HIZKUNTZA    
   APRENDER EUSKARA    ENSEÑANZA    CULTURA    PUBLICACIONES    AYUDAS    TOPONIMIA    CONCURSOS   





ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Premio Literario Koldo Mitxelena »  2002 - 13 edición: obras premiadas »  Ipuina »  Maite

Maite




MAITE

Ane Goñi Arana
Ipuina B kategoria (8-10 urte)

Kaixo.

Ni Maite naiz, eta hamaika urte ditut. Ile beltza eta begi urdinak ditut, itsasoaren kolorekoak. Soinean, zakarrontzian aurkitzen ditudan soineko puskatuak janzten ditugu nire amak eta nik, eta hanketan sandalia zaharrak erabiltzen ditugu. Nire aita aberatsa zen, baina nik bi urte nituela joan zen. Orain etxe zahar eta txiki batean bizi gara. Nire aitona, nik zortzi urte nituenean gaixorik jarri zen, eta hil arte, gure etxeko sofa hautsian etzanda egoten zen zopa beroak hartzen. Ni ikastolan egoten nintzen bitartean, amak kafetegi batean egiten zuen lan, goizeko hamarretatik, hamaikak arte, eta arratsaldeko hiruretatik, lau t’erdiak arte. Ni ordea, eskolan goizeko bederatzietatik hamabi t’erdiak arte egoten nintzen, eta arratsaldeko hiruretatik bostak arte.Ama zen egunero etxea txukundu, janaria prestatu eta aitona zaintzen zuena, baina nire eginbeharrekoak amaitzen nituenean, amari guztian laguntzen nion. Nire ama oso bihotz onekoa da.

Egun batean, eskolara joateko jaiki nintzenean, mahai gainean esne beroa eta gaileta batzuk zeuden, eta aldamenean, horri bat tolestatua zegoen. Orria irakurtzera nindoanean, aitona eta ama etxean ez zeudela konturatu nintzen. Orri ura irakurtzen hasi nintzen eta zera jartzen zuen:

OSPITALERA JOAN GARA AITONAK MIN HANDIA DAUKALAKO TRIPAN. GOSARIA MAHAI GAINEAN DAUKAZU.

AMA

Orduan, kezka-kezka eginda negarrez hasi nintzen. Azkar-azkar gosaldu, jantzi, sandalia zaharrak jantzi, hortzak garbitu, eta motxila bizkarrean hartuta eskolarantz abiatu nintzen. Eskolako bidean ospitalearen parean geratu nintzen. Handik pasatzen ari zen gizon dotore bati ordua galdetu nion, eta erantzun zidan:

–Alde hemendik ume mukizu hori!!! –eta joan egin zen.

Ondoren, atzerago zetorren andre bati ordua galdetu nion eta horrela erantzun zidan:

–Zortziak eta laurden dira. –eta nik erantzun nion:

–Eskerrik asko, andrea.

Denbora asko nuen soberan, eta ospitalean sartu nintzen. Bat-batean, eskuinaldetik zetorren erizain batek galdetu zidan:

–Norbaiten bila ari al zara?

Eta nik erantzun nion:

–Nire aitonaren bila nabil. Orain dela gutxi ekarri dute hona. “Luis Garzia Raimundo” ditu izen-abizenak.

Orduan erizainak paper bat hartu, eta berrehun eta hogeita hirugarren gelara eraman eta ate aurrean utzi ninduen. Ama pasilloan negarrez aurkitu nuen.

–Zer gertatzen zaio aitonari? –galdetu nion erizainari.

–Zure aitonak minbizia dauka. –erantzun zidan erizainak–. Atea irekitzera nindoanean, ama ate erdian jarri zen hau esanez:

–Nora zoaz?! Aitona hil zorian dago. Ez duzu ba zu ere horrela egoterik nahi, ezta? Eta orain zoaz eskolara! Ordulari horretan bederatziak hamar gutxi paseak direla markatzen du. Laster gelara sartu beharko duzu.

Orduan korrika atera nintzen ospitaletik, eta garaiz iritsi nintzen ikastolara.

Maiatzaren bosta, osteguna zen. Hamabostean nire urtebetetzea ospatzen zen.

