HIZKUNTZA    
   APRENDER EUSKARA    ENSEÑANZA    CULTURA    PUBLICACIONES    AYUDAS    TOPONIMIA    CONCURSOS   





ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Premio Literario Koldo Mitxelena »  2002 - 13 edición: obras premiadas »  Ipuina »  Aitona Mariano

Aitona Mariano




AITONA MARIANO

Amaia Asurmendi Sanchez -ERREKA-
Ipuina. C kategoria (10-12 urte)



1955eko Maiatzaren 4an nire aitona Mariano, egunero bezala, bere lantegira joan zen. Egia esan, ez dakit zertan egiten zuen lan, baina kontua da, bere nagusiari zerbait eskatzera zihoanean, jaitsi beharreko burdinazko eskaileretan oina trabatu eta buruarekin eta gorputzeko beste hainbat atalekin eskaileren aurka kolpe hartuta hil egin zela. Edo behintzat hori esan didate.

Lehengo urtean, amonaren etxera, edo hobeto esanda, baserrira joan nintzen gurasoekin. Izeba Belenek, oso gutxitan joaten garenez, saloian, argazki bat ateratzea erabaki zuen. Nire gurasoak eta ni saloiko leihoaren aurrean jarri ginen. Nik nire betiko irribarrea jarri nuen, baina ez nekien norantz begiratu, begiak geldi edukitzeko, orduan nik hainbeste miresten nuen hildako aitonaren koadro handia ikusi nuen, nire aitona hantxe zegoen serio-serio, txapela buruan zuela.

Argazkia ateratzen zigun bitartean, koadroari begira egon nintzen eta denbora askoan bere ezpainei erreparatuz, konturatu nintzen zerbait esaten ari zela. Argazkia atera ondoren eta saloian ni bakarrik geratu nintzenean koadrorantz hurbildu nintzen. Aitonaren ezpainen ondoan nire belarria ipini eta hau ulertu nuen gutxi gora-behera:

– Etorri niregana nire heriotzako 47. urteurrenean (gertuen dagoena) eta jar itzazu zure eskuak nire txapelaren gainean fuerte-fuerte –esan zidan aitonak-.

Nik, hasieran, ez nekien gertatzen ari zena sinistu edo ez, baina azkenean, bi aldiz pentsatu gabe, korrika hasi eta gurasoengana joan nintzen.

Goizeko ordu batak aldera, afaria bukatu eta etxera joan ginen. Nik ez nien gurasoei ezer esan eta ez nuen esateko asmorik ere. Handik bi hilabetetara, berriro ere, baserrira joan ginen eta “aitonak” lehengoan esandako guztia errepikatu zidan. Nik bere heriotzako 47. urteurrena iritsi baino lehen, egin beharreko galdera guztiak gurasoei egin nizkien, adibidez, ea aitonaren heriotzako 47. urteurrenean baserrira joango ginen amona bisitatzera eta meza entzutera. Beraiek, hasera batean, ezezkoa eman zidaten, baina nik horretan tematu nintzenez, baietz esan zidaten. Hilabeteak pasatzen ziren, nire ustez gero eta mantsoago eta ezin nion nire aitonaz pentsatzeari utzi, ikastolan justu samar nenbilen baina nahiz eta hobetzen saiatu, ezin nuen, aitonaz pentsatzen ari nintzelako.

Maiatzaren 4a iritsi zen eta baserrira joateko ordua ere bai. Ni nire urduritasuna ezkutatzen saiatzen nintzen baina ez dakit lortu nuen. Gurasoek behin eta berriz galdetzen zidaten:

– Ondo al zaude, maitea? – Zer gertatzen zaizu?

Nik beti berdina erantzuten nien:

– Bai, ama, ondo nago. – Bai, aita, ondo nago.

Baina ez dakit sinisten zidaten. Bi orduko bidaia bukatu ondoren eta baserrira heldutakoan, amona eta izeba hantxe zeuden ate aurrean, gure zain, mukizapi zuri-zuriak zeuzkaten mezara eramateko. Ni gero eta urduriago nengoen, eskuak eta hankak dardarka neuzkan. Bazkaltzeko ordua iritsi zen, amonak makarroiak eta piper beteak prestatu zituen, oso onak zeuden, baina bazkaria nahiko isila izan zen, nik hau esan nuen arte:

– Amona, dagoeneko nire programa gogokoena hasita egongo da, utziko al zenidake saloira joaten? – Bai, noski, zoaz maitea.

Ni, korrika bizian saloira joan, atea itxi eta beldurrak hartu aurretik aitonak esandakoa egin nuen. Koadroa, hasieran, normal-normal zegoen, baina denbora pasa ahala haren erdian uhintxo batzuk agertu ziren. Nik beldurra nuen baina itxoiteko beharra sentitu nuen. Segundo batzuk pasatu ondoren nire aitona saloian zegoen eta koadroa berriz huts-hutsik. Momentu hartan, ez nekien zer esan eta bera izan zen hitz egin zuen lehenengoa.

– Nola deitzen zara, laztana? – Ni Amaia, eta zu aitona Mariano, ezta? – Bai, aitatxok esan dizu, ez al da hala? – Bai.

