HIZKUNTZA    
   APRENDER EUSKARA    ENSEÑANZA    CULTURA    PUBLICACIONES    AYUDAS    TOPONIMIA    CONCURSOS   





ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Premio Literario Koldo Mitxelena »  2003 - 14 edición: obras premiadas »  Bertsoa »  Itsasoa

Itsasoa




ITSASOA


Doinua: Munduko ilunabarra



-1-
Zure nahiaren mendeko,
zure esklabo antzeko,
zurekin bada hobeto,
maitasunez nago lepo;
nahiz eta zure uhinek niri
eman hainbat muturreko,
nahiz eta nire bizitza jarri
duzun atzekoz aurreko;
hainbat urtetan zu izan zaitut
etxea eta etxeko...
hau gertatzen zait kaitik urruntzen
hasten naizen bakoitzeko:
nire etxetik ateratzea
nire etxera joateko. (Bis)


-2-
Zure urak nire babes,
zure urak nire amets,
zure urak nire trabes,
nire lan eta lanabes;
kaian bi seme dauzkat begira
etsita eta negarrez
baina zugatik eurak ez ditut
ia ikusten tamalez;
urtean bitan lau hilabetez
zugana joaten naizenez
nire guraso eginbeharrak
ez ditut betetzen errez;
beraiek nire semeak dira
baina ni euren aita ez. (Bis)





-3-
Zure uhinak gerrate,
zure uhinak min harpe,
zoritxarraren alkate,
astintzen naute jo ta ke...
beraiek nire aita eraman
zuten mundutik aparte;
harrez geroztik aitarik eza
niretzat izan da kate
zer dela eta bihurtu zinen
heriotzaren uharte?
ilargi krudel zara askotan,
zorigaiztorako ate:
marea behera bultzatzen duzu
lur azpira heldu arte. (Bis)


-4-
Zure haizeen fereka,
zure haizeen olgeta,
zure haizeen oreka,
zorionaren erreka;
baina andrea urrun dudala
gogoratzen dut tarteka
bera ikusi ezinak jarri
arren triste ta erreta
ni bizi banaiz zuregatik da
naukazu zorrez beteta;
nahiz gorrotozko aztarnak izan
nire hondartzan gordeta
mareak gora eginez gero
dena estaltzen du eta. (Bis)





-5-
Zure haizeak jolasti
kulunkatzen gaitu ezti;
nahiz sarritan jo bortizki
askotan ez dator gaizki;
nire bizitza zure mendean
egongo da segur aski:
batetik nire mareak zure
eskuetan daude noski,
bestetik zara nire bizitza
hitsarentzat argi izpi...
zu niretzat zer zaren ezin dut
oraindik esan zehazki:
aldi berean ilargi eta
aldi berean eguzki. (Bis)


-6-
Zu zara nire etxeko
familiaren legeko
maitemindu nauzu seko
dudak batekoz besteko:
gelditu ala lurreratzea
bi ideiak bekoz beko;
nahiz eta nire familiari
izan hainbat errespeto
gogo handirik ere ez daukat
zure babesa uzteko
hau gertatzen zait kaira hurbiltzen
hasten naizen bakoitzeko:
nire etxetik ateratzea
nire etxera joateko. (Bis)

Beñat Gaztelumendi Arandia

E kategoria

14 - 16 urte