Ikastolan, lehen orduan, matematika geneukan, eta matematikan, taulak errepasatu genituen. Bigarren orduan, ingeleseko bideo bat ikusi genuen, eta ondoren ariketa batzuk egin genituen. Hamaika t’erdietan, txirrinak jo zuenean, jolastokira joan nintzen nire lagun Leire, Ane eta Mirenekin. Ordu erdi osoa hizketan eman genuen gure gauzei buruz, adibidez: gu hiruen familiaz. Leire, Ane eta Miren ni bezala behartsuak ziren. Besteak ordea, batzuk aberatsak, eta beste batzuk normalak, baina guztiek burla egiten ziguten geure arropez, etxeez... baina guk ez genien jaramonik egiten.

Eguerdian etxera joan nintzenean, etxe aurrean bi lore sorta ikusi nituen, eta andre bat lore sorta bat eskuan zuela.

–Zertarako dira lore sorta horiek? –galdetu nion.

–Ez al dakizu?! Etxe behartsu honetan bizi zen Luis, jaun zintzo bat, hil egin da minbiziz –erantzun zidan.

–Nire aitona hil egin dela??? –oihukatu nuen larri eta kezkatuta.

–Beno! Nik ez dakit zure aitona zen ala ez! –esan zidan andre hark–. Eta negarrez hasi nintzen Ez da posible! Ez da posible! oihukatzen.

–Tori. Lehortu malkoak honekin. –esan zidan andre hark zapi zuri bat eskura ematen zidan bitartean–. Eta tori hau ere. Baliagarria izango zaizu.

Andreak hiru euro eta zentimo batzuk eskaini zizkidan.

–Hemen hiru euro eta hogeita hamar zentimo daude, bostehun eta berrogeita hamar pezeta gutxi gorabehera –baieztatu zidan andre hark.

–Ezin dut onartu. Ez naiz hori hartzeko gai.

Andre hark euroak nire eskuetan utzi zituen, eta alde egin zuen.

Etxean sartu nintzen.

–Etxean naiz! Ba al da inor etxean? Ama, jendeak lore sortak utzi dizkigu ate aurrean! –esan nuen sukalderantz nindoala. Ama sukaldean belaunikatuta negarrez aurkitu nuen. Ama kontsolatzen saiatu nintzen baina alferrik zen. Egia esan, ni ere erdi negarrez nengoen.

Ordu erdi barru, gutxi gorabehera, ama pixka bat animatu zen, eta galdetu zidan:

–Ikastolara joan nahi duzu?

–Ez ama. Nahigabe handia hartu dut eta kostatuko zait lasaitzea. –erantzun nuen.

–Gaur eta bihar etxea txukuntzen eta janaria prestatzen lagunduko didazu. –esan zidan.

–A, kaletik zetorren andre gazte batek hiru euro eta hogeita hamar zentimo eman dizkit. –esan nion.

–Eta hartu al dituzu euroak? –galdetu zidan amak.

–Nik ezetz esaten diot, baina berak baietz eta baietz. –erantzun nuen.

Ondoren amak, bere ahots finez, zer egin behar nuen esan zidan:

–Hasteko, ekarri kanpoan dauden lore sortak. Eta ea lorontzi batzuk aurkitzen dituzun lore sorta horiek jartzeko. A, eta zaborra bota.

Zabor poltsa eskuetan hartu eta zaborra botatzera irten nintzen. Zaborrontzietan bila hasi nintzenean, bi laranja eta sagar bat aurkitu nituen. Horiez gain, bi kamiseta, bi pare oinetako, eta soineko bat aurkitu nituen. Ate haurrean zeuden hiru lore sortak hartu eta etxean sartzeko atea ireki nuenean, Miren etorri zen korrika lore sorta handi batekin.

–Tori –esan zidan–. Asko sentitzen dut zure aitonarena –hori esan eta korrika joan zen.

Etxean sartu, gauzak utzi, eta etxe atzean zegoen zabortegira joan nintzen lorontzien bila.

–Kristalezko lorontzi hautsi honek balioko digu. Hautsia dago, baina pusketatxo bat besterik ez –esan nion neure buruari–. Eta beste honek? Ez, txiki xamarra da. A, horrek balioko dit! –esan nuen.

Zabor mendi batean lorontzi bat zegoen. Baina ezin nuen atera. Ni batzuetan egoskorra izaten naiz, eta momentu hartantxe egoskorra izan nintzen. Lorontzi ura asko gustatu zitzaidan, eta tira eta tira egon nintzen lorontzia lortu arte. Bat-batean, lorontzia zabor mendi hartatik atera nuenean, mendi guztia gainera erori zitzaidan. Zabor hori guztiaren artean orri bat aurkitu nuen. Orria eskuetan hartu nuen, eta buelta eman nion. Loteriako txartel bat zen. Zenbakiak irakurri nituen eta... a ze sorpresa! 150502 zen zenbakia. Nire urtebetetzearen data. Hiru lorontziak hartu, eta zutik jarri nintzen. Pixka bat kostatu zitzaidan, hauts harekin guztiarekin... Korrika amarengana joan nintzen, baina ate aurrean nengoenean, amari ezer ez esatea erabaki nuen. Etxean sartu nintzenean, lorontziak mahai gainean utzita, nire logelan sartu eta ahots bat entzun nuen:

–Egin al dituzu etxeko lanak? –Ama zen etxeko lanez galdezka.