Nik ez nekien zer gehiago esan, oso lotsatuta bai nengoen. Berari, bat-batean, begiak, malkoz busti eta ni besarkatzera etorri zen. Ni, momentu hartan munduko biloba zoriontsuena sentitu nintzen eta nire besoekin ere inguratu nuen.

Momentu hartan amona, izeba eta gurasoen pausoak entzun genituen baina ezer egiteko denborarik gabe, hantxe geratu ginen batak bestea besarkatuz. Besteek atea ireki eta kafe eta pasta batzuekin sartu ziren, amonari eta izebari, kafeak erori eta nire gurasoei berriz pastak. Amonak momentu batean ematen zuen konortea galdu behar zuela, baina atzera erori zen, izebaren besoetara, guztiak ahoa erabat zabalik zuten. Aitonak eta nik besarkatzeari utzi genion eta besteei aulkietan esertzeko esan genien. Hantxe hasi ginen gertatutakoa poliki-poliki eta modu ulergarrian kontatzen. Beraiek, logikoa den bezala, ahoa zabalik zuten oraindik eta saiatzen ziren Mariano ahalik eta gutxien ukitzen.

Nik esaten nien aitona, orain, hezur eta haragizkoa zela, baina beraiek beldurturik jarraitzen zuten. Nik ez nekien zer egin, iruditzen zitzaidan aitona oso urduri zegoela baina ez nekien nola lasaitu. Aitonak, ahoa zabaldu eta hauxe esan zuen:

– Emazte maitea, ez al nauzu ezagutzen? Ez al duzu ikusten, ni, zure Mariano naizela?

Nire amona ez zegoen erabat konbentzituta, baina aitonarengana hurbiltzen hasi zen. Bazirudien besarkatzera zihoala, halaxe zen!! Segundo batzuk, horrela iraun zuten eta besarkada amaitzean eta amonaren aurpegia ikustean, antzeman nuen oso alai zegoela, baina bere begietan ulertezina nabaritu nuen, momentu hartan erabaki nuen, guztiei esertzeko eskatzeko eta dena argitzea. Oso zaila egin zitzaidan egia esatea baina azkenean, halaxe egin nuen. Guztiak isilik geratu ziren, nire amona izan ezik, noski. Nire amonak guztia lehenengoan sinetsi zuen, gurasoek eta izebak ordea, oraindik ez zuten ahoa ezertarako ireki. Amonak hauxe esan zuen:

– Hau ospatzeko, zerbait egin behar dugu!! –esan zuen. – Konforme! –esan nuen nik.

Amona eta ni, sukaldera joan ginen pastak, kafea eta niretzat kola-kao bat prestatzera. Biak saloira gindoazela, amonaren baserria eta hango ingurunea galdu egin nuen begi bistatik, orain ikastolan nengoen eta andereñoa deika ari zitzaidan, hauxe galdetzen:

– Zenbat da bi gehi zortzi hamabiren? – Eeeee ...? – Galdera errepikatzea nahi al duzu? – Ez, ez lasai ... hogeita hamabi hamabiren eta sinplifikatuta zortzi hiruren, ezta? – Ba ... bai, oso ondo!

Ni, erabat harriturik nengoen eduki nuen ametsarengatik. Arratsaldeko 17:00etan puntu-puntuan ikastolatik etxera joan eta larunbatean amonaren baserrira joan nahi nuela esan nien gurasoei. Beraiek harriturik geratu ziren, ez bainien inoiz halakorik eskatu, baina bi aldiz pentsatu gabe, baietz esan zidaten. Tira ba, iritsi zen larunbata eta baserrirako bidea hartu genuen, iristean han bazkaldu, oraingoan lekak eta arrautza frijitua txorizo eta patatekin. Han betiko pertsonak geunden: amona, izeba, gurasoak eta ni. Aitona ordea ez zegoen. Niri beraren koadroa ikusteko gogoa sartu zitzaidan, saloira joan eta bere koadroaren parean jarri nintzen eta ametsean esandakoa egin nuen, aitona ordea ez zen irten koadrotik. Minutu batzuk bere ezpainak begiratzen egon nintzen, ez dakit zergatik baina orain, bere aurpegia edo hobeto esanda ahoko espresioa, alaiagoa zela ematen zuen. Egia esan, oso harriturik geratu nintzen. Gurasoak deika ari zitzaizkidan eta azkenik nire aitonari begietara begiratu eta eskuineko begiarekin keinu egin zidan eta malko bat erori zitzaion, nik orduan musu bat eman nion eta malkoa lehortu nion, eskuarekin agurtu eta bisita gehiago egingo nizkiola esan nion. Azkenik sarrerako atera joan, amona eta izeba besarkatu eta baserria begi bistatik galdua nuenean, aurrera begiratu, ondo eseri eta autoan lo hartu nuen.

Orain askotan edo behintzat gehiagotan joaten gara baserrira eta nik aulki bat hartu, aitonaren koadro parean eseri eta nire kontuak kontatzen dizkiot.

Orain ikastolan hobeto nabil eta ni neu ere, lasaiago sentitzen naiz.