorekin, nork esango luke lehengoa ikusita.

Lisandro: Zin degizut, ezin dudala esan nola iritsi naizen hona, baina uste dut Hermiarekin iritsi nintzela Atenasetik ihesian.

Demetrio: Ni Hermiaren atzetik etorri nintzen, baina orain sentitzen dut Elena dela benetan maite dudana.

Teseo: Kontatuko dizkiguzue abentura honen xehetasunak. Nire nahia da gaur bi bikote hauek elkartuak izan daitezela gure ezteietan (denak joango dira).

Hondar: (esnatuz) Nire esaldietara iristean, deitu eta erantzungo diat. Nirea zetorrek juxtu... (alde batera eta bestera begiratuz) Hau da ametsa izan dudana!! Azaltzen saiatuko banintz, astotzat hartuko nindukete (irten egingo da).



5 Ekitaldia


1. Agerraldia


Teseoren jauregian





Ipolite: Teseo, benetan arraroa da maitale horiek kontatzen dutena, bihotz.

Teseo: Egia izateko xelebreegia. Ezingo dizkiet inoiz sinetsi fabula zakar horiek. Filostrato!

Filostrato: Hemen nauzu, Teseo handia!

Teseo: Esadazu, zer ekitaldi izango ditugu?

Filostrato: Komiko batzuek Piramo eta Tisberen Tragikomeria antzeztuko dute.

Komikoak sartu eta eszenatoki bat jarriko dute

SARRERA (Irasagar sarrera esaten).

“Iraintzen bazaituztegu, jakin ezazue bihotz onez izango dela. Borondate onez, hori da pentsatu beharrekoa. Antzezleak prestatuta daude eta beraiek erakutsitako dizue jakin nahi duzuen guztia “.

Pantomiman sartuko dira Piramo, Tisbe, pareta, ilargia, lehoia.

Sarrera:

Entzule maiteak, baliteke hemen entzundakoak zuek harritzea. Hemengo gizon hau Piramo duzue, eta andere eder hau Tisbe; beste hau maitaleak bereizten dituen pareta izango da. Hemengo hau ilargiaren argia da; eta pizti basati hau, berriz, lehoia.

Komikoak beraien eszenografiaren atzera joango dira.

Piramo Gau ilun! Gau ilun eta beldurgarri hori! Ai ene! Beldur naiz Tisbek ez ote duen bere hitza ahaztuko. Eta zuk pareta atsegin eta polit hori! Erakutsi zure zartadurak bertatik begiratu ahal izateko (Paretak hatzak luzatuko ditu). Pareta zatar eta itsusia! Zoritxarrekoa! Ez baituzu Tisbe beste aldean.

Teseo: Paretak hitz egin dezakeenez, madarikatu egin beharko zintuzke.

Piramo: Ez jauna. Ez luke egin behar, orain Tisberen txanda da eta.

Tisbe: Oh! Pareta! Hamaika aldiz entzun ditut zure penak.

Piramo: (Hatz artean begiratuz) Tisbe!

Tisbe: Maitea! (Biak zulotik elkar musukatzen saiatuko dira) Paretako zuloa musukatzen dut, baina zure ezpainak, ezin.

Piramo: Elkartuko al gara Nimoren hilobian?

Tisbe: Bizirik ala hilik, bertan izango nauzu. (Piramo eta Tisbe badoaz).

Pareta: Nik egin dut egin beharrezkoa, eta besterik gabe, pareta badoa hemendik (badoa).

Lehoi: Zuek andereok, zaudete lasai. Jakin ezazue ni, Alasoko, ez naizela lehoi beldurgarria ez eta lehoi emea ere.

Ilargi: Linterna hau ilargiaren errainua da.

Tisbe badator berriro

Tisbe: Hau da Nimoren hilobia, eta non dago nire maitea? Lehoi: (Orroa) Grrauu! Ja, ja, baina serio.

Tisbe: Ahhh! (ihesi).

Piramo: (Sartu egingo da) Ilargi ezti, mila esker zure eguzki-izpi horiengatik! Baina, nola liteke? Nire kuttuna! Zure zapi leuna, dena odoleztatua! Zatozte malkoak eta zatoz nire ezpata, buka ezazu nire bizia. Horrela bai, horrela! (Bere burua zaurituko du). Hilda nago, orain desegin egingo naiz. Zu ilargi, zoaz hemendik! Hil orain, hilda nago.

Tisbe: Lotan al zaude, pottoka? Hilda zaude, bihotz? Hilda? Zatoz ezpata maitea! Badakizu zer egin! (Bere burua zaurituko du) Agur lagunak, horrela amaitzen da Tisbe agur, agur… (hil egingo da)

(Txaloak)

Teseo: Ederki! Eta orain... denak dantzara.

Musika.

Amaiera!!!!!



Usandizaga-Peñaflorida-Amara Ikastexea

Adaptazioa: Rosa Rojo.
Itzultzailea: Itziar Aizpurua.