–Gaur ez dizkigute bidali etxeko lanak! –erantzun nion.

Orri zuri bat, arkatza eta borragoma hartuta, ideiak idazten hasi nintzen. Sei ideia bururatu zitzaizkidan, baina hiru aukeratu nituen:


BATA: Nik egindako gauzak, adibidez, ipuinak, saltzea.
BESTEA: Jendearentzat lana egitea, adibidez, belarra moztea.
BESTEA: Zabortegiko gauzak saltzea.

Etxetik atera eta zabortegira joan nintzen. Zabortegian nor aurkituko eta Leire, Ane eta Miren han ziren.

–Kaixo Maite. Zergatik ez zara arratsaldean ikastolara etorri? –galdetu zidan Anek.

–Nire aitona hil egin da –erantzun nien.

–Asko sentitzen dugu –esan zidan Leirek.

–Bihar ikastolara etorriko al zara? –galdetu zidan Mirenek.

–Ez dakit –erantzun nuen.

–Zertan ari zinen etxe barruan? –galdetu zidan Leirek.

–Begira. Lehen, hemen, loteriako txartel bat aurkitu dut, eta “150502” da zenbakia. Nire urtebetetze egunean esango dituzte zenbakiak. Eta telebista bat erosteko dirua behar dut. Horregatik lan egingo dut –erantzun nuen.

–Zenbatekoa da saria? –galdetu zidan Anek.

–180.305,65 €-takoa –erantzun nuen–. Nirekin lan egiten baduzue, dirua zuekin banatuko dut –esan nuen.


Anek: ipuinak idatzi.
Leirek: gauzak konpondu.
Mirenek: lana egin jendearentzat.
Maitek: saldu.

Horrela banatu genituen zereginak.

–Baina gure gurasoak ez dute honi buruz ezer jakin behar, ados? –esan nien.

–Ideia bat daukat! Ea zer iruditzen zaizuen! Klub bat egitea pentsatu dut. Txabola bat egiten badugu... Zer iruditzen zaizue? –esan zuen Leirek.

–Niretzat oso ideia ona da! –esan genuen Anek, Mirenek eta nik batera.

Larunbatean, laurak zabortegian biltzeko geratu ginen goizeko hamaika t’erdietan.

–Ane, idatzi dituzu ipuinak? –galdetu nion Aneri.

–Bai –erantzun zuen.

–Eta zenbat? –galdetu nuen.

–Hiru –erantzun zidan.

–Finak ala lodiak? –galdetu nion.

–Bi lodi eta fin bat –erantzun zidan. Eta horrela egin nuen beste guztiekin arbel zikin batean idazten nuen bitartean.


Larunbatean 3,20 euro irabazi genituen.
Igandean 1,80 euro irabazi genituen.
Astelehenean 2,18 euro irabazi genituen.
Eta asteartean 4,28 euro irabazi genituen.

Guztira: 11,46 euro

Ondoren, euro haiei guztiei gure dirua gehitu genion. (18,58 euro)

Guztira 30,05 euro genituen. Beraz, 20cm-ko zabalera eta altuera zuen telebista txiki bat erosteko dirua juxtu-juxtua geneukan.

Zenbakiak esateko egunaren bezperan, larunbatean, laurak telebista denda aurrean elkartzeko geratu ginen diruarekin hamaiketan. Telebista txiki bat erosi genuen eta gure txabolara eraman genuen.

Hurrengo egunean, zenbakiak esan baino ordu laurden bat lehenago geratu ginen txabolan. A ze nerbioak!

Zenbakiak esaten hasi zen telebista:


–Bata
–Bai!!!
–Bosta
–Bai!!!
–Hutsa
–Bai!!!
–Bosta
–Bai!!!
–Hutsa
–Bai!!!
–Bia
–BBBAAAAAAAAAAAAAAAAAAAAAAAAI!!!!!!!!!!!!!!

Egun hartatik aurrera zoriontsu eta aberatsak izan gara.