Unai Gaztelumendi Arandia
D kategoria (12-14 urte)
Doinua: Itsaso hori dago zatarra
-1-
Gaurko mundu beltz honen islada
jo nahiko nuke nik Afrikara
bertan dagoen mixeri beltza
ezin da horrela laga. (Bis).
Iparraldean patxada,
hegoaldean ikara
ezin liteke konpara
nahiz telebistan askotan bota
Afrikara begirada
begiratzea ez da nahikoa
ikusi egin behar da. (Bis).
|
-2-
Burua janda ez al gabiltz gu?
Kontsumismoan gaude gatibu
xahutzen dugu alfer-alferrik
nik ez dakit zenbat diru. (Bis)
Guk hemen dirua dugu
non gastatu ez dakigu
ez du ez hanka ez buru.
Afrikan, berriz, ogia dute
eguneroko helburu,
hemen balio ez duen gauzak
han urrea balio du. (Bis)
|
-3-
Gu munduaren jabe garela
haiek hutsaren hurren direla
buruan hori sartua dugu
ateratzerik ez dela. (Bis).
Ezin da segi horrela,
dirua hain da ustela,
edo jabeak bestela.
Haiei dirua kentzen diegu
lapur batzuek bezala
eta gero guk esango dugu
pena ematen digutela. (Bis)
|
-4-
Nahiz ta bidali hainbat mediku
hamaika maisu ta apezpiku
hasierako gogo ta indarra
berehalaxe ahitu. (Bis).
Aritu eta aritu
gure hausnarketen fruitu
gauza bat dugu argitu:
hego ta iparra egun kolore
ilun batek batzen ditu,
haiek azalak belzten ditu ta
gu diruak belzten gaitu. (Bis).
|
-5-
Nazkatu dira somaliarrak
bai gazte eta berdin zaharrak,
nazkatu dira Ruandakoak
eta etiopiarrak. (Bis).
Bukatu dira mar-marrak,
ahitu dira indarrak,
ta hasi dira negarrak.
Nahiz ta gora so jarri dituen
euri tantoen beharrak
misilak dira haiei zerutik
jausten zaizkien bakarrak. (Bis).
|
-6-
Agintariek duten legea
Europa dela denen jabea
ta elkar zuritu nahi dutenean
nolako zuri jendea. (Bis).
"Hau da mundu dotorea,
a zer nolako aldea"
dena gezurra ordea.
Justiziari itsua dela
bota ohi zaio lorea,
ederki asko ikusten du ba
azalaren kolorea. (Bis).
|